Eskuikale, ezkerkale ta erdikale

 

Hura ere bazen izatekoa: elkarrekin egon behar beti, elkarrekin ibili behar beti, eta elkar ikusi ezin! Neu nagosi edo musturrak ausi, adiskidetasuna gorrotoz jantzi.

        —Zorri il biztua baino piztia txarragorik ez dago. Eta horixe baino besterik ez da Eskuikale, arropuztu hori! Horixe: zorri il biztua, edo zorri il bizturen baten semea, edo loba, edo iloba; berdin da. Horrexegaitik esaten du beti horrek: gure asabak, gure ugazabak, gure abizenak, gure izkuntza zaharra, gure lehenagoko lehenagotasun zoragarri gogoangarria, gure... Aspergarri egiten zait horren jarduna, atzelarien jarduna. Ibili ere, atzera begira ibiltzen da, eta kontuz, poliki-poliki, labankadarik egin ez dezan, jausi ez dadin... Pikutara joan dadila bere jauntxokeria, bere jakituria, bere arrokeria, bere usai gozoa! Hala ortik! Erdikale joan dadila horrekin, Erdikale urardotua, Erdikale beldurti zentzuduna, Erdikale ipurdimunlari jatorra, kaka, horixe. Hala ortik biok aizea artzera! —esaten zuen Ezkerkale ausartiak.

        —Azak berea du kirtena, kaleak ez du izan behar irtena. Eta Ezkerkale irtenegia da, ausartiegia. Ez du lotsarik ezertarako, zikin ganorabako horrek! Apurtu ta apurtu, aurrera ta aurrera..., ta zer? Ezer ere ez; etxe zaharra desegin ta berririk egin ez, txabolarik ere ez. Ezer ere ez; inguruak nahasteborrastetu ta baketan dagoenari baketan utzi ez. Alperkeriaren alperkeriak sortutako ezinegonaren ezinegona! Horixe baino besterik ez da hori. Nora joango zara, bada, horrelakoekin? Zoroetxeren batera edo presondegiren batera, araxe. Eta Erdikalerekin? Ezkerkale zantar horrekin ibiliko ez balitz.... tira! Baina lagun egiten dira noizpehinka ta..., ez, ez, horrekin ere ez, gixagaixo horrekin... —esaten zuen Eskuikale jakitunak.

        —Adiskidea, nola zara? Zu bezala, ni ere hala. Ertzera joan nahi dute Eskuikalek eta Ezkerkalek? Joan ditezela, bazterzaleok halakook! Ni ere geroago ta erdirago jarriko naiz, ta kitu! Zer uste dute, ba? Ba ahal dago erdiko bidea baino bide seguruagorik? Biderdian gelditzea ala erdibidetik eltzea, zein ote da obe? Erdibidetik eltzea, jakina. Etorriko dira, lehentxoago edo gerotxoago, niganatz. Horixe bai. Eta adiskidetu nahirik etorriko dira etorri ere. Zihur! Bestelan... —esaten zuen Erdikale apalak.

        Eskuikale, Ezkerkale eta Erdikaleren elkar ikusi ezina zela ta, kantu parregarriak kantatzen zizkien iru kale hoiei Kaleiriko beste amar kaleek. Lehiorik ate ta aterik lehio.

 

                     Iru, iru, iru

                eta lau amairu.

                Eskuikale,

                Ezkerkale,

                Erdikale,

                elkarrekin bizi

                eta ezin ikusi.

 

                     Eskuikale ahaldun,

                beti bakezale

                bera den arte

                jauntxo eta jabe.

 

                     Ezkerkale behartsu,

                ezinegon utsa,

                buruan bihotza

                eta aurrerakuntza.

 

                     Erdikale erdiko,

                ez jan eta ez lan,

                inoren menpean

                bien bitartean.

 

        Kantu hoiek entzuten zituztenean mindu egiten ziren iru kale aserretuok. Baina, hala ere, ez ziren adiskidetzen.

        Behin baten, udazkeneko jai egun eder baten, eguzkia artzen zeuden irurak elkarren ondoan.

        Arlanduz, marmolez, pinoteaz eta eskudoz jantzirik zegoen Eskuikale. Adriluz, lurrez, karez eta grafitoz Ezkerkale. Zementoz, plastikoz, dendaz eta anuntzioz Erdikale.

        Zahar samarra, baina aundia ta indartsua zen Eskuikale, eta jakintsua. Gazte zapazto bizkor odoltsua zer Ezkerkale, eta ameslaria. Lodikote txaparro bat Erdikale, eta praktikua.

        An zeuden, geldi ta mutu, noizean behin azpitik elkarri destainaz begiratuz. Halakoren baten, jakina, Ezkerkalek eten zuen isiltasuna.

        —Nola, Eskuikale ospetsu hori?

        —Nola..., zer? —erantzun zion Eskuikalek gogo aundirik gabe.

        —Nola zure gaixoa?

        —Nire gaixoa? Gaixorik ahal nago ni? Ez nekian gaixorik nengoenik...

        —Bai, antza. Eta zureak laister egingo duela entzun dut.

        —Entzun? Ala zeuk asmatu?

        —Egia bada, berdin da.

        —Asi zara, berriz ere...?

        —Asi ez, bukatu baino.

        —Zaude isilik.

        —Neu isilik, gainera? Horixe ez. Usai gozo ta pitxi eder eta guzti ere, gaixorik zaudela esan didate, eta...

        —Zeu, bai, zeu, gaixorik.

        —Garbitu nazazu, zikin gogaikarria naiz ta. Sendotu nazazu, guztiahaldun horrek!

        —Neu loituko nintzateke zu garbitzean...

        —Hori, hori. Berdintzerik ez duzu nahi zuk, bakezale horrek. Ez. Ongi bizi denaren bake santu zoriontsua nahi duzu zuk, bakea erlijioz, politikaz, kulturaz, izkuntzaz... Zer zaitut zu ere, bada? Neu lakoa.

        —Zu lakoa? Zertan?

        —Barkatu. Gaizki esan dut. Ez naiz zu lakoa. Zure azal fina ondo jandakoaren azala da; zure esaldiak arrian idaztekoak dira danak...

        —Isildu zaitez.

        —Baina komunean berdin samarrak izango garala uste dut.

        —Ganorabakoekin dabilena...

        —Ganorabakotu ezta? Zuk zer diozu, Erdikale?

        —Nik ezer ere ez. Ekin zeuek.

        Berriz ere mututu egin ziren. Baina ezinegonez zegoen Eskuikale. Ta ezin luzaro isilik egon. Ezin.

        —Noren lepotik bizi zara zu, Ezkerkale? Neure lepotik. Norgaitik zaude zu bizirik, ba? Neugaitik.

        —Zugaitik?

        —Bai. Ez legoke Ezkerkalerik Eskuikalerik gabe. Eta Erdikalerik ere ez.

        —Ederki! Egia da hori. Baina beste hau ere bai: Neugaitik, neugaitik zaude zu, Eskuikale, bizirik. Neugaitik zara zu zarana. Hain zuzen ere, ez legoke Eskuikalerik Ezkerkalerik gabe. Eta Erdikalerik ere ez.

        —Eskuikaletarrok zuok baino lehenagokoak gara.

        —Bai? Zergaitik? Ezkerkaletarrok bai bagarela zuok baino askoz lehenagokoak.

        —Nondik dakizu, ba?

        —Eta zeuk nondik dakizu, ba?

        —Badakidalako.

        —Neuk ere badakidalako.

        —Ez.

        —Bai.

        —Baina hainbeste eztabaida alperreko zertarako? Zuok biok norgaitik zaudete bizirik, ba? Norgaitik? Esan! Neugaitik, Erdikalegaitik —esan zien orduan Erdikalek.

        —Zugaitik? —galdetu zion arriturik eta urduri Eskuikalek.

        —Bai. Ara: Ni gabe bat izango zinateke zuok biok. Eskuikale edo Ezkerkale izango zinateke, baina bat bakarrik.

        —Ezkerkale ez —esan zuen Eskuikalek.

        —Eskuikale ez —esan zuen Ezkerkalek.

        —Barkatu. Berriz esango dut, ta ez aserretu. Begira: Ni gabe bat izango zinatekete zuok. Baina ni gabe ezin izan zuok zeuek. Ezin izan Eskuikale edo Ezkerkale, Kale baizik. Ikusi, bada, nola beharrezkoa nauzuen.

        —Bai Baina...

        —Zertarako aserreturik egon? Zergaitik elkar ikusi ezinik? Adiskidetu gaitezen eta eskuiratuz, ezkerreratuz, erdiratuz, edertu dezagun Kaleiri kalez, loraz eta abesti ederrez.

        —Gora Erdikale! —esan zuen orduan bizturik oiuka Ezkerkalek.

        —Gora! —erantzun zion Eskuikalek.

        Eta txikitan ikasiriko abesti bat kantatzen asi ziren irurak berehalaxe.

 

                     Bat eta bi ta iru,

                irurok ezberdin,

                lanean ari gara

                pozik elkarrekin.

 

        Eta Eskuikale, Ezkerkale eta Erdikale adiskidetu egin ziren. Eta pozaren pozez, biloiztu egin ziren irurak, eta «streaking» egiten asi. Baina atxilotu, ta zoroetxe batera sartu zituzten behingoan.

        Or daude orain nonbaiten, erdi zoraturik.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia