—12—

 

—Eup! Arratsaldeon, iratxo!

        —Kaixo, Urde!

        —Nola doakik nobela hori?

        —Ba, hemen nebilek nobela edo ipui luze hau idazten.

        —Baina eragabeko asmakeriaren bat idazten ez haiz ibiliko, ez duk?

        —Ez. Baina, egia esan, mozorrodun nobela bat duk hau, lojikagabetasunaren lojikaz sortua ta idatzia.

        —Nortzuk izango dituk mahaiko hire apostu hori erabakitzeko?

        —Belarmotz ta Muturrapal, Botxoako iratxo bi, eta Kutxu ta Bilobeltz, Gezalako iratxoak. Ezagutzen dituk hik hauek.

        —Bai. Baina ulertuko ahal diate nobela nabarmen hori?

        —Mozorroak, irudiak, sinboloak irakurtzen dakienarentzat, mozorroen barruan nor edo zer dagoen ikusten ahalengintzen denarentzat, ulerterreza izango dela uste diat. Jakina, hemen ere behinolako txakolin dastatzaileena gertatu litekek.

        —Zer?

        —Ba, behin batean, baserritar batek baso bana txakolin eman ziean hiru dastatzaile famaturi. «Burdina sunda pizka bat du txakolin honek; burdina zatiren bat izango du barruan upa honek», esan zian batek, tragu bat egin ondoren. «Ez, paper sunda du; paperen bat izango du», esan zian beste batek. «Bai zera! Tinta usaina du txakolin honek», esan zian hirugarrenak. «Dastatzaile onak zarete, benetan! —esan ziean orduan baserritarrak— Izan ere, nire auto zaharraren giltzak eta periodiku bat bota ditut lehen upa barrura». Ulertu duk?

        —Bai.

        —Ba, nire nobela honegaitik ere iritzi asko emango ditiate, noski. «Bakoitza bere zoroak darabil».

        —Bai baina, txakolina bera indargabea dela edo upa bera ustelduta dagoela edo esango balute mahaikoek... Orduan zer? Postura galdu?

        —Etzekiat...

        —Dena dela, hi aurrera jo ta ke. Pozik ahal hago Ximist horrekin?

        —Oso pozik, Urruxari esker.

        —Urruxa bera ere oso pozik zegok.

        —Ta? Zer berri?

        —Hitz sinonimuen sariketa gehiago ez egitea erabaki diatela antolatzaileek, denbora eramangarri alai bat izan dena burruka tamalgarri bihurtu delako.

        —Ta zer gehiago?

        —Espaina galtzen zegok. Bat eta huts. Hasi ongi hasi dituk espainatarrak baina...

        —Don Trifonek zer ziok?

        —Batzarrean egon duk partidu ordura arte, bere serbitzari haundiki haundikienekin. Bere txaletaren aurreko lorategian lurperatu dik Jopu...

        —Baina egia ahal duk Andoni ta Jopu hilda agertu direna Gezalako hondartzan?

        —Ez hekien ala?

        —Bai, jakin bai, baina egia zenik ez.

        —Hi!

        —Zer?

        —Amaiarena entzun ahal duk?

        —Amaiarena? Zein?

        —Haren sasi-senarra Andoni izan dela ziok Don Trifonek.

        —Ba dakik: Azkenengo eztabaida izan zutenik hona (huelga zela ta etzela), Andoniren kontra izan ezkero, edozer gauza esaten ziok harek. Baina hik ba dakik hori gezurra dena, planta gainera; bai, noski.

        —Hi! Zer duk hori... ?

        —Zer?

        —Ixi...!

        —Zergaitik?

        —Ez ahal duk entzuten?

        —Bai, orain bai. Txakur zaunka hotsa.

        —Baina zaunka hots nabarmena.

        —Bai, benetan.

        —Zer gertatzen ote duk?

        —Oraintxe jakingo diagu.

        —Mozorroz jantzirik aterako ahal gaituk?

        —Bai. Har itzak hor. Armiarma sare horren gainean dituk. Armiarma mozorroak eramango ditiagu...

 

 

«Olgetan hasi, benetan urten», esan ohi zuten aintzinako ekidazuarrek. Eta horixe gertatu da gaur.

        Izan ere, amorratu egin dira Don Trifonen granjako txifa txakurrak. Oraingoan, zoritxarrez, egia da. (Hitz sinonimuen sariketako adar jotzaileek balekite...).

        Amorratu egin dira txakurrak, eta ihes egin dute granjatik, eta herrirantz datoz.

        Lehenengotan, ez diote egin kasorik ekidazuarrek kaleetan zehar arineketan eta arnasoska ibili den barreiatzaileari, beste adar jotzaileren bat zelakoan.

        —E! Zu! E! Zuok...! Entzun! Don Trifonen txakurrak amorratu egin dira ta honantz datoz! Don Trifonen txakurrak amorratu egin dira ta honantz datoz! Ba datoz...! Hertsi ateak ta hartu eskopetak...

        —Baina nor da orain? —batek.

        —Berriz ere eguerdikoak ote dira? —beste batek.

        —Ez. Beste bat da hau, ta oinez dator —hirugarren batek.

        —Ba datoz! Ba datoz...! —barreiatzaileak, kalerik kale, oihuka.

        —Zeure amari sartu gezur hori ipurdiko zulotik —nork ez dakit.

        —Ez ahal duzu beste zereginik? Lehen jo digute adarra, txo! —Patxi Begiokerrek.

        —Baina hau da itzela! Egia dela, ba! Hara: Ba datoz. Entzun, entzun zaunka hotsa... —barreiatzaileak iheska doalarik.

        —Baina... —danak.

        Bizkor datoz txakurrak; ehundaka datoz, ibaiaren egaletik, pelotoian, txirrindulariak bezala.

        Meabeneko Blas zaharra dago ibai egalean bakar bakarrik. Harengana doaz txakurrak. Puskatu egingo dute... Ez. Beren hortz zorrotzak erakusten dizkiote txakurrak Blasi, baina ez diote ezer egiten. Blasen eskui ezkerretatik pasatzen dira arrapaladan. Harriturik gelditu da Blas.

        Zubirantz datoz orain txakurrak, ta han dagozan mutil kozkor batzuk paretaren gainera igo dira estu ta larri. Baina haiei ere ez diete ezer egiten txakurrak.

        Herrirantz datoz, zuzen zuzen. Nora eta norengana ote doaz?

        Herriko etxeetako leihoak eskopetaz beterik dagoz. Arimarik ere ez dago kaleetan. Hertsita dagoz ate guztiak. Etxe barruetan dagoz danak, isil isilik, zain.

        Oraintxe sartu dira txakurrak herrira.

        —Au! Au!

        —Danba! Danba!

        Jausi da txakur bat itzulipurdika. Larogei perdigoi sartu dizkiote saihets artetik. Beste bat ere jausi da. Bi, hiru, lau, bost..., hamar..., hogei..., berrogei...

        —Au! Au! Au! Au! Au!

        —Danba! Danba! Danba! Danba! Danba! Kaleak tiroz, alaraoz, uhuriz, odolez, eta txakur hilez bete dira. Baina, hilak hil ta biziak bizi, bizirik geratu diren txakurrak (asko ere asko oraindino) aurrera doaz trenaren gelditokiaren ondotik. Hantxe dago seiretako trena oraindino, geldi geldi. Simon ere trenean barruan dago.

        —Don Trifonek agindu duela txakurrak soltatzeko esan dute. Esan esan dute baina, egia ote da, ba, hori? Burua galduez gero, edozer gauza egiten da egin. Baina amorraturik dagozan txakurrak soltatzea... Baina nora ote doaz? Ene! Olazaharrerantz doaz, antza. Bai, Olazaharrera doaz, haraxe doaz, bai. Baina zergaitik eta zertarako hara? Konturatu ote dira Olazaharkoak... ?

        Peka asko ditu Simonek atzazaletan eta maiz agertzen zaio begitxindorra begi batean edo bestean (bietan ere bai batzutan), baina oraingoan ez du esan gezurrik. Txifa txakur amorratuak Olazaharrera doaz.

        Konturatu dira Olazaharkoak eta hertsi egin dituzte berehalaxe ate guztiak. Senitarteko eta hauzoetako batzuk ere han dagoz.

        Klaudiok, Kelementek, Kosmek eta Kaxintok eskopetak hartzen dituzte etxea defenditzeko. Erdiminak sentitzen hasi dela ta, ohean egon da Amaia, baina jaiki egin da.

        Ailegatu dira txakurrak Olazaharrera. Itzuli-mitzuli ta inguru-minguru dabiltza, beren mihin luzeak kanpoan dituztelarik, zerbaiten edo norbaiten arrastoa hartu nahirik.

        Noizpehinka, Amaiaren gelako leihopean multzokatzen dira.

        —Sar zaite ohera, Amaia, haurra gal ez dezazun —esaten dio Eskolastikak.

        —Oraintxe sartuko naiz —erantzuten dio Amaiak bere amonari.

        Gautu zuen, eta izugarriago egiten dira txifa txakurren ausiak eta ibilketak.

        Halako batean, tiroka hasten zaizkie Olazaharko anaiak, eta berehalaxe jausten dira amarren bat txakur. Gero, beste hamar..., hogei... Baina hogei txakur hil ta beste hogei agertzen dira, berrogei hil ta beste berrogei agertzen dira. Estu ta larri dagoz Olazaharkoak.

        Ehunzango bat bezala, auto ilada bat dator Olazaharrerantz. Ekidazuarrak dira, ta Olazaharko familiari laguntzera datoz. Arin heldu dira autook. Eta heldu ta bat batean, tiroka hasten dira ekidazuar laguntzaileok, beren autoetatik jatsi barik. Orduan, buru eman ta gogor egiten diete txifa txakurrek. Eta autoetako leihoak hertsi egin behar.

        Zutik, aurreko zango biekin autoak jotzen ari dira orain txakurrak, beren hortz beldurgarriak erakutsiz ta urruma ta orroa izugarriak eginez. Baina batera ta bestera ibiltzen hasi dira autoak, txakurrak zutitu ez daitezen. Eta, kontuz kontuz, leihatilak pizkatxo bat bakarrik ireki, eskopeten kainua ateratzeko, ta tiroka hasten dira berriz autoetakoak.

        Kamioi haundi bat ere etorri da, ekidazuarrez beterik.

        Bizkor, Olazaharko txakur bizkorra, bere txabolatxoan dago, sakon, buztana zangopetan sarturik, dar dar, txiza dariola... Zaunkalaria da Bizkor, zaunkalaria katu bat edo arratoi bat ikusten duenean; baina gizonen eta txakurren aurrean oso beldurtia da. «Txakur ausilaria ezta aginkaria». Isilik dago orain Bizkor, ta ez du zaunkarik egiteko adorerik, ez da gutxiagorik ere. Ahal balu lurpean ezkutatuko litzake.

        Zaunka ta tiro, tiro ta zaunka, zaunkaren zaunkaz eta tiroaren tiroz, ia gorturik dagoz danak. Hainbat txakur dagoz oraindino bizirik, eta guztiz amorraturik. Baina laister garbituko dituzte, laister bukatuko da burrukaldi bakan hau.

        Simonek ere Olazaharrera joan nahi izan du, hangoei laguntzera. Baina ez dio utzi Demetriak. Trena geldi dago oraindino trenbidean. Simon ere trenean dago oraindino, badaezpada; baina ez geldi, ez isilik. Simon beti Simon.

        —Ba dakit nik zergaitik joango ziren txifa txakurrak Olazaharrera. Zergaitik? Ba, Amaiaren haurra (laister jaioko omen da) Andonirena delako. Eta jakina: txifa txakurrak horregaitik joan dira harengana. Bai, Jopu Andonik hil duela uste dute, ta Andoni hilda agertu denez gero, Andoniri berari ezin ezer egin, eta... Ez ahal zenekiten Andoni hil denik? Bai, Gezalako hondartzan agertu da hilda. Ba, esaten ibili natzaizuena, Andoni hil denez gero edo, obeki esanda, Andoni hil dutenez gero, ta Amaiak egingo duen umea Andonirena denez gero, ta Jopu Andonik hil duelako edo Andonigaitik hil dutelako... Barkatu, galdu egin naiz. A, bai! Ba, horrexegaitik joan dira txifa txakurrak Olazaharrera, bengantzaz Amaiaren haurtxoa hiltzera. Bai horrexegaitik joan dira hara. Lehen Juanena ta orain hau, hau ere ba da ezbeharra! Zu, Mari Asun! Ze ordutan da bihar Juanen entierrua? Seiretan? Dendarineko Damianek sei t'erdietan izango dela esan dit, ba...! Santuerdineko Primik, ordea, zazpiretan izango dela esan du. Enekoneko Pedrok esan diola ta. Zuk seiretan, Damianek sei t'erdietan, eta Primik zazpiretan... Zeinek du arrazoia? Zeinek dio egia? Hirurok? Noiz ikasiko ote dugu gauzak behar diren modura esaten? Hau da elkar ulertu ezina...! Ixi! Ez da txakur zaunkarik entzuten orain. Hil ote dituzte danak?

        Danak ez dituzte hil oraindino baina, gehienak bai. Oraintxe bertan amaituko da Olazaharko burrukaldia. Zortzi edo bederatzi txakur bakarrik dagoz bizirik. Zazpi, sei, bost..., lau, hiru..., bi..., bat.... bat ere ez. Bukatu da burrukaldia. Isildu da tiro hotsa, isildu da zaunka hotsa. Ez, zaunka hotsa ez da isildu, Bizkor hasi baita orain zaunka. Orain...?

        Txifa txakurrak lo dagoz, lo betiko, odoletan, izerditan, lurrunetan. Eskopetak ere, sutan eta ketan oraindino, lo dagoz. Atseden aldi luze bat merezi dute ongi portatu baitira.

        Amaia ohera sartu da berriz.

        —Zer dela ta etorri ote dira txifa txakurrok gurera? —galdetzen dio Eskolastikari.

        —Zure sabelean dagoen umetxoa hiltzera.

        —Bai?

        —Bai.

        —Ai!

        —Zer?

        —Min.

        —Non?

        —Ai!

        —Hor?

        —Bai.

        —Ba...

        —Ez, joan da.

        Beste lau auto etorri dira. Aparkatzeko lekurik ere ez da egongo laister Olazaharko etxe aurrean. Hogeiren bat gizon jaisten dira autoetatik, ta galdezka hasten dira.

        —An de reverrin tranpronti delucurraos?

        —Enquide sadeosla?

        —An vades desquela uinda dequisno delovisetino is pron destris?

        Deus ere ez diete ihardesten ekidazuarrek. Mututu egin dira.

        Berriz ere, beste hiru lau auto datoz bozina hotsean. Gelditzeko esaten diete ekidazuar batzuek keinuka, aparkatzeko lekurik ez dagoela ta. Baina aurrera jarraitzen dute autook inori jaramonik egin gabe.

        «Mercedes» bat dator aurrenengo. Don Trifonena? Gelditu da, eta berehalaxe Don Trifon jaisten da bertatik. Eta, lehenengo ta behin, bere txakurrengana doa, ta deika hasten zaie.

        —Lausengu! Luki! Koipe! Gorri! Azeri! Txurikapinto! Bat! Bi! Hiru...!

        Baina txakurrak ez diete ezer erantzuten. Eta, orduan, bihotz mina, samintasuna ta arrabia dantzan hasi zaizkio Don Trifoni. Izerdi larria du bekokian, eta irakiten negar malko bi bere suzko begietan.

        —Lau! Txiki! Otso...! Hilda danak...? Baina nork hil ditu nire txakurrak? Nork...? Isilik zagozte? E...? Nork hil ditu? Inork ere ez? Berez hil ote dira, ba? Baina gorputzak zulatuta dituzte, ta odoletan dagoz. Zergaitik? Berez...? Ez, ez horixe. Zeuok izan zarete, zantarrok, zeuok! Zeuok hil dituzue, bai, ezin nauzue ni ikusi ta...! Ongi ezagutzen dut nik zuen aiherkunde gaiztoa, zuen gorroto bizia, zuen azpi lana, zuen amorru ezkutua, zuen... Bai, begitan hartu nauzue, bai. Baina, dena dela, hau ez da honela geldituko, ez. Hondatu nauzuenez gero, neuk ere hondatu egingo zaituet. Oraintxe ikusiko duzue... Carlas trascas..., tres les pedes..., con tron pontron loscos..., mutupiti tipitumu...

        Bat batean, bere senetik irtenda, erdi zoraturik, errebolber bat ateratzen du Don Trifonek kolkotik. Eta arnasarik gabe gelditzen dira danak hura ikustean. Pausu batzuk ematen ditu, gero, ekidazuarrenganantz, errebolbera esku eskuian duelarik.

        —Orain zer...? Baina zer dela ta zagozte dardar? Zeren beldur zarete, ba? Zer diozue orain? Nork hil ditu txakurrak? Ea, esan! Esan agudo! Bestela, ba dakizue zer hartuko duzuen: tiro bana, lehen nire txakurrei bota dizkiezuen tiroen ordez. Mututu egin ahal zarete? Mutuago ere laister jarriko zaituet neuk..., faltsook halakook...! Tros tris pon! Isilik zagozte...? Pon tris tros! Isilik... ? Geldiro geldiro, atzetik doakio Hormaetxeko Serafin, hari errebolbera eskuetatik kentzeko. Serafini begira dagoz orain danak.

        —Res de la bras tras, Don Trifon! —esaten dio, orduan oihuka Don Trifoni bere serbitzari batek.

        Baina Don Trifonek ez du ezer entzuten. Hala ere, konturatu egin da, igerri egin du atzetik norbait datorkiona, ta buelta hartu ta bat batean tiro bat ematen dio Serafini. Orduan, Ekidazuarrak, amorraturik hauek ere, Don Trifonengana doaz. Tiroka hartzen ditu honek, eta inork eskua ezarri baino lehen, bere burua hiltzen du giltzetan tiro bat hartu ondoren. Eta hankaz gora jausten da bere txakur hilen gainera. Zazpirak eta hogei ta bost dira haren esku muturreko erloju ederrean.

        Ordua aurrera doa.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia