Ileta
Erreka egaletako altz, sarats, lizar eta sasi kirikolaztuak zoroen sinuak egiten ari dira aize ozkirriaren besoetan. Sinu izugarriak!
Ihauterietako mozorroz jantzi ditu ur gaixoak, goitikoz eta behetikoz, azkenengo euritearen ondorengo goraldi bulartsuan.
Kosmetiku berri koloretsuz apaindurik dute zuhaitzak beren berezko edertasun ederra, liraintasun klorofilatsua, gaurko neskatila lerden pailasotuen antzera.
Zeintasun, zertasun eta nortasunik gabe, parregarriak eta negargarriak erreka egaletako zuhaitzok! Udaberriko jantzi dotore loretsuen ordez, pintura ta ikatzez egindako jantziak dituzte, buztin zatarrezko jantziak. Eta edergailu asko (uraren ume galduak) belarri, papar, eta eskuetan, sorki zaharrez, plastikozko botilaz, paperez eta gomaz egindako pitxi nabarmenak.
Ikusgarria benetan erreka egaletako altz, sarats, lizar eta sasien kalejira itun eta geldi hau, ur gaixoaren ondoan!
Kiratsa ta barautsa dariola dago ura. Eta txipli-txaplakadaka dabil ihes egin nahirik.
Il aurreko lozorroan egon da. Baina arrainkari ameslari batzuk iratzartu dute. Eta jauzika ta jausika, nonbaitera joan gura du. Muna gainetara igo nahi du... Baina ezin. Ezin, iltzear baitago.
Usteldurik du bere aragia. Ez du odolik bere zainetan. Ezta indarrik ere bere eskuetan... Bihotzekoa du, garnuena du, bularretik dago, asmena ere... Zer ez?
Muna gainetara igoteko eginahalak egin arren, erori egiten da, behin eta berriz, munak atsez eta bitsez txipristindurik utzi ondoren. Arnasoska ta zotinka ari da, atso zahar baten antzera.
Burutik egiten du baina, argialdia du orain. Eta lehena datorkio gogora, lehena, zaharrei etortzen zaien bezala.
Gaztea zen orduan, gazte urduri ameslaria, etorkizunaren itxaropen gozoa. Eta gaztetasuna ta edertasuna gainezko zituelarik, kanta kantari kantore, aurrera zihoan beti bere bidean, aurrera karabilkatsu, sugelandare bat legez, zoro-zoro.
Behin baino sarriagotan etortzen zitzaizkion olerkariak bere ondora, ta maitemindurik, maitezoraturik, laztanka ta itz-gozoka agurtzen zuten.
Itxaropenezko emai ibilgarriz,
errekaz erreka ta kanta kantari,
bihotza leher, taupaka, eskeintza betean...
O, ene aitzarteko iturburu apal,
naendiaren ugatz, iturriño iturri,
borborka, sorburu gardenez sortua,
egon ezinezko oinaze, minduraz...!
Ai! Nora oa hain artega ihesi?
Bat-bateko itz jario loretsu hura entzun ondoren, berak ere olerkiz erantzuten zien. Nola ez, ba, olerkarien iturria ta etorria bai zen aldi zoriontsu hartan?
Itsasorako bideratze behartuan,
ibai ondoko lur bazterrak ezetuz
eta, loreekin ederzale, berrimin,
aurrerantz noa amets auznarrean,
ilargi, laino ta goiko izarrekin,
bideetako egunkera ezberdinez,
aurrera noa, bai, bizitzarekin kutunka,
betikotasuna darion oihartzunez.
Aurrerantz noa, bai, geraka, berez,
dana gibel, dana goi, atzean utziz:
neure lur, neure izar eta landara,
unero neure bizitza iheskorra
ikutu arin, goraldi minkorretan
sustarrik sustar, ur tantoka barnetuz,
beti urduri, beti, bai, berrizale,
beti aurrera amets itxaropenez,
bihotzaren edergai, zatirik onenak,
bidezko lore eta zuhaitz artean
betiko erein ta betiko erantziz.
Gaztea zen orduan, eta gazte ikusten zuen dana bere begi garbi ta argitsuz. Baina orain zikindu ta lausotu egin zaizkio begiak. Lehenagoko zidarrezko jantzi ispilutsuak ere kendu egin dizkiote ta legenar itsusiz jantzi. Sosa eta potasaz nahasi-masiturik du odola, eta kristalez, plastikoz, ojalataz eta zimaurrez ernariturik, izorraturik bere sabela. Amurraien paradisu izandako sabela, ur basati aberatsen sabela, amurraien inpernu bihurtu zaio; eta arratoien inpernu izandako sabela, arratoitzar zikin iguingarri ugarien paradisu.
Noizean behin apur bat berritu ta bizkortu ta adoretu arren goraldietan, bereak egin du. Baina zergaitik? Ez ote da konturatu inor bera ilez gero... Ez ahal dago osagilerik? Zuzentzailerik? Itzaile bihurtu ahal dira guztiak? Zergaitik? Zoroak halakoak! Ikusiko dute laister... Non dira nire amurraiak? Non dira nire jantzi gardenak? Non? Hau estua eta larria! Hau bakartadearen bakartadea! Ai ene! Egin on... Baina: Zer? Nor? Zergaitik...? Ai, berdintasun berdinean berdinagoaren berdinkerien menpean dagoenaren errukarria! Mama, mama gozoa...
Burutik egiten du berriz ere. Dizdizka ditu negar malkoak bere begi orietan. Negar malko kimikuak. Gazte drogatuen begirakuna du, tristuraz gainezka. Azken arnasetan dago, antza.
Lantegietako adarrek ito egiten dituzte uraren arnasak. Eta arrainkariek altz baten adarretik eskegita utzi duten transistora kantatzen asi da, uraren ileta mingots samingarria kantatzen, penarik gabe, apaiz batzuen antzera.
Gure ibaiak
gure errekak
ur ustelduak,
zornia daramatela
sabelean,
gure animaren
zornia
daramatela
gibelean.
Esan dezaiegun iri ederretako
ahaldun jaunei
bakoitzak bere izakeraren
ematen duela,
bakoitzak bere izakeraren
seinalea:
sua eta kea,
sosa, potasa,
sulfatoak,
sulfitoak,
bisulfitoak,
trisulfitoak
eta
beste
zerbaiten
usai
leuna.
Joango dira
joaten dira
ur hoiek
itsasora,
eta gure lotsa
nolabait
estaltzen da
izkutuaren itzalean.
Erri eroria,
erri ezereza,
erri ahuldua,
arraza eta kuraia galdu zituen
erri trixtea:
or dituk,
or doazik
hik merezi ditukan ur ilunak,
hik sortutako
lokaztegi lirdinga hoiek...
Begira itzak,
eta egin zak kontu
hire animaren ispilu direla.
Loak artu du ura. Betiko loa ote?
Lantegiek intzentsu beltzez lurrinkatzen dute. Organua jotzen du, bien bitartean, trumoiak.
Erreka egaletako altz, sarats, lizar eta sasien kalejira, iletajira bihurtu da.
© Mikel Zarate