bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


peru magdalena

 

Suzie Q


“Oh Suzie Q

I like the way you walk
I like the way you talk

Oh say that you´ll be true
and never leave me blue
Suzie Q
..."

Ai suzie q
nire izarek zure izena oihukatzen dute
nire burukoak ea non zauden galdetzen dit
lurreko alfonbrak zure erropak gura dituela dio
    zure ume antzeko koloredun kuleroak
    zure marradun kaltzetinak

sukaldeko aulkiak beragan gura zaitu
osorik
hanka ta guzti bere gainean
txori baten moduan
kafea ixilean hartzen

dutxak bakarrik ez nauela gura dio
aspertu egiten dela
eta zugatik galdetzen dit
ea non dagoen ur azpian sua ateratzen zekien neska hura

koadroek pasakeran haserre begiratzen didate
zu joan izanaren erruduna ni neu banintz bezela

eta berriro sartzen naiz ohean
babes eske
baina mantak zure usaina botatzen dit
baina izarak dardaraka hasten dira
baina eta burukoak ez dit lorik egiten uzten

etor zaitez bueltan suzie
etor zaitez
bestela etxetik bota behar naute
etor zaitez suzie




o suzie
etorri eta birrindu nazazu
erabili nazazu txakurrak trapuzko panpina bezala
jaurti nazazu ohe zorrotzaren kontra
astindu nazazu barren guztia desegitera arte
oheratu zaitez beste gizon batzuekin
pasiatu zaitez nire paretik zure pausu sendo eta ilun horrekin
mugitu ezazu zure atzea kulunka horretan urtu nadin
suizida nazazu zure telefonoaren kontra
ez egidazu sekula eman eskatzen dizudanik
ez egidazu bakerik eman suzie
birrindu nazazu
desmontatu nazazu mila zatitan    
    eta jaurti itzazu zatiok urrutiko zulo beltzenetara

egin ezazu guzti hau eta gura duzuna nirekin suzie
gura duzuna
baina mesedez
ez zaitez joan
eta ni hemen bakarrik utzi
maitasun ordenatu eta formalen artean bakarrik
ez joan suzie…

peru magdalena

 

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04