inprimatu
Haizearekin
Izenburua:
Haizearekin
Sinadura:
Borda, Itxaro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1978
Argitalpenaren urtea:
Alea:
799.zk.
Orrialdea:
40

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Haizearekin

 

Borda, Itxaro

 

 Nahiz etorkizuna daukagun okerra

 Mundu zabala dugu ederrez-ederra

 Utzia dut hortako Euskadi bazterra

 Nadin Amerika haietarat lerra...

 

 Ameriketarat nik noizbait joatea

 Ez nuen arresten ez hurbil izatea

 Jean Urruty-k zerautan ireki atea

 Urepelen eskainiz lehengo katea!

 

 N.Y. zuri agurka nator oraindanik

 Dakust altzairu eta zimendu jadanik

 Zu hiri ospetsua denboran izanik

 Gizonak uzten zaitu heriotz emanik.

 

 Kantauri itsasotik lurraldean zehar

 Sorbaldan gitartxo bat ninoake bakar

 Dylan-ez aserikan soinu batek nakar

 Koloradoraino dut hor segitu behar...

 

 Ibaia Mississipi hau haundia da ikusi

 Haren uhain urdinek gaituzte ilusi;

 Beltzen kantu samina oihua iduri

 Menphis-en beropean eder zaiku guri!

 

 Delta Queen etsiturik badoa negarka

 Aspaldiko untzia tristerik bakarka

 Zubi gainean maite direnak besarka

 Ari delarik gogor urean indarka...

 

 Harlenm-en udak bero errazu Angela!

 Zuriek derasate "negro" zaretela

 Kotoin landetan zutik nagusi ergela

 Beldurrez dago isil ezinez bestela!

 

 Non zabiltz Wudi Guthrie jendean galdua

 Denborarekin botza zaizu apaldua;

 "This land is my land" hitza duzu zabaldua

 Alta indina da preso zapaldua...

 

 Eremuak haundiak dira diotenaz

 Ez litazke hain azkar izanen bestenaz

 Errezebitu behar nauena gaur denaz

 Atsegin hartuko dut dadukan omenaz!

 

 Itsaso haraindian joanik orduan

 Gorputza koloradon, Euskadi goguan

 Horrela hiru astez denbora bazuan

 Euskaldun andana bat nere inguruan...

 


inprimatu