Tutulu
Asto asko daude Ekidazun (non ez?). Bat, ostera, Tutulu, danetarik astoena.
Egia esan, berari Tutulu esaten diote baina, berari buruz Kirten, Kaiku, Tenteltzar eta holakoak. Hain zuzen ere, eskolara urte askotan ibilia izan arren, kirten kaiku tenteltzar bat da, eta kirtendu, kaikutu ta tenteldu egiten da edozer gauzagaitik. Eztabaidaren bat sortzen denean batez ere.
Bai.
Ez.
Baietz, ba, Tutulu!
Ezetz, ba!
Neu egon naiz antxe bertan baina!
Berdin da.
Egia dela, ba, Tutulu! Horrelaxe da.
Ez da.
Zergaitik ez da, ba?
Zeragaitik: horrexegaitik.
Arrazoi galanta! Jakina: ibili ere astakirtenekin nabil ni eztabaidaka ta...
Zu, kontuz, gero! Kontuz zer esaten duzun.
Astakirtenekin nabilela.
Astakirtenekin zeu ibiliko zara, zeu. Entzun duzu?
Naiz eta irakurtzen duenetik erdirik ulertu ez, badaki irakurtzen Tutuluk. Eta irakurtzen jakin bakarrik ezeze, jakintuntzat du bere burua. Jakina.
Besteari astakirten esan nahiaren esan nahiaz, bere buruari esan. Orra or, Tutuluren zuhurtasuna.
Betaurreko berriak erosi, ta behingo baten irakurri omen ditu alegi-liburuok. Eta irakurtzen irakurtzen zebilelarik, hauxe esan omen zuen arrantzaka: «Ba! Pitxikeriak, umekeriak...». Gero, kilikolo zegoen mahai baten anka bat berdindu zuen liburu bat eta erdiaz, ta gainerakoak esarlekutzat erabiltzen ditu.
© Mikel Zarate