Jaun morroia

 

Kanpaien otoitza

haizearen tristuran,

kandela biren negarra

iluntasunean,

Abenduko bi euliren

likintasun iguingarria,

hasperen larriak,

heriotzaren hotza...,

hoztu

zaizkio

oro

luze

lehor

arrakalduak

eta

sudur

luzanga

zorroztua

gizon zahar

gizaxo bati,

inoren baserriko

etxejaunari.

Hil da

izadiaren jaun bat,

hil da

gizartearen morroi bat...,

eta

hileta

kantu mailukari bat

oihartzundu zait

barnean

udaberri negutuaren

hozkirrian.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia