Hor daude...
Hor daude
oraindino ere
Mesopotamiako ziguratak,
Egiptoko piramideak,
Yukatango tenploak
ta Txinako arresia
egin zituzten pioiak.
Hor daude
oraindino ere
Atenasko Partenon,
Erromako Coloseo
ta Espainiako Escorial
egin zuten pioiak.
Hor daude
oraindino ere
katedralak,
jauregiak
ta zerurainoko etxe haundiak
egin zituzten pioiak.
Hor daude
oraindino ere
eguzkiak
eta lanak
zapalduriko pioi gazteak
eta zaharrak.
Hor daude
betiko izardi ta egarriaren
berdintasunean,
betiko jauntxokeria indartsuaren
joputasunean,
ni Algortan,
orain urteak,
pioi izan nintzeneko lagunak.
Hor daude... |
© Mikel Zarate