Sariketa Nagosia

 

—Ez oa i, Biskuter, arineketara ala?

        —Ez. Zahar egin nauk ni horretarako.

        —Arineketari asko bildu omen dituk aurten.

        —Bai, hala diote.

        —Arineketa ikustera ere ez ahal oa?

        —Ez, telebisatu egiten bai dute.

        Arineketari asko ere asko batu dira batu ere aurten Laisterbiden. Inoizkorik gehien, Sariketa Nagosia irabazteko asmoz.

        Meta ondoko motor otsak eta keak ez du azkenik.

        An daude, arineketa asteko prest, Ferrari, Porsche, Ford, Alfa Romeo, Fiat, Seat, Mercedes, Jaguar, Renault, Rolls Royce, Doge, Austin, Citroen, Peugeot, Simca..., eta abar eta abar, beren laguntzaileekin.

        An daude Tanke eta Traktor ere besterik ezean «accesit» bat irabazteko ustetan.

        Epaimahaiko batek tiro bat bota du.

        Asi da arineketa. Eta or doaz arineketari guztiak zein baino zein arinago ta zaratatsuago.

        Espikerra ere, Papagai famatua, zarataka ari da.

        —Ikusi, ikusi. 1 doa lehenengo... Ez, ez; barkatu. 2 doa orain. Hau arineketa! Ikusgarria benetan! 36 eta 37 atzean gelditu dira... 11, 11 doa orain lehenengo. 12, 13 eta 14 haren ondoren. 15 urrengo. Entzun, entzun! Atera egin da bidetik 0. Atera egin da, ta iru-lau aideko buelta eman ditu... Baina, hau miragarria, aurrera doa..., sartu egin da berriz ere bidean, eta 1 eta 2ren atzetik doa orain. 126 agertu da berehalaxe. Hau arineketaren arineketa! Nork irabaziko du? Nork jakin! Onenak irabazi dezala..., AIZETArekin. AIZETA! AIZETA! AIZETA! Hau aizearen ederra Iriburuko kale artean artzeko! AIZETA! AIZETA! AIZETA! Salgai edozein dendatan... Eman dute buelta bat arineketalariok. Bigarrena ere laister emango dute...

        Kainoi joan da epaimaikoen ondora, eta elkarrizketan ari da haiekin. Zer nahi ote du?

        Tankeri ta Traktorri buelta baino gehiago kendu dizkiete arineketari batzuk. Iru ere bai laister.

        Galderaren bat egin die, antza, Kainok epaimahaikoei, baiezka ta ezezka ari zaizkio hauek eta. Baiezka ta ezezka, baina azkenean danak baiezka.

        Amar buelta asko dira baina, bizkor ibiliez gero behingoan egiten dira.

        —Or datoz berriz ere arineketalariak... Azkenengo buelta da oraingoa lehenengo doazenentzat. Azkenengo buelta... —dio orroeka espikerrak.

        —Nor dator lehenengo? —galdetzen du batek.

        —Ferrari dela uste dut —ferrarizale amurratu batek.

        —Badatoz, badatoz metarantz... 1, 2, 3, 4, 1, 2, 3, 4; 5, 6, 7, 5, 6, 7..., zeinek, zeinek irabazi...? —dio espikerrak.

        Tanke eta Traktor datoz metarantz (iru buelta gutxiago eginik, jakina), eta txaloka artzen dituzte ikusleek. 1, 2 ta 3 datoz haien atzetik. Igaro dute meta Tankek eta Traktorrek. Sartu dira metara 1, 2 eta 3. Bozina ots ikaragarria entzuten da.

        Kainoi eta epaimahaikoak elkarrizketan daude. 4, 5, 6, 7 eta 8 ere sartu dira metara. Baita 9, 10 eta 11 ere.

        Halakoren baten, mikrofonoa artzen du epaimahaikoen buru denak. Eta dei egiten du Sariketa Nagosia nork irabazi duen esateko.

        —Isilik, mesedez! Entzun! Lehenengo saria: Tankeri. Eta «accesit»-a: Traktorri. Zorionak!!!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia