Ekidazuko astasendia

 

Orain urte asko, batek badaki zenbat, elkartasunean bizi izan ziren animalia guztiak, elkartasun pozgarri baketsu baten.

 

                     Bat eginik guztiak

                elkarren artean,

                bizi ziren etsai gabe,

                kontentuz, bakean.

                Otsoa ta ardia

                zelai zabalean

                sarri ikusten ziren

                biak jolasean.

 

        Zoragarria izan zen Abereta eta Aberetako bizitza aldi hartan. Eta Ekidazun, Aberetako baztertxo baten, asto familia bat bizi izan zen: astaita, astama ta zazpi astakume, zein baino zein laisterkariago ta arrantzalariago.

        Akerrak, azeriak eta erbiak izan ziren haien auzoetako lagunak. Eta udaberriko eguzki argi, lore koloretsu, txori kantari ta belar guria agertzen zirenean, jaialdi ta jolasketa liluragarriak egiten zituzten elkarrekin, astategiaren ondoko zelaian, abesti alaiak biribilketan kantatuz.

 

                     Tan parran patan,

                akerra dantzan,

                astoa bibolin joten,

                azeria suari puzka,

                erbia urun eralgiten.

 

        Behin baten, kanta-kantari eta dantza-dantzari ziardualarik asto familiak, orme zoli indartsu bat entzun zen. Nor ote zen?

        Gelditu egin ziren berehalaxe astoak. Eta isil-isilik eta dardar jarri ziren.

        —Nor ote da? —galdetu zuen isil-misilka astaitak.

        —Piztiagakoren bat izango ote da? —galdetu zuen beldurrik gabe astasemerik gazteenak.

        —Zertan ote dator? —galdetu zuen astamak, beldurkilik astaita besarkatuz.

        —Amurratu egin direla Piztiagakoak esan didate lehen Untxik, Lapinek eta Kukumixak —erantzun zion semerik zaharrenak.

        —Amurratu? Bai zera!

        —Amurratu...?

        —Amurratu...

        —Amurr...

        —Goazen barrura arin. Goazen... —esan zuen astaitak.

        Eta arineketan, astategira, sartu ziren asto guztiak.

        Beste orroe ikaragarri bat entzun zen. Orroe amurratua! Orroe izugarria! Eta zabaldu, luzatu ta ugaritu egin zen behingoan oihartzunean.

        Isilik zeuden astoak eta zutik, belarriak ere zutik.

        Eguzkia ere larritu egin zen bat-batean. Eta laino arteko bere jauregira sartu, ta trumoia jarri zuen atezain.

        Ilunak inguratu zuen astategia.

        Irugarren orroe bat entzun zen. Eta laugarrena haren ondoren. Eta seigarrena; eta zazpigarrena, zortzigarrena..., eta trumoia ere orroeka asi zen. Orroearen orroe larria eta dana orroea!

        Lehoikume ta otsokume batzuk zetozen astategirantz.

        —Zer nahi ote dute? —esan zuen astasemerik arrantzalarienak.

        —Ixxx...i! —esan zuen astaitak.

        —Baina...

        —Ixxxxxx...i!

        Eupadaka ta orroeka astategiko atea apurtu, ta barrura sartu ziren lehoikume ta otsokumeak. Eta erpakada ta aginkadaz astoei agur egin ondoren, astategia berena zela esan zuten.

        —Geurea da, geurea.

        —Zuena? Noiztik ona? Zer dela ta? Zuena...? —erantzun zien izardi larritan astamak.

        —Jakina geurea dena. Zergaitik da zuena, bada? —ihardetsi zion arropuzturik irriparre maltzurrez lehoikume bigoterre batek.

        —Ba..., ba geurea delako, horrexegaitik. Ementxe berton bizi izan gara astaldiz astaldi... —esan zion astatiak urduriturik.

        —Noizkoak zarete, ba?

        —Gu ez gara inoizko.

        Alperrik izan zen. Eztabaidaka eta azkenean burruka ekitaldia eginda gero, ekidazutarrak galdu eta piztiagatarrek irabazi ta nagositu.

        Burrukaldia amaitu ondoren, itsu-itsuka jostatu zuten irabazleok astakumeekin.

 

                     Astotxoa, gure astotxoa,

                astotxoa, arrantzarik ez.

                Buruan joko zaitut,

                buruan, buruan, a!!!

                Astotxoa, gure astotxoa,

                astotxoa, arrantzarik ez.

                Buruan eta begian joko zaitut,

                buruan, begian, sudurrean,

                ahoan, okotzean,

                belarrian, lepoan,

                besoan...

 

        Indarkeriaren indarra, indar gabekoen negarra. Zer esan edo zer egin ez zekitelarik, astaita ta astama, negarrez zeuden.

        —Aurrerantzean, gure menpeko izango zarete —esan zuen lehoikume batek, olgetaldia bukatu ondoren.

        —Bai —erantzun zion astasendiak.

        —Ez —esan zuen bere artean astasendiak.

