—7—

 

Gosaldu ta gero, abeslari ta ameslari, amurraiak arrapatzen ibili naiz lo kuluxkada batean. Eta on egin dit lo pizka bat egiteak, nekaturik bai nengoen.

        Bart mahats aihen motxikinez goraino utzitako hautsontziak garbitu, jai egunetako arropak jantzi (mahats orri bat eta txapel berria), eta Olazaharrera joan naiz lehenbizi.

        Eguna zabalduta egon da etxetik atera naizenean, eta poztasun berri bat sortu dit bihotzean une berriaren lehenengo argi ilunberak.

        Bidean nindoalarik, eguzkia agertu da ortze makurtuaren barrenetik. Eta, berehalaxe, kuadru inpresionista bat egin dut.

        «Urtarrilako eguzki gazte ta lotsorra esnatu da. Eta arrausi sakon ta luze bat egin ondoren, jeiki, ta, erdi lotan, begiak ireki ezinik, lainozko gela batera sartu da. Arpegia garbitzen ari da, orain, errainuzko ontzi batean; arpegia garbitzen, hamabost urteko neska baten ahalke, begirune ta eratasunez. Oilarrak eta elizako kanpai-dangadak ate joka dabilkioz. Basoak, arboladiak, landak, soroak, etxeak, abereak eta gizonak zain dagoz... Ba dator, oraintxe dator eguzkia. Bere ile mataza beilegiak sorgin-orratzez lotu, ta ba dator lurrera eguzkia. Laino artetik, arte murriztu ta ziztrinen barna, zeharka dator; etorri da. Eta maitekiro musukatzen du bere ama lurra, ta kolore berriz jantzi. Auxe benetan bat-bateko bizitazun ta apaindurizko ikuskizun harrigarri, neguaren loan!».

        Etxe bete jende aurkitu dut Olazaharren. Jakina: holako orduetan prest jendea zerbait egiten laguntzeko; baita etxe inguruetan eta etxe barruetan ikuska ihardukitzeko ere, oker eta gaizki edo zuzen eta ongi dagoen zerbaitetan begiak pozez edo inbidiz jartzeko.

        Zerraldo batean sartu dute Juan. Horitu egin da, ta argizarizko santu bat dirudi. Juanek berak ikusi balu bere gorpua (fraile jantzita), parre purrustada bat egingo zuen, noski.

        Eskolastika zaharra ere, makurka makurka, han ibili da, tatarrez baina ibili, batera eta bestera, zorki bat hemendik kendu, han ipini. Igarri egin zion bere semeak Eskolastikari.

        —Zu, ama, ni hilda gero ere hemen geldituko zara —esan zion behinola Juanek.

        —Bai zera! Esatea ere...! Haziterako ez da inor gelditzen hemen —erantzun zion amak.

        —Ez baina, ba dakizu Don Julian medikuak zer esaten duen: zaharrak ohean luzaro egoteagaitik, beruzkoagaitik edo jauskera txarren bategaitik hiltzen direla. Baina zu...

        —Ni ere, honegaitik edo honegaitik, laister hilgo naiz. Madari heldua erori egiten da.

        —Zu urte askotan biziko zara oraindino, eta gero ere hil ez zara egingo.

        —Hil ez? Zer egingo naiz, bada?

        —Sikatu.

        Hain zuzen ere, Eskolastikaren arpegi igar mehe zurbilak hezur ta azal hutsez egina dirudi.

        —Koldo non denik edo, ezer ba ahal dakizue? —galdetu dio Klaudiori.

        —Ez.

        —Amaia non dago?

        —Ohean. Ondo dago ordubera.

        Olazaharren apur batean egon, ta meza nagusira etorri naiz, eta hementxe nago orain elizpean.

        Ekidazuko eliza ez dago herri-herrian, alboko aldean, goienean baizik, Erdi Aroko gaztelu bat bezala. Eta ikustoki zoragarria da elizpe hau. Hemendik ikusten da ahalik obekien herria.

        Ekidazuren bihotza nire oinetan dago, argi ta gorri. Izan ere, euriak garbitu egin ditu teilatuak (telebisio eltxo itsusiak ere garbitu ditu, edertu ez).

        Erri txikitxo bat izan arren, bihotz haundia du Ekidazuk: Aiuntamentu berria (herriko etxe zaharra bonba batek desegin zuen); aiuntamentuaren aurreko plaza ederra, zuhaitz asko inguruan ta iturri eder bat erdian duelarik; pelota-leku zahar bat, eskola berriak, hiru-lau tailer, Santi indianoaren txaleta, trenaren gelditokia, hamar taberna (hori bai!), kafetxe bat eta hogeiren bat etxe haundi ta txiki, zahar ta berri, kale batzuen barruan.

        Herriaren bihotz barnetik erreka bat pasatzen da bihurka, kiribilika, soro ta landa zabalen erditik. Erreka txukun garbia izan zen lehenago, mendi-negarrez, arrainez, zeruz eta zumez betea. Baina, orain, txifa txakurren kolorearen antzeko ur urdinabar zikina darama. Iturburua dagoen mendipean dago egon ere Don Trifonen granja famatua zigurat bat bezala.

        Han, hor, hemen, sakabanaturik, artalde zuri-gorri baten antzera, berrogei ta hamar baserri inguru ageri dira neguko berdearen altzoan etzanda. Eta pinudi asko, ifarraldean eta hegoaldean, sortaldean eta sartaldean, pinudi asko alde guztietan; pinudiak: gaurko baserritarren urre-meatzak.

        Eta, azkenik, han, menditxo baten gainean, haitz artean, nire etxe txikitxo aitzin zuria, armiarma langileek egindako sarez apaindua, mila txori ezberdinen kantu gogoz alegeretua, haize ederrez inguratua...; nire kabi maitea, munduko kabiarik paketsuena, askatasun paradisua... (nire etxea aipatu ezkero, erromantiku bihurtzen naiz). Nabukodonosor, Kleopatra, Neron, Karlomagno, Espainiako Felipe bigarrena, Frantziako Luis hamalaugarrena, Napoleon, Rusiako zar-ak, Txinako enperadoreak eta mandarinak, Bramaputrako sultanak, mauruen emir-ak eta kalifak..., Rothschild, Rockefeller, Onassis, Don Trifon, eta beste haundiki, aberats, ta jauntxo anitz, ni baino guleria gehiagokin bizi izan ziren eta bizi dira, nire koba zuloa baino jauregi ederrago ta dotoreagoen jaun ta jabe izan ziren edo izango dira, nik baino serbitzari leial gehiago izan zituzten edo izango dituzte haiek; baina, hala ere, beldur gutxiagorik eta askatasun gehiagorik ez dut uste.

        Kantagarria da, benetan, nire etxea.

 

                «Ikusten duzu goizean,

                argia hasten denean,

                menditxo baten gainean,

                etxe ttipitto aitzin xuri bat,

                lau haitz ondoren erdian,

                xakur xuri bat atean,

                iturriño bat aldean...?

                Han bizi naiz ni pakean».

 

        Simon Berritsuk ez ezik, ekidazuarrek ere erabili dute gaur berriketa hemen elizpean meza nagusi aurretik: Olazabarko Juan, Amaia, Koldo, Gezalako Andoni, Don Trifon ta beronen serbitzariak, hitz-sariketa, eta abat. Hementxe ibili dira esamesaka, geratu barik, kurloi batzuen antzera.

        Elizpe hau lehenagoko ekidazuarren batzar-tokia, telebisioa, irratia ta periodikua zela esaten dute baina, gaur ere holako zerbait izanda meza nagusi aurretxoan.

        Gero egingo den Hitz sinonimuen sariketa programak zabaltzen ere ibili dira neska ta mutil batzuek. Nik ere hartu dut bat, Felix Astok erdeinuz behera bota duena (irakurtzen jakin balu ez zuen botako).

        Berritu egin dute aurtengo programa.

 

        Neguko Jaiak Ekidazun

        Hitz sinonimuen sariketa nagusia


        Nola: «Dut, det, dot, düt, ut, et, ot....».

                «Hitz, berba, mintzo, ele...».

                «Sariketa, txapelketa, lehiaketa...».

        Noiz: Urtarrilaren 1-ean (Urteberri egunean), eguerdiko hamabietan.

        Non: Ekidazuko aiuntamentuko aurreko plazan. Euria bada pelota-lekuan.

        Nortzuek: Edozeinek hartu dezake parte, gizonezko zein andrazko izan. Lehiaketarien izena aurretik emon behar da, sariketa hasi baino lehen.

        Sariak: Lehenengoa: Txapel bat, 10000 peseta, eta Don Trifonek emandako kopa.

                Bigarrena: 8000 peseta, eta Ekidazuko aiuntamentuak emandako kopa.

                Hirugarrena: 5000 peseta, eta Altxorra diru-etxeak emandako kopa.

                Laugarrena: 3000 peseta, eta Katalin kafetxeak emandako kopa.

                Bosgarrena: 1000 peseta, eta Santi indianoak emandako kopa.

        Oharra: Botxoatik Ekidazurako trena amaiketan da.

Antolatzaileek

 

        Urte oro egiten da sariketa hori, ta ikusgarria izaten da: Eta herbestetik ere jende asko etortzen da hura ikustera.

        Eguzkia alai egon da lehentxoago baina, muker dago orain, eta arrausika ari da laino montor beltzen ostean. Ilundu egin du.

        Ekidazuko eliza argitan dago gaur, argi guztiak bai dagoz bizturik.

        Oso polita da barrutik. Oraingo erara berriztuta dago. Berriztatu zenean, haserre zegozen ekidazuarrak «ardi txabola bat zirudialako, hormetako are harriak agerian zituelarik». Baina orain, hura ikustera herbestetar asko etortzen direla ikusirik, harro ta pozik dagoz beren elizarekin.

        Aldarearen oinarria arte orpo bat da, eta gaztainazko ohol zabal bat gaineko mahaia.

        San Migelen irudi koloretsu bat dago aurreko paretan, San Migel goiangerua baita Ekidazuko zaindaria.

 

                «Migel guria,

                zaizu gure Herria».

 

        «Aintza» kantatzen ari dira korukoak. Don Polikarpo dute zuzendari. Gerrate aurretik Ekidazun egondako eskola-maisua da Don Polikarpo. Hemengo alaba batekin ezkondu zen ta, Botxoan bizi arren, maiz egoten da hemen.

        Barrenengo Andresen orroak kanpotik ere entzungo dira.

        —Horren abotsa eukitzearren, oraintxe bertan emango nituzke bost mila ogerleko —dio bere baitan Torreko Ezekeliek haren orroak entzutean.

        —Andres Harro izango haiz hi beti...! —Felix Astok.

        —Opera bat ere kantatuko luke gure Andresek —Andresen amak.

        Korukoak izan ezik, gainerako guztiak jesarrita eta isilik dagoz, eta geldi geldi. «Aintza» entzuten dagozela danak dirudi, ikusi batean. Baina ez.

        Begira non dagozen batzuk edo zertan ari diren.

        Enekoneko Pedro lo dago, bart lorik egin gabe egon behar izan du ta, Olazaharkoei laguntzeagaitik.

        Lo dago, baina itzarrik ametsetako mundu beldurgarri batean.

        «Presondegi ilun batean dago. Txifa txakur mordo bat du bere ondoan. Leiho txiki txiki txikitxo batetik bakarrik sartzen da argia bera dagoen toki itzaltsu, zikin, ta goibel hartara. Leihoan ditu begiak, baina ez du ezer ikusten. Ikusi nahi du, baina ezin ikusi. Begiak astun ditu ta beheratu egiten zaizkio.

        Ez du nahi mozorrorik, baina mozorroz jantzita dago. Olazaharko Koldoren mozorroa du. Kendu nahi du burutik, baina ezin.

        Halako batean, Don Trifon sartzen da, hilkutxa bat besartean duelarik. Jopu dago hil kutxan, fraile jantzita.

        —Zuk ohostu ta hil dozu Jopu ezta? —esaten dio Don Trifonek.

        —Ez, nik ez, Don Trifon. Zuk ba dakizu, Don Trifon, nik i...

        —Bai, zeu izan zara.

        —Ez, ez, ez, Don Trifon. Ni ez naiz Koldo. Ez dakit nork jantzi nauen honelan. Mozorro hau ez da nirea. Ezin dut kendu burutik. Ni Enekoneko Pedro naiz, Don Trifon, Enekoneko Pedro. Ez ahal nauzu ezagutzen? Ai! Ai!

        Bere etxeko ganbaran zintzilik dagoen eskopetaren kulataz jo du Don Trifonek....».

        Don Trifonen eskopetaren kulata Felix Astoren ukondoa izan da.

        —Zertan ari haiz, asto hori?

        —Lo egon haiz ta...

        —Ez nauk lo egon!

        —Ez, egon barik...!

        Santi indianoa haserre da Don Trifoni egin diotenagaitik, eta haren arpegi itsusia itsusiagotu egin da. Eta marmarka ari da, bakar izketa mutuan.

        —Etxetik ateratzen ere beldur izan daiteke bat. Zer egin ere ez dakite gaurko gazte zorook eta, lotsagaldukook halakook! Asko sartu dituztela kartzelara? Gehiago sartuko balituzte obe! Bestela biziko gintezke orduan...!

 

—Astakumearena gertatu zaio Santi indianoari: Haundiago ta itsusiago. Ongi jantzirik egon arren, bitxiok eder, baina berori ez —egiten du berekiko Felix Astok, eta bere sudur zuloetako sasiartea garbitzen hasten da esku ezkerreko atzamar txiki haundiaz.

 

Agarreko Mikel hitz sinonimuen sariketarako entrenatzen ari da. Iges hogei ta hamaikagarren egin zuen, baina aurten irabaziko du sariren bat, gau ta egun diardu aspaldion horretan eta.

        —Txirritxa, girgilu, kirkir, kilker, txirritxirri, larraputika, girgitx, egotxirri..., txintxar, txitxitera..., txitxi..., txitxi..., beste bat ere ba dakit, ba da...! Gero akordatuko zait. Behartsu, erresta, gabe, ezeuki, premiadun, kankalier, lander, ezergabe, ezdun..., ez..., ez..., ez dut uste gehiago dagoenik. Geldiro, astiro, poliki, baratx, ezarian, takataka..., takataka ala tapatapa ote da? Gero ikusiko dut hiztegian. Takataka, tokotoko, tukutuku..., tupatupa... Atzo berez esaten nituen baina, gaur ez dakit zer gertatzen zaidan.

 

Txikitoneko Garbiñe, bere hogei urte beteen edertasunari eutsi ezinik, maiteminduen zeruan dago, itzarrik ametsetan.

        —Atzo Botxoan, Arana kalean, ikasi nuen alkandora gorri iluna erosiko diot Deunorori, edo, bestela, niki berde bat, Erregenetan erregalatzeko —dio bere artean, ile luze gorrizkei beatz puntakin eraginez.

 

Ezkerreko aldean duen Edurne bizi-alargunaren iztar eta bularrei begira dago Martzel Izko. Elizan egon arren, bere arloan ari da lanean, ezibako izko baten grina ta gurariz.

        —Nork lukean Aristoteles Onassisen dirua, baso-zaldien askatasuna, elefante baten bizitza, zezen baten indarra ta oilar baten ahalmena! —pentsatzen du astotzar lizunak.

 

Don Julian medikuak erdaraz egiten du ametsetan, erdalduna bai da. Egia esan, hainbeste urte Ekidazun egin ondoren, euskara apur bat ere ikasi du. Obeki ikasi behar zuela ta ere ibili zen aldikada batean. Beroaldi hortan gramatika ta hiztegia erosi zituen, ta jo ta su aritu zen euskara ikasten. Baina, naiz ta ahalegindu, ez zuen ongi ikasi. Anega erdiko zorroak anegarik ezin hartu. Horregaitik, lehenago bezala, orain ere erdaraz egiten du Don Julianek ametsetan.

        Inork ez igertzeko modura baina, lo dago. Jakina, hau ere Olazaharren egon da bart gaurik gehienean, lo askotzarik egin gabe.

        Kazari amorratua denez gero, erbitan dabil ametsetan ere.

        «Hamalau librako erbi bat ikusi du. Txakurra, Bihotza, urduri dabilkio; haren jirabira ta usmabeharrak haundiak dira. Oraintxe hartu du arrastua eta sasira abiatu da. Haraxe doa Don Julian ere arineketan... Hor doa erbia... Danba! Danba! Hil du... Baina, berehalaxe, beste sei kazari agertu dira, eta lauk lau hanketatik, bik belarri bietatik, eta Don Julianek buztanetik oraturik, zazpirak eraman nahi dute erbia.

        —Ni hil dut erbia. Da nire hau erbi. Nire txakurra, Bihotxa, ikusi lehenbizi, ta nik hil naiz. Atzo ere ikusi nintzen, dut, nuen... —esaten die Don Julianek erdara euskaraz.

        —Zagoz isilik! Neuk hil dut —bigarren kazariak.

        —Zuk ere ez, neuk baino —hirugarrenak.

        —Neure txakurrak altxatu du —laugarrenak.

        —Neurea da erbia... —bosgarrenak.

        —Bai zera! Neuk hil dut. Gainera zu gero etorri zara —seigarrenak.

        —Zuena ez da —zazpigarrenak.

        Eztabaida gogorra sortu da. Don Julianek ez die ezer ulertzen besteei.

        —¡Hablar más despacio, hombre, que cuando empezáis "txirri burri, tzitzi putzu" no os entiendo nada!

        Burruka gogorra sortu da orain. Don Julian ere ukabilka hasten da batekin. Ukabilkada bat doa, ukabilkada bat dator; ukabilkada bat doa, ukabilkada bat dator, ukabilkada bat dator, dator, dator...».

        Suangila talde bat bezala, aldare aurreko harmailetan drogan dabiltzan neskato-mutikoei, keinuka ari da Don Jose zaharra, geldi ta isilik egon daitezen...

 

 

Zelaietako Matilderen gogaketak ere interesgarriak dira; baita Don Julianen emaztearenak ere. Baina bukatu dute «Aintza» korukoek. Eta lo egon direnak iratzartu egin ditu isiltasunak, eta irudimenez kanpoan egon direnak barruratu.

        Hamaikak eta laurenak dira elizako erlojuan. Goitiko Kasimeraren esku muturreko erlojuan, ostera, laurak eta bost dira. Ba daki jakin Kasimerak ez dabilkiona, baina esku muturrean erlojua eramateak ongi ematen duela ta... Emakumeen kontuak!

        Urde sartu da elizara. Nire bila, seguru asko. Bai, ikusi nau, ta nigana dator.

        —Gezalatik netorrek.

        —Ta? Zer berri dakark, ba?

        —Ba, berri berririk ezer ere ez.

        —Agertu ahal duk Jopu?

        —Ez, oraindino ez.

        —Eta Andoni?

        —Inork ere ez zekik ezer. Urtu egin dela dirudik.

        —Eta gure Don Trifonek zer ziok?

        —Lapurrak eskatutako dirua emateko konforme omen zegok.

        —Bai?

        —Bai, Oraintxe etorri duk Botxoatik, otzen batek hartuta edo, sudur estuturik. Zera, Andoniren aita ere oso gaizki omen zegok.

        —Gizajoa!

        —Nola zegok Amaia?

        —Zer, ba?

        —Ez haiz joan harengana ala?

        —Bai, lehen joan nauk. Baina lo egon duk.

        —Hi! Ta noiz joango haiz hire ama ikustera? Ba ahal hekien gaixorik zebilenik?

        —Bai.

        —Ta hemen Ekidazun zegoenik?

        —Bai, ba zekiat. Bart izan ditukan euri ta afruntu, ortzantz eta tximistekin, hemen egon behar gure Mari, eguratseko iskiloak oro bere eskuetan bai ditik.

        —Noiz hoa, bada, harengana?

        —Oraintxe joango nauk.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia