Bestelan ondo baina..., ez?
Turroi bihurturik
arri ta galipot,
tarteko belarra
laztanki maite dot.
Berebil burpila
gainetik zarrastan,
bideko belarra
gutxik ditte laztan.
Zehar eginda dago belar gaztea bide erdian. Mindurik eta aieneka. Erdi oriturik. Negar malko beltz bat du begi baten.
Berebil ori-gorri bat datorkio bere ondora. Berebil indartsu ta osasuntsu bat, gazte eta mardo. Ahaldunen irriparre lasaia egiten du belar gaixoarengana urbiltzean.
Kaixo, belar!
Agur, Auto Jauna!
Ta...?
Ba...!
Zer, ba?
Ba..., badakizu. Gose naiz. Egarri naiz... Eta janaririk ez. Edaririk ez. Dirurik ez... Basamortuan bizi naiz. Bakarrik. Bakartade izugarrian. Seniderik gabe, adiskiderik gabe, erlerik eta pinpilinpauxarik gabe... Arriek eta galipotak estutu egiten naute eta lehortu. Jo abazuzak ere noizpehinka. Zuok autook ere zapaldu egiten nauzue zuen burpilpetan... Eta txilindroiak...? Ai, alper-arri aundi ikaragarria! Hura etorri dadinean...
Bestelan ondo baina..., ez?
Bai, Auto Jauna; bestelan oso ondo, oso ondo...
Bestelan oso ondo
belar erdi ila.
Badoa, badoa,
bizkor, berebila...
Belar ori-berde,
bideko belar on:
Bizi nahiaren
bultzakada sakon!
Alegi zaharren
alegi, zu, belar;
gure erri zaitut,
gure erri zahar.
Zuk eman didazu
indar ta adore;
zugaitik bihurtu
nire luma lore.
Lore nire luma,
bihotzean samin;
arrizko bidea
lorez bete ezin.
© Mikel Zarate