        Joan ziren lehoikume ta otsokume amurratuok. Joan ziren urteak ere. Eta, joanak joan, poztasun berri bat erne zen Ekidazuko astategian, inoren menpean egon beharra astuna izan arren.

        Piztiagakoen baimenez, jakina, berriztatu ere egin zuten astategia gorostiz, larrosa gorriz eta lirioz.

        Baina, hala ere, ezinegonezko kezka iraultzaile batek irakitzen zuen astoen bihotzetan. Eta kezka horrek eraginda, arrantzalariagotu egin ziren astakume batzuk. Eta zirriparra ta matxinadak sortu ziren Ekidazun. Eta lehoikume ta otsokumez bete zen erri osoa.

        —Kontuz, astakumetxook! Kontuz! —esan zien orduan astaitak bere astakumeei.

        —Betiko leloa! Betiko kontuzko kontua! —erantzun zion astakume azkar ausarti batek.

        —Ta zer egin, enetxook?

        —Honela bizitzekotan, obe il, eta kitu. Kitu ta kitu, asto bat il ta beste bat piztu.

        —Ez, kutuntxook. Horrelakorik ez. Astakeriarik egin gabe zaindu behar dugu gure astotasuna. Gu geu gara ta geure geuretasuna geuregan zaindu behar dugu. Naiz ta aurretik erabili, bere astotasuna zaintzen duen astoa asto izango da beti.

        —Eta beti astoak ardoa ekarten eta ura edaten?

        —Gazte zaudete ta, bai ba, odola bizi. Baina ardi txikia beti bildots. Lehoikume ta otsokume, asto ila jatean adiskide. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola.

        Astaitaren esanei ez zioten jaramon aundirik egin astasemeek. Eta halakoren baten, ostikada bat eman ta zauriturik utzi zuen astakume batek otsokume bat. Eta astakumerik gabe gelditu ziren astaita ta astama, atxilotu ta otso-kabia batera eraman bai zituzten astakumeak.

        Erpatitz bat artu zuen andik laisterrera astaitak. Aberetatik zetorren. Eta betaurrekoak atera, ta astiro-astiro irakurri zuen, astama bere ondotxoan artega ta erdi negarrez zuelarik.

 

        «Aberelkarte Abereta

        Aberetatik, katuilaren 24an

        Astar morroiari

        Ekidazuko astategira

        Astar laguna:

        Jakitun egongo zarela uste dugu nola aspaldion nahasteborraste zirriparratsu batzuk sortu diren gure artean. Hau dela ta, aurreratu egin dugu aurten urteroko Batzar Nagosia. Datorren astelehenean izango da, katuil honen 28an (ez ahaztu), goizeko seiretan, betiko tokian: Basarteko Jauregian.

        Etorri, bada, batzar interesgarri ta garrantzitsu hontara.

        Lehoi Jaunaren aginduz:

Luki Ipurdimunek.»

 

        —Ezin zarela joan esanez ankatitz bat bialdu, ta ez zaitez joan badaezpadan batzarrera —esan zion astamak astaitari.

        —Badaezpadan joan obe. Osterantzean...

        Eta esan ta egin, gogorik gabe baina, joan egin zen batzarrera astaita.

        Animalia asko bildu ziren batzarrean. Eta, beti bezala, Lehoi Jauna egon zen danen erdian, batzar-buru, eta azeriak, otsoak eta tximinoak haren ondoan, azerikeriak, otsokeriak eta tximinokeriak egiten, beti bezala.

        Orroe dardartsu bat egin zuen lehenbizi Lehoi Jaunak, eta bat-batean isildu ziren abere guztiok.

        Sarrerako itzaldia egiten asi zen berehalaxe azeri serbitzari bat.

 

        —Lehoi Jauna! Gure Jaun eta Jabe zaitugun Lehoi ospetsu ta on hori! Gure agintari ta bakegile zuzena zaren Lehoi Jauna! Jaunen Jaun agurgarri hori! Agur t'erdi!

        Otso, tximino, azeri lagun eta gainerako batzarkideok: Ongi etorri ta agur!

        Badakizue gure Lehoi Jauna aserre dena. Arrazoiz gainera! Bai horixe! Aita on batek baino maiteago gaitu guztiok, eta gure bake ta zoriona nahi du. Berau dugu gure benetatako serbitzaria, aberetarren serbitzaria, serbitzarien serbitzaria... Asko sufritu du, horrexegaitik, aspaldion. Mindurik dago beronen aurka egin diren eta beronen serbitzarien aurka egin diren astakeriekaitik. Bai; azpilana ta azpijana egiten ari dira lotsa galduko maltzur zantar batzuk, gure Lehoi beneragarria ta gu, beronen serbitzari leialok, ondatu nahirik, eta gure Lehoi bihozbeheratsuaren agintaritza ta gure serbitzaritza izengatu ta arbuiatu gurarik...

        Baina, gure Lehoi Jauna lagun ta jarraibide dugularik, laister azpiratu ta zapalduko ditugu gure etsai gaizto banaka hoiek, eta il egin behar badira, il egingo ditugu. Bakoitzak berea, eta bakoitzari berea...

 

        —Hori! Hori! Gora gure Lehoi Jauna!

        —Gora!!!

        Orroeka, murrusaka, irrintzika, kurrinkaka, urrumaka, zaunkaka, saltoka, ostikadaka, adarkadaka..., asi ziren suturik entzulerik gehienak Lehoi Jauna, azeriak, otsoak eta tximinoak goraka goratuz.

        Astaitak, ordea, ez zuen arrantzarik egin. Ostikadarik bota ere ez. Geldi ta mutu egon zen, azeriak itzaldian aipaturiko astakeriakaitik auznartzen.

        Elkarrizketa luze ta bare bat egin zuten gero batzarkide guztiek, Lehoi Jaunaren eta batabestearen birtuteak adieraziz ta etsai zitalen, arerio maltzurren jokabide okerrak gorrotatuz.

        Ea aserre ote zen galdetu zion, atsedenaldi baten, azeri batek astaitari; ea zergaitik ez zuen arrantzarik egin; ea konforme ez ote zegoen... Beldurrik gabe erantzuteko eskatzen zion azeriak, ez ziola ezertxo ere inori esango ta.

        —Lehenengo ta behin, nire astasemeen berririk ere ez dakit eta, badakizu...

        —Bai, badakit. Tamalgarria benetan! Baina, badakizu: zigortu beharrean egon diren arren, okerkeriak egiten ibili baitira, ez ditugu zigortu, ta oso ongi daude. Laister ikusiko dituzu, berriz ere, astategian.

        —Bai?

        —Bai, astar, zihur, gure Lehoi Jaunaren borondate onari eskerrak.

        —Eskerrik asko.

        —Ta zer? Nola doa batzar hau?

        —Ongi. Hala ere...

        —Zer?

        —Zerbait esango nuke baina...

        —Esan, astar. Esan beldurrik gabe. Ara: Naiz ta kontrakoak izan, mesedegarri izaten zaizkigu sarritan behekoen iritziak.

        —Bai baina...

        —Horrexek galtzen zaituzte: Isilik egoteak edo zeuen artean marmar ibiltzeak.

        Ekin eta ekin, ekina okerra baita, zer edo zer lortu zuen azeriak. Hain zuzen ere, Lehoi Jaunaren akats eta utsegite batzuk agertu zizkion astaitak azeriari isilpean. Azeriaren beraren falsokeria ta oker ibilte batzuk ere bai. Baita animalien arteko berezko ta legezko eskubide ta ankabide batzuk ere.

        Eskerrikaskoka entzun zion azeriak astaitari.

        Lehoi Jaunaren itzaldiaz bukatu zen batzarra.

 

        —Zalapartari okerren erruz aserrea barru-barrura sartu arren, samurkiro natorkizue, aberetarrok, nire larru ta ortzetako aberetar nabarrok.

        Zirriparra bihurri ta lorraren amurruagaitik berba gogorrak jaurtikitzera etorri beharrean, berba adikor ta irriparre samurrez natorkizue, gaurko batzar garrantzitsua auznarturik.

        Artu berdinok eta berdinagook, goitarrok eta behetarrok, artu eskerrik barnekoienak.

        Aurtengo zirriparrakaitik zerbait orroetu beharrean diardut. Barkatu, ez nator arrokeriaz. Gogortasun jatorra gogortasun jatorra da. Gogorkeriak, ordea, gogorkeria dakar. Ta horregaitik, nahasteborrasteen sortzaileek arrapatu beharrean gaude.

        Arrapatu, ba, doilorrok ta urrutiratu laister edo apurtu bizkor bizkar ezurrak maltzur zantarroi. Azkar, aberetarrok. Zoritxarra baztertzeko, zuhur. Eta birrindu behar badira okerrok, birrindu, errukirik gabe, ta lurperatu, sartu arren errian.

        Eskerrak, berriro. Datorren urtera arte. Agur.

 

        Begi distikorrak malkoz bete zitzaizkion astaitari. Eta astamari ere bai, bere asto maitea gogoan zuelarik.

        Gautu baino lehenago egin zuen alde astaitak batzarretik. Baina gautu ta gero ere ez zen agertu astategian.

        Astama zain zegoen.

        —Laister etorriko da astaita, laister —esaten zion noizpehinka bere sabelean zeraman astakumeari.

        Baina astaita ez zen agiri. Astategiaren kondaira kontatzen eta kantatzen asi zitzaion orduan astama astakumeari.

 

                Artoa denean arto,

                ez denean lasto,

                izan nire astakume

                izan beti asto.

 

        Goizaldean agertu zen astaita. Bide bazterrean ilda aurkitu zutela ta, ekidazuar batzuk zekarren, ilotz.

        Iturri bi bihurtu zitzaizkion bere begi ederrak astamari. Eta erdi zoraturik eta erdi-minetan, arrantzaka asi zen.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia