Poeta ttikia
Borda, Itxaro
1
Uste duka poeta ahoan dukan hitza
Lurretik kanpo sortu lore lehorra dela?
Uste duka poeta gizon hauen bizitza
Dugula zauri gabe doan ibai epela?
2
Hitzari kendu eta minak dakarren hatsa
Aipa ezak haizea, aipa ezak egurra:
Beldur ote haiz bihar bi begien arratsa
Joan ondoan dela zikinduko elurra?
3
Edozein hitzen sena bete zak maitasunez
Hastiro gaituk beraz ez hadila hain kexa
Jantzi ezak arrosez, nahiz eta asunez.
4
Ordea baldin baduk bihotzean parada
Olerkari otoi ez gaitzakala mexprexa:
Gu ere bizi gaituk, ez ongi behar bada!