bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


anjel erro

Neska mutilatua

Granada galdu batek mutilatu
neska hura ezagutzen al duzu?
Auzoko haurrek kasu ez diote
egiten. Hain dira krudelak haurrak.
Harekin joatea saihesten dute
eta amen altzoetara doaz
lasterka, amak esplika diezaien
neska mutilatuak ez direla
existitzen, ez mutil neskatuak,
lasai egon. Haurrak hain dira krudel,
non heltzera kondenaturik dauden.

Neska mutilatuaren ondoan
igaroko, ezikusi bezala,
bera odolusten deino, negarrez
falta zaion haragi puskagatik.



Loa

Bete-betean asmaturiko tiroa,
koagulazio erregelak
eta jaiotzetik daukadan
heriotzarako joera gorrotagarria
direla medio, loak hartuko nauenean,
begiak herts iezazkidak.




Poetak bere maitea gurutzefikatu du

Van Morrisonek Spanish Rose kanta du
eta denborak egin du atzera,
elkarrekin izan arren koitadu
elkar maitatu genuen unera.
Musuka hasten nitzaizun estigma
odoltsuetan. Nahi zintudan saindu
-ezinkizun ororen paradigma-
baina sagrarioan ezin zaindu,
ezin zure Pasioa itzuri
(Lukas hogeitairu eta abar),
erailez geroztik nola axuri
harpe beltzera zintzatela sar.
Hiru egun zirenean igaro,
berpiztu.Galdu zintudan zeharo.



Inspirazioa

Narras ere bada nire ordenagailu
oharrez eta desordenez estalitik
musika hain dotorea entzutea,
koktelerakoa, pitin bat dekadentea,
pitin bat artikoa, ni parean nagoela
galtzontzilotan. Ezin inor engainatu.

Inspirazioa ez da nik irudikatzen nuen,
hark chat guneetan esaten zuen modukoa.
Eta heldu da eta ez dakit gogorik dudan.
Nahiago nuen haren esperoan egon,
aipatutako musika lagun: Dominique A,
Jérôme Minière, Benjamin Biolay,
Yann Tiersen, guztiak frantsesak, ederrak.
Inspirazioa irudikatzen nuen bezalakoa.

Nire dezepzioa nabaritu du, nolabait,
ulertarazten dit, nirekikoa ere badena.
Eta honetaz ari gara mintzo, ez baikenuke behar.
Ez dakit nola moldatzen naizen,
baina beti amaitzen dut honetaz mintzo,
eta ez larre berdeetan larre berdeez,
ez maindire artean kaleko mimoez.
Gaur ere ez naiz betegintzarrera iritsiko





Anjel Erro

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '03