inprimatu
Gairik gabeko bertsoak
Izenburua:
Gairik gabeko bertsoak
Sinadura:
Borda, Itxaro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1978
Argitalpenaren urtea:
Alea:
788.zk.
Orrialdea:
40

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Gairik gabeko bertsoak

 

Borda, Itxaro

 

 Nahi nituzke bertsoak egun

 gai eder batetaz egin;

 Poetek deitu barne tirriak

 ni baitatik du aldegin

 Neregogoan ez baitzaukan hor

 merezi zuen atsegin

 Goiz ahulean dut neroneri

 norat den joan galdegin...

 

 Bertsolaritzan badira segur

 gai osoki desberdinak

 Gaztentzat eta bai zaharrentzat

 muga eginik adinak

 Batzu goxoak besteak gogor

 edo oraino gordinak

 Beltzak xuriak gorri berdeak

 zeru kolore urdinak!

 

 Hemen dudatzen dut eta nago

 Ez jakin zertan kantatu

 Indar gabean nola dezaket

 bertsoko gaia hautatu?

 Beraz ezerez nahi dizuet

 bozerditan solastatu

 Jadanik hutsa hitzetan baitut

 zuen aurrean plantatu...

 

 Bizia dugu luzea eta

 ardura ere karatsa

 Ezdeustasunaz ezin bestean

 galdu beharko dut hatsa

 Nere baitako mundu ttikian

 oraindanikan arratsa

 Dago maizterra baitu manatzen

 bizitzerako urhatsa!

 

 Hitzak daduka, gure gogoan

 zinez gaitzeko indarra

 Bake sortzeko bihotzetan da

 sendagailutan bakarra

 Nere aldetik burutik minez

 dutalarikan sukarra

 Badut azkarki hitz lerrokatzen

 artzeko barne beharra!

 

 Euri hotzaren azpian gabiltz

 hezurreraino bustirik

 Aterbe baten xerkatzeko ez

 ukanagatik astirik

 Beti lasterka beti iheska

 jauntzi faltsotan bestirik

 Presorik dauden eskuak gordez

 guretzat ez da eztirik!

 

 Bizi naizeno herriko lurrak

 gor ditut begiratuko

 Euskal semea libre ikusiz

 orduan naiz isilduko

 Eta geroan paper xuria

 zikintzetik geldituko

 Nik idatziak su egiteko

 didaztatela bilduko...

 

 Ez nuen uste gairik gabeko

 bertsoak in zitazkenik

 Hutsez beteak hautsez beteak

 egun molda nitzazkenik

 Ezagutuko ahal dut noizbait

 triste ez den larrazkenik

 Eten gabeko bertso alde hau

 bukatuko dut azkenik...

 


inprimatu