inprimatu
Nere herriari
Izenburua:
Nere herriari
Sinadura:
Borda, Itxaro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
871.zk.
Orrialdea:
38-39

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Nere herriari

 

Borda, Itxaro

 

 Idatzi ditut bertso milaka jadanik

 askotan Euskadi-ri kartsuki emanik;

 kasik ahantzi nuen euskaldun izanik

 sort-herri maitearen izena bera nik

 ordea hartarik dut bizia ikanik...

 

 Euskadi sortu dute beren gogoetan

 ametsetan lehena baita geroetan...

 Baina nere herria lur delakoetan,

 herritar egi haien bihotz beroetan,

 ederki dagu zutik oihan, zokoetan...

 

 Zure arpegi hura baitzeraut agertu

 herritik urruntzea, behar dut eskertu...

 Gure aitonek zuten oihana-baztertu

 gerokoentzat ziren lanean izertu;

 nolaz lehen ontsa ez zintudan ulertu

 

 Agur Oragartarrak, hirien hotzetik,

 derautzuet agur-bat Paueke hotzetik;

 Ez dut erranen arras mundu arrotzetik

 entzuna dutalakotz omenen motzetik

 asko garela hemen herri bihotzetik...

 

 Zenbatek utzi dute beren lur maitea,

 errez ote zitaken urrun joaitea?

 Uste zuten urrea han atzemaitea

 eta aberats handi sosez izaitea;

 aski da herri mina gaur hautemaitea!

 

 Ikus etxe hustuak harriak lurrean

 mamu hotzak iduri, beltzak elurrean...

 Ikus gerlako hilak martir egurrean,

 gizon emaztek dute mina hezurrean

 galtzen dela herria gure gezurrean...

 

 Jadanik igandeak dirade tristetzen

 meatik landa nehor ez dugu eletzen

 ostatuak halere gizonek betetzen,

 mutikoek plazetan pilota baztertzen

 zimentan jin belarra dutela lehertzen...

 

 Gure mintzaira ere ari dugu galtzen,

 frantsesa ez jakinez garade apaltzen;

 gu baino eskolatu haiek asaldatzen

 nola telebistak gu gaituen aldatzen

 diote guk Euskara dukegula saltzen...

 

 Oi zu nere herria ez da debaldetan

 bertsoa triste joan sasien aldetan...

 Esperantza heldu da lore hegaletan,

 nahi dut nik bizia haritz itzaletan

 eta irri beroa herriko plazetan...

 

 Tristea izan banaiz herria barkatu

 nere eresi-mina zadazu onhartu...

 Zure bihotzetikan hitza nuen hartu

 eta maitasun zintzoz pizuki kargatu:

 Oragarrek oraino bizirik behar du...

 


inprimatu