Nora...?

 

Iluntzeko argi ilunetan begi biak edo bi begiak bizturik, badoa Zaldibi edo Bizaldi (horrela ere esaten baitiote). Badoa nonbaitera arineketan, itsu-mutsuka ta zibuka. Bozina otsean, estu ta larri doa.

        Goienkale, Eskuikale, Erdikale, Barrenkale, bizkor doa Zaldibi nonora, kalerik kale. Baina nora?

        Osasunmendiko aizezko karatula bat darama aurpegian arnasa artzeko; aize garbizko karatula bat aize usteldu hartatik ibiltzeko.

        Nahastesa, Kaskola, Urpingi, E.R.R.E.B.E.S.A., Itzontzio, abiadan doa Zaldibi, anuntziorik anuntzio. Baina nora?

        Euria ta kea dantzan ari dira aize ustelduaren altzoan ilunaren mozorroz jantzirik «boite» izugarri hartan. Iriburuko argi koloretsuak ere dantzan ari dira, sorginkiro.

        Gozotoki, Arnotxoko, Drogakabi, Loretegi, Euskeraitzegitenda, tximista bezala doa Zaldibi, dendarik denda. Baina nora?

        —Zaldibi! Zaldibi! —deitzen dio adiskide batek.

        —Agur!

        Ez du gelditzeko astirik, lasai egoteko gogorik, ezer gogoratzeko girorik.

        Fiat, Seat, Ford, Simca, Ferrari, presaka doa Zaldibi nonbaitera berebil errekan igari. Baina nora?

        Ara ta ona, edonora, edozelan, edonoiz..., joan doa Zaldibi. Joan eta joan. Baina nora?

        Gelditu egin da. Gelditu? Bai. Asko da!

        Mercedes jo du. Eta aserretu egin zaio, min egin bai dio. Eta burrukan asi dira Mercedes eta Zaldibi. Burdina ots ikaragarria!

        Seat Txiki datorkio laguntzera Zaldibiri. Eta azpiratu egiten dute bien artean Mercedes. Eta erdi itsuturik uzten diote hari begi bat.

        Tanke erraldoi itsusia agertu da, bere lagun Kainoirekin... Jakina, astindu-astindu egiten dituzte behingo baten Zaldibi ta Seat Txiki. Irrintzi kirrinkari samingarriak egiten ditu Seat Txiki Tankeren azpian. Il egingo dute...

        Irriparrezka dago alboan Mercedes, izardia sikatzen, zikinak garbitzen, begiko zauria sendatzen. Lasai ta pozik dagoela dirudi.

        Zaldibik ihesari eman dio, marmar purrustaka ta arnasoska.

        Kalearterik kalearte, karatularik gabe orain, an doa Zaldibi alda-maldaka, kulunkan, zalantzan, aurrera ta aurrera. Baina nora?

        Nork jakin nora doan? Berak baleki...

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia