Idatz eta mintz

 

—Eiii! Erranbidek bikiak izan ditu..., bikiak izan ditu. Gaur..., gaur. Eta siamesak, soinkideak..., siamesak, soinkideak. Eeee! Erranbideren etxean bikoitzak jaio dira..., jaio dira. Txiu, txiu, txiu! Biki siamesak euki ditu Erranbideren emazteak..., emazteak. Brrra, brrra, brrra! Purrra, purrra, purrra! Bai, bikiak, gaur goizean..., gaur goizean. Biz, biz, biz! Potx, potx, potx! Bikiak eta siamesak..., siamesak. Txitxi, txitxi, txitxi! Kutx, kutx, kutx! Gaur jai egun; ospatu dezagun..., ospatu dezagun. Eiii...!

        Berri zabaltzailearen deiak eta deiadarrak, arbolarik arbola ibili ondoren, oihartzundu egin ziren trokarteko aitzetan eta deiez eta deiadarrez bete zen Ekidazu guztia. Eta izadiaren orfeoi nabarmena Erranbideren bikien jaiotza ospatzen asi zen mila abesti bateratsu kantatuz eguzkiaren zuzendaritzapean. Txori txirripititxiolarien bibolinen soinu koloretsuak zibuka zebiltzen abesti artean; igelen gitarra zahar gozakaitzak lakartu egiten zuten aizearen txistu eztitsua; txirritxirrien kirkir eguzkitsu etengabeak baretu egiten zuen erreka atsozahartuen txutxutxu zurrumurrutsua...

        Gertaera ospagarria izan zen, izan ere, Erranbideren biki soinkideen jaiotza.

        Erranbideren etxean bertan ere bazen kantu ta algararik ugari. Telebisiokoak, irratikoak eta periodistak ere an zeuden.

        —Lehenengo jaio denari Itzjario esango diogu, eta Itzeder bigarren jaio denari —esan zuen pozaren pozez Erranbidek.

        —Ez. Ez horixe —erantzun zion emazteak berehalaxe.

        —Zer, ba? —galdetu zion samurkiro ta laztankiro Erranbidek.

        —Izen itsusiak direlako. Lehenengo jaio denari Mintz ipiniko diogu, eta Idatz bigarren jaio denari.

        —Biak bat izanik, Mintzidatz deitzea ez ote litzake obe? —esan zuen orduan apalki periodista gazte batek.

        —Ez. Horrela izatekotan ere, obe Idazmintz, politagoa bai da, eta gozoagoa belarrirako. Baina ez, ez... Bat dira baina, bi ere badira, eta Mintz eta Idatz esango diogu, Mintz jaio da ta lehenengo. Edo... Idatz eta Mintz, bestelan; bata zein bestea jaio lehenengo berdin da ta. Idatz eta Mintz... Bai, politago honela. Idatz eta Mintz esango diegu. Esateko ere errezago: Idatz eta Mintz. Ez duzue uste?

        —Bai —erantzun zuten Erranbidek eta telebisiokoek eta irratikoek eta periodistek.

        Eta esan ta izan, horrela izan zen. Erranbideren biki siamesak Idatz eta Mintz izan ziren.

        Egunak joan eta etorri, urteak joan eta etorri, andi egin ziren.

        Idatz baino aundiagoa ta zabalagoa zen Mintz, eta bizkorragoa ere bai oinez ibiltzen. Zabar samarra bai baiña, oso praktikua ta konkretua zen Mintz, eta errikoia ta alaia. Idatz, ordea, neurtua ta zehatza zen, teoria zalea ta abstraktu samarra, eta Mintz baino serioagoa.

        Irudimen onekoa ta ateralditsua zen Mintz, eta behingo baten ikasten zituen etxeko, auzoko, erriko, Ekidazu osoko esakerak, ipuiak, errefrauak, kantu zaharrak eta abar. Erranbidek hura jaiotzean esan bezala, itz jario bat zen Mintz, bertsolari jator bat.

        Adimen onekoa zen, ordea, Idatz, eta jakintsu argia ta sakona, eta Mintzen berezko jakituria batu, meaztu, zuzendu ta edertu egiten zuen, eta idatzi. Olerkaria zen Idatz.

        Ezberdinak izanik, ongi konpontzen ziren biak batak besteari lagunduz. Bi izanik, bat zirudien.

        Pozik zegoen Erranbide bere biki siamesen nahi ta nahi ezko alkartasuna anaitasunezko ta gogozko elkartasun bihurtu zela ikusirik. Eta maiz gogoratzen zuen haiek jaiotzean emaginak esandakoa.

        —Aserre edo adiskide, soinkideok soinkide. Ez ahaztu, Erranbide, esaera zahar hau. Eta beste berri hau ere ez: Idatz eta Mintz, batean bi, luzaro ezin banan bizi. Obe izango dela askatasuna bientzako ta, soinkideok banatzea nahi izango duzue, beharbada, bihar-etzi; ahalbait arinen banatzea... Ez horrelakorik, Erranbide. Ez banatu sekula soinkideok, ez. Hain zuzen ere, bizi izango badira, elkarrekin bizi beharra izango dute, beti elkarturik, bat eginik bizi beharra. Ez banatu, bada, inoiz ere, Idatz eta Mintz, inoiz ere ez. Entzun? Naiz ta aundiago azi Mintz, naiz ta aserretu Idatz, ez banatu. Bien ondamendia letorke bestelan; bien ondamendia eta zeuon ondamendia ere bai. Kontuz, Erranbide! Zuhur ibili, ta gogotan artu esan dizudana. Ez egin jaramonik sasi-jakitunen esanari.

        Pozik zegoen Erranbide bere siamesekin. Eta egotekoa zen. Baina, hala ere, zirikatu egiten zuten bere adiskideek; zirikatu, Idatz eta Mintz banatzeko eskatuz, behin eta berriz.

        —Inoiz ere ez banatzeko esan zidan emaginak —erantzuten zien Erranbidek.

        —Emaginak? Zer zekian, ba, hark? Sasi-medikuen zerak; besterik ez. Begira, Erranbide: Iriburuko osagile jakintsuek esan digute. Bai, kaltegarri zaiela Idatzi ta Mintzi beti elkarrekin ibili behar hori, eta kaltegarri zaizula zeuri ere. Obeki ibiliko liratekela banan...

        —Ez dut uste.

        —Baietz, ba, Erranbide. Mintzen berezkotasun etorritsua ito ainean darabil Idatzek. Eta oso tamalgarria da hori. Beste alde batetik, Idatzen zehaztasun jakintsu ta apaina nasimasitu egiten du Mintzek.

        —Hori bai baina...

        —Banatu ta askatu egin behar dituzu. Eta hainbat laisterren egin ere, bakoitza bakoitzago izan dadin, bakoitzaren nortasuna sendoagotu dadin. Zer diozu?

        —Ez dakit, ba...

        —Ezbaian zaude?

        —Bai.

        —Egiak bide bat baino ez du, Erranbide. Ez ahal zara gure adiskide?

        —Bai, bai. Adiskide bai baina, beldur naiz.

        —Beldur? Ez zaitez kokoloa izan. Iriburun dago etxe bat soinkideak banatzeko. Beren-beregi horretarakoxe ekina. Eraman ara Idatz eta Mintz. Eraman, eta berehalaxe banatuko dizkizute an ango banatzaile entzutetsuek. Goazen, Erranbide. Ez zaitez beldurtu. Ikusiko duzu. Goazen. Bazatoz...?

        —Joan joango nintzateke baina...

        —Bai ala ez?

        —Ta gero...

        —Ea, goazen arin.

        Ekin eta ekin, ekina okerra bai da. Idatz eta Mintz Iriburuko banatzaile ospetsuengana eraman zituen Erranbidek bere adiskideen auto eder zuri baten.

        Besarka ta musuka, ezezka ta aieneka joan ziren Idatz eta Mintz. Mozkorti bi legez, bi zoro bezala, gaixo biren antzera. Ez zuten banatzerik nahi; ezergaitik ere ez.

        Erranbidek berak ere ez zuen nahi haiek banatzerik baina, adiskideen bultzakada ta aupada ta ekinak zorabiotu egin zuten.

        Iluntzea zen Idatz eta Mintz banatzaileengana eldu zirenean. Kalerik-kale ta etxerik-etxe, arineketan zetorren gau beltza. Eta berehalaxe sabeleratu zuen Iriburua, bere sabel erdimintsura sartu zuen, urrengo goizeko egunsenti argitan berriz jaio zedin.

        Indizio bana artu zuten lehenbizi Idatzek eta Mintzek, eta derriorrezko lotara joan ziren behingo baten.

        Ametseta asko egin zuen Mintzek, ametseta izugarriak: Bakarrik zegoen, Idatzik gabe, non zegoen ez zekielarik... Bakarrik? Bakarrik bai baina, banatzaile mordoa bere aurrean mozorroz jantzirik eta ikaragarrizko kutxiloekin... Nonbaitera joan nahi, andik ihes egin, alde banatzaileengandik... Baina ezin, ezin inola ere. Eta banatzaileak beragana. Eta belarriak eta sudurra moztu egin zizkioten..., bihotza eta begiak atera..., ankak txikitu..., eskuak ebaki... Zati-zati egin zuten banatzaileek azkenean. Bizirik zegoen, hala ere. Bizirik. Estu ta larri, arnasoska, azkenetan..., baina bizirik. Eta Idatz? Non ote zegoen? Norekin? Nola? Bizirik ala ilik...?

        Goizaldea zen Idatz eta Mintz itzartu zirenean, neguko goizalde iluna, otza, euritsua. Eta banaturik zeuden. Eta oso ongi, itxuraz. Telebisiokoak, irratikoak eta periodistak ere an zeuden, zain.

        —Zorionak, Erranbide, zorionak!

        —Eskerrik asko, mila esker, esker mila. Eskerrik asko, mila esker, esker mila... —erantzun zien Erranbidek banatzaileei, adiskideei, telebisiokoei, irratikoei, periodisteei..., pozaren pozez.

        Eta emagina etorri zitzaion burura, emagina eta behinola emaginak esandakoa.

        —Bai! Jakina. Emaginaren jakituria ta esanak eta auntzaren gauerdiko eztula, berdin samarrak. Jakina. Eta hainbeste urtetan euki ditut loturik Idatz eta Mintz... —esan zuen bere artean, irriparre gozatsuz.

        Idatz eta Mintzen banatzea zela ta, pozik zeuden danak. Baina urduri samar zeuden banatzaileak. Izan ere, zurbildu egin zen Idatz. Gerizpetako lore bat zirudian, margul-margul.

        —Zer? —galdetu zien Erranbidek banatzaileei.

        —Ez, ez da ezer. Lasai, zaude lasai. Erranbide —erantzun zioten haiek.

        Mintz ere ubeldu, berdoztu, morantzatu egin zen.

        —Zer? —galdetu zien berriz ere Erranbidek banatzaileei.

        —Ez, ez da ezer —erantzun zioten haiek berriz ere.

        Zerbait bazen, arnasarik gabe gelditu bai zen geroxeago Idatz. Eta Mintz ere bai.

        Ara ta ona, estu ta larri zebiltzen banatzaileak. Ara ta ona, eztitan zebiltzen telebisiokoak, irratikoak, periodistak.

        —Ez da ezer, ez da ezer, Erranbide. Ikusiko duzu —esaten zioten Erranbideri adiskideek.

        Arnasa artifizialki artzen jarri zituzten Idatz eta Mintz, eta indizioz bete, eta igortziz, eta...

        —Banatu dituzuelako izango ote da? —galdetu zion dardarka Erranbidek banatzaile bati.

        —Bai zera! Ez, ez, ez.

        Geroago ta zurbilago egin zen Idatz, eta gogortu. Geroago ta ubelago, ostera, Mintz; ubelago ta bigunago.

        Eginahalak egin zituzten banatzaileek Idatzek eta Mintzek bizirik iraun zezaten baina, alperreko ahaleginak izan ziren.

        Egun joan eta egunak etorri, urteak joan eta urteak etorri, Idatz momia bihurtu zen, eta Mintz usteldu ta desegin.

        Lurperatu egin zuten Mintz. Museora eraman Idatz, eta ango bitrina eder baten sartu.

        Izadiaren orfeoi nabarmena isildu egin zen. Eta Erranbide mututu.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia