Aztergaiak

 

Orreaga

 

        Gaberdia da. Karlomano Errege Auritzberrin dago bere ekerzito guziarekin. Zeru illunean ez da ageri ez illargirik ta ez izarrik; urrutira sugar andiak distiatzen dute menditartean; Frantzesak kantatzen ari dira errian; Altabizkarko inguruetan sentitzen dira otsoen izugarrizko marruak, era Euskaldunak sorrozten dituzte bitartean beren dardo ta aizkorak Ibañetako aitz eta arrietan.

        Antsiarekin Karlomanok ezin du loa bereganatu; oiaren ondoan bere pajetxo batek irakurtzen du amoriozko kondaira bat; urrutixiago, Erroldan indartsuak garbitzen du bere Durandarte ezpat famatsua, eta Turpin azepizpiku onak errezatzen dio Jaungoikoaren Ama Sanruari.

        —Pajetxo neria! —dio Karlomano Erregek—. Zer da gabazko ixiltasuna austen duen ots ori?

        —Jauna! —erantzuten dio pajeak—. Iratiko, itsasoa baiñon andiagoko, basoaren otsoak dira, aiziak mugituak.

        —Ah, gazte maitia! Eriotzaren deadarra diruri, eta nere biotza beldur da.

        Gaba oso illuna da. Ez da zeruan ageri illargirik, ez izarrik; urrutira sugar andiak diztiatzen dure menditartean; Frantzesak lo daude Auritzberrin; Altabizkarko inguruetan otsoak marruaz dira, era Euskaldunak zorrozten dituzte beren dardo ta aizkorak Ibañetako aitzetan.

        —Zer da ots ori? —galdetzen du berriro Karlomanok.

        Eta pajeak, errendituta loaz, ez dio erantzuten.

        —Jauna! —-dio Erroldan indartsuak— Mendiko ujola da, Andresaroko ardi taldeen beadia da.

        —Intziri bat diruri —erantzuten du Errege Frantzesak.

        —Egia da, Jauna —dio Erroldanek—, erri onek negar egiten du gugaz oroitzen danean.

        Larritasunarekin Karlomanok ezin du loa bereganatu; lur eta zeruak argi gabe daude; otsoak ari dira marruaz Altabizkarren; Euskaldunen aizkorak eta dardoak diztiatzen dute Ibañetako aritztartean.

        —Ah! —suspiratzen du Karlomanok—. Ezin det loa neregaratu; sukarrak erretzen nau. Zer da ots ori?

        Eta Erroldanek, loak arturik, erantzun ez zion.

        —Jauna! —dio Turpin onak—. Errezatu zazu; errezatu zazu nerekin. Abarrots au Euskal-Erriko gerra kantua da, eta gaur da gure almenaren azkeneko eguna.

        Eguzkiak argitzen ditu mendiak. Karlomano garaitua iges dijoa «bere luma beltz ta bere kapa gorriarekin». Aur eta andreak dantzatzen dira pozkidaz beterik Ibañetan. Artozarik ez da Euskal-Errian eta menditarren irrintziak eltzen dira zeruetaraiño. [1]

 

 

 

Nere burua

 

Bil nadin barnera, mintzo bat entzuki,

argi bat izetuz, bihotza landuki.

Leze-barne huntan zer dut ikusgarri?

 

Bost aldiz nerera mintzo ozenak jo du!

Ni, berriz, etxetik hurrun nabilazu!

Ate-joka norbait. Erantzuna...: «Bego».

 

Iparra geldi da, legun dator ego,

hegatsetan dakar maitetasun bero.

Haren mintzoari muzinik nork egin?

Bide zoroak utz, etxera sar nadin.

 

Etxera sar eta zoko denak ilun,

begi-lauso hau noiz enegandik hurrun?

Egun zoroaren aztarnak itzali,

Deitzaile maitea, Zu zaitut iguzki.

 

Ba dakust enegan izkutu hondarra:

barnean bizi dut Irutan Bakarra.

Berak bizi nau ni, Beronek naragi,

barne-muin hunetan Berau bekit argi.

 

Nigan hari duzu, Aitak sor Semea,

ta alkar maitatuki Biongandik duzu

Has Gurena. Jesus! Nire lo betea!

 

Ernai-iturria nigan daukadala

Jainkoaz hain antzu! Nondik naiz ibili?...

Aunitz esker! Jaunak egin baitit argi.

 

Ez zadan argi hau nik itzal, ez ere

edozein mintzori ta argiri jaramon:

emen daukat oro; etxe-barnen nagon. [2]

 

 

 

Ameriketatik aitak semeari

 

        «Ik eztakik zergatik utzi nian gure Euskalerri maite ori. Amabost urte dituk laster eta ire aita zuztarrez ezagutzeko garaya badek. Lau senide izan zinaten. Lenbiziko irurak, bata bestearen ondorean, udaberriko goizlore batzuk bezela, alkar ezagun ere gabe, il zitzaizkigun. I jayo intzanean, etzekiat nori otu zitzaion ik «benturako umea» izan bear uela, Izeba Isabeli naski. Uraxe dek olako begizko ta sorginkeria oriek beti gogotan dauzkana. Berak eraman induen, jayo ta bateratsu, jayegun batean elizpera, lenengo agertzen ziran gizaseme ta emakumea ire aitabitxi ta amabitxi izateko. Orregatik aiz i Kaltzaundi ta amona Inaxiren besoetako semea. Bizi ote dituk berak! Ik urte ta erdi izan baino lenago il uen ire ama, nere emazte gaixoa. Nork esan Isabel ta Eladi aitama batzuen aurrak zirala! Urte beteren buruan, norbaitek puztuta, asi zitzaidan amona belarriak berotzen: Isabel emaztetzat artu bear nuela ta bear nuela: ni isilik. Bera uela iretzat amagairik onena, etxandre aundia zala, egilea ta eragilea: ni isilik. Etzaidak bein ere emakume ori biotzean sartu ta, amaginarreba maite izan arren, nere burua maiteago nian; eta bazkalondo batean (zearo oroitzen nauk), zearka-mearka ibili gabe, ezetz esan niokan.

        Geroztik egunak neretzat eguzkigabeak zitukan. Gorputza lokabe, baina gogoa atsekabez lotua nian eta auzo guztien aomingainean irrigarri nindukan une ta erdi ayetan. Nik alde egin bear. I uzteak biotza erdiratzen idan, baina erroren onizate gerokoak onerontz ekarri nindukan. [3]

 

 

 

Errota-zuri

 

Erreka ertzean altza,

ertzerago errotea;

inguruetan ederren

errotako alabea.

 

Marti-zozoa kantatzen

bidez goiko sagastian;

astotxu marra zamauta,

nekