Serbitzarien serbitzari

 

                     Erdoi beltzezko burdin-arantza

                larra inguruko elorri;

                zeru urdinez bero orizka,

                larran lur lakarra gorri.

 

                     Belar berdeak, belar guriak

                erre egin dira, erre;

                ardi otzanak Matxinen larran

                aserre daude, aserre.

 

                     Txutxu ta mutxu, ixi ta mixi,

                aserrearen beldurra;

                gizen ta mizen, lasai ta masai,

                aurrean duten txakurra.

 

                     Zuri ta gorri, gorri ta zuri,

                estukuraren kolore;

                beldur itoa leher indartsu,

                berehalaxe adore.

 

—Txakur jauna! Sumindurik eta samindurik gaude atsekabearen atsekabez, eta guztiz nekaturik. Itota gaude esparru hontan eta gorriak ikusten ditugu lur gorri honen agortasunean. Ez ahal dago beste landarik, beste belarlekurik, beste barrutirik lasaitasun aundiagoz bizi izateko? Esparru ito hontan bizi izango ahal gara beti?

        Zure eta gure ugazabarengana joatea nahi dugu, argi ta garbi egia esatera. Gure bildotsak, gure artile, gure esne, gure aragi..., ematen diogu; gure bizia ematen diogu... Ta zer ematen digu berak? Gure esparrutik kanpo agiri diran larra ederrak...? Bai zera! Larra gorriak bakarrik.

        Zutaz ere zerbait esan beharra dugu. Zuk ez diogu ezer ematen ugazabari eta berak, ostera, guleriak guztiak egiten dizkizu zuri: berarekin ibili, berarekin jatekorik gozoenak jan, berarekin ongi ta lasai bizi; bizi, bizi... Eta gu esparruan, esi barruan, esparruan goseak ilik, esparruan bizi ezinik, bizia emanez, esparruan egon behar. Eta aserre gaude...

 

                     Goiko goian, berezko lege,

                behekoen onerako;

                muna gainean dago txakurra

                ardien serbitzurako.

 

                     Ardi larrien arrenkurak

                arretaz ditu hark entzun;

                beekariak zaunka isildu,

                ta aita bihotzez erantzun.

 

        —Bai, egia da. Arrazoia duzue. Badakigu, ongi jakin ere, nire ugazabak eta nik. Eta ahalbait arinen atera nahi zaituztegu egoera estu ta larri hortatik. Bai, horretan gaude aspaldion. Baina zuok uste duzuen aina erreza denik ez uste. Arduretan gaude eta laister egingo dugu zerbait zuen alde. Pazientzia apur bat bien bitartean, pazientzia apur bat... Eta zentzunez jokatu. Galduak zarete, bestelan, galduak.

        Etsai asko daude zuen inguruan zuek ondatu nahirik, etsai gaizto asko. Ez ahal zarete konturatzen? Zenbat otso, zenbat azeri, zenbat... arerio zuen ingurumarian! Baina hemen gaude gu, lapurrengandik zuek zaintzeko, etsai guztiengandik zuek jagoteko. Zer egin dezakezue zuek bakarrik? Zer gure laguntzarik gabe? Ezer ere ez, gaixook! Gu, zuon serbitzariok, zuen ondoan egon ezik, zuen artile, esne ta bildotsak ezezik, zeuok ere gaizki, oso txarto ibiliko zinatekete, nora joan ezean, zer egin ezean, zer jan ezean...

        Zaudete isilik eta geldi, ba. Eta pazientzia pizka bat. Laister etorriko da ugazaba, laister, eta...

 

                     Gogorkeriak gogorkeria

                berehalaxe dakar;

                ardiak larran esi barruan

                isil, geldi, larri, bakar...

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia