bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


edu zelaieta

 

Aduana zaharra

Bidasoako paraje zoragarrian
Lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian
Orain aduana zaharra bakarrik gelditu da:
Hutsik barrenetik
Pintadaz beteta kanpotik.

Zenbat lagunek ez zuten hil aitzineko paradisua ikusiko
Ehun metro eskasetara?
Zenbat jira-bira mugaren marra gaindiezina deuseztatzeko?

Karabineroen baimen erosiak, joan-etorri klandestinoak
Muga inguruko poemetan barrena.

Gaur egunean ere ba omen da muga
Arratseko ordurik ilunenetan gurutzatzen duenik
Bai eta Gerra ondoko denbora latz haietan
Estraperlo gorrian harrapatuta gelditu denik ere.

Bidasoako turismo gida zoragarrian
Lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian
Orain aduana zaharra bakarrik gelditu da:
Hutsik barrenetik
Pintadaz beteta kanpotik.




Mustilako erreka

Mila erreka daude, mila erreka emaritsu
Infernura eramaten dutenak.
Mila erreka, mila istorio.

Muga inguruan, bereziki.

Maizter bizi gara Maizterrak garelako,
Iņarburu izeneko baserri abandonatuan.

Gorriak ikusitakoak gara gu, gorriak
Mustilako errekan beheiti.
Ez dira batere samurrak bertako istorioak
Ez eta erreka urik gabe gelditu zenekoa ere.

Errekak, ura izan edo ez izan,
Errekak izaten baitira beti.
Muga inguruan, bereziki.

Orain, berriz, inor ez da Mustilaz oroitzen
Ez eta bere seme-alabez ere.
Hauek ez baitira muga inguruan jaio
Urrutiko hiri arrotz batean baizik.
Bertze mintzo bat dute, bertze izate bat,
Mustilatarrak izanda ere.

Aisa ahantzi dituzte inork kontatu ez dizkien istorioak.
Arrunt aisa.



Norberaren apartekotasunaz

Ez dago zu bezalakorik
Zioen kantariak
Sukaldeko irrati zaharretik.

Ez dago zu bezalakorik.

Egia da.
Ez dago zu bezalakorik, Zuriņe.
Ez zu bezalakorik, Ion.
Hi bezalako inor ere ez diat ezagutzen, Cesar.

Ez dago zu bezalakorik.

Ni bezalakorik ere ez dago.
Ez gu, ez hura, ez zuek ez eta haiek bezalakorik ere.
Zientzialariak ere karriketara atera dira
Mezu nagusi bat ahotan dutelarik:
Berdin-berdinak diren bi zelulak ez dira mundu osoan.

Izan ere, sukaldeko irrati zaharretik iragazten zen
Kantuak halaxe zioen :
Ez dago zu bezalakorik,
Erran zion xinaurri batek bertze bati.




Koldarrak eta ausartak

Bizian hilik gaudelarik
Ihes egiteko gogo bizia antzematen ohi dugu
Gure baitan.

Errealitatearen mugarri luzeetatik ihes egitera
Ausartenak bakarrik arriskatzen dira.
Barrenean gelditzen direnek daukaten
Pixarra jokoan paratu nahi ez dutelako.

Aitzakia andana baten gatibu.

Eta ihesari ematen diotenak, berriz,
Ez dira ohartzen
Ihesi ibiltzea preso izateko
Bertze era bat baizik ez dela.


Edu Zelaieta

 

 

 

 

bihotz bakartien kluba '04