Berezkotasuna

 

                     Erdi minaren minez

                laino beltz ernaria,

                irriparrez ondoan

                emagin eguzkia.

                Trumoi eta aizearen

                marruma urduria

                negarrez ikusirik

                euri jaioparria!

 

                     Negar otsa dardarti

                aizearen altzoan,

                txalapartaren otsa

                euri tantak basoan.

                Errekatxo zuzenak

                usategi-lepoan,

                ta barruan uso bi

                «Marti-dantza» gozoan.

 

                     Bizkor egin du amak

                bigarren arrautzea,

                kabia zaharrean

                itxaropen betea.

                Ez katu, ez arratoi,

                osasun ta bakea,

                nork lukean betiko

                usoen aterpea!

 

Musu arin bat ematen dio usaitak usamari. Eta itz gozoz edertzen du: Kuttuntto, ederra zu, oso ederra zara! Muxu bat...! zure ahottoz muxu bat emaidazu!

        Burruka ari dira senar-emazte bi etxe baten. Betiko banandu dira beste senar-emazte bi beste etxe baten. Irugarren bi ere...

        Kurrunka ari dira uso maiteminduak. Usaitak estutu egiten du besartean usama. Eta usamak itz gozoz edertzen du usaita: Ederra zara, kuttuntto, zu bai ederra! Bikaina, noski, zu, ene maite, txit zoragarria!

        Birao jaurtika asi dira nonbaiten senar-emazte bi. Ondatu egin du itz gordinez gizon batek andra bat beste nonbaiten.

        Arrotu egin zaizkio usamari bere luma zuri garbi bigunak, pozaren pozez. Eta usaitak lorez bete du: Nire maite, nire atsegin iturri! Zu bai ederra! Bai zu txairo politta! Xarmangarriak zure itzak! Ene usoa, ene ederra!

        Aur galdu bat lurperatu du emakume batek. Maitemindurik gizonezko bi... Gizonezko bi? Baita andrazko bi ere; maitemindurik dagoz andrazko bi ere. Besarkatu egin dira gizonezko biak. Mosuka ari dira andrazko biak...

        Balet zoragarri bat egiten dabil orain usama egoak zabalik. Usaita zoraturik dago hari begira, eta kantari: Ene ederño! Atoz, negua joana bai da. Ez da gehiago euririk. Atertu du. Landan loreak agiri dira. Olerki aroa eldu da. Dagoeneko, gure alderdi hauetan uxapalaren urruma entzuten da. Pikondoan aleak ernetzen doaz, eta mahastiek loretan usai ederra zabaldu dute. Ene ederño! Atoz.

        Mutil bat eta neska bat daude irudi nabarmen batzuen azpian. Sorki zahar bat bezala darabil mutilak neska. Sinu ganorabakoak egiten ari da neska gangar bat mutil baten aurrean. Bakarrezko lizunkeriak egiten ari da, haiek ikusirik, beste mutil bat.

        Usaitak laztandu egiten du usama. Usamak laztandu egiten du usaita. Maitaleak maitatua maitekiro maitatuz, usoak maiteminduen zeruko ateetan daude. Berezko berezkotasun zuzenaren liluragarritasunean, zorabioturik: Hain dira ezti zure itzak, hain da politta zure muxua...! Txorabiotu egiten nauzu. So batez, bihotza ohostu didazu. Zure maiteketak bai zirraragile!

        Beren lanera doaz lau «urlia», minigona nabarmenez jantzirik. Biloizik dauden nesken erretratuak erakusten dizkio lagun bati amar urteko mutiko batek, Porno zinetokiaren ondoan. Amabost urteko neska bat bortxatu du ogeitamazortzi urteko mutilzahar batek. Diruz erosi du neska gazte polit bat aberats batek...

        Usoak maiteminduen zeruan daude. Ni nire maitearentzat naiz eta nire maitea niretzat. Eriotza bezain ahaltsua da maitasuna.

        Gizonezkoak eta andrazkoak iguinaren inpernuan daude.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia