bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


uxue alberdi


. ..eta zuzentzaileak maitemina gorriz azpimarra lezake

Gaur zu bezalako laino bat pasa da nire balkoitik ikusten den zeru zatitik.
Ez zen laino beltzarana,
ez zuen matrailetan itzal gorririk
eta begietan,
begietan ez zuen nire azalaren usainik,
irribarre marroi opakorik,
nire berdeen gardena dardar jarriko zuenik.

Baina emeki egin dit laztan
eta putz
garondoan eta ezker bekaineko zilar eta guzti
abandonatu gabe joan da
logura aurpegiarekin haizea lagun.

Eta pentsatu dut,
ez,
ziur dakit
laino zuriak ere ez lukeela bere buruaz beste egingo
adio-gutunik idatzi aurretik.

Ez luke egingo...
Nire balkoiko zeru zatitik ihesi joan eta gero
sukalderaino hurbildu bainaiz
bere atzetik beste zeru zati baten bila
eta goizeko dutxak utzitako xaboi usaiaren azpian
zure usaia bilatu baitut.

Eta izua ematen didazu.

Eta gorroto zaittut.

Eta zuzentzaileak maitemina gorriz azpimarra lezake.


Esan didate

Esan didate burtsak pixka bat gora egin duela.
Esan didate auto istripuz hiru gazte hil direla bart.
Esan didate itsasgora gauerdian tokatzen dela
eta ilargia ez dela gaur ere osoa izango.
Esan didate langabezia ez dela iaz bestekoa.
Esan didate Aste Santuko prozesioko Ama Birjinari begi bat falta zitzaiola.
Esan didate gaur ere euria egingo duela
eta itsasoan, itsaskirria.
Esan didate torturarekin kanpaina egiten dela.
Esan didate hegazkina atzerapenez hegaldatuko dela.
Esan didate honek hura esan duela
eta hark, hark ez duela belarririk ezer esateko.
Esan didate beste mila haur gosez hil direla.
Esan didate salmonelarekin gizon bat larri dagoela.
Esan didate mundu erdia estresatuta bizi dela
eta beste erdiak ez duela erlojurik heriotzarako falta zaizkion segunduak neurtzeko.
Esan didate agure bat penaz hil dela.
Esan didate homosexual bati bizitza ez zaiola gaur hain zaila egin.
Esan didate eskale batek hotza pasa duela gauean
eta berogailua piztuta uztearren bikote bat kixkali dela bi farola urdin dituen kale batean.
Esan didate aste honetan munduak nazka ematen duela.

Eta esaten dizut. Hemen nago parke huts bateko putzuan zure irrifarrari forma eman nahian.


Marraz nazazu

Marraz nazazu.
Idatziko zaitut.
Marraz iezadazu irrifar bat kopetan
eta bizarretik zintzilik jarriko dizut
letra bat
zigarroaren keaz eztul egin dezan
eror dadin
isil zaitezen
eta marraz nazazun.

 

Olatua

Olatuak ere
etorri eta joan egiten dira
baina
horregatik ez diote eder izateari uzten.
Zu bazoaz
baina
etorriko zara
beste aurpegi batekin
beste usai batekin
eta bustiko nauzu
badoan olatu horrek busti nauen moduan
badatorren olatu horrek bustiko nauen moduan.


uxue alberdi

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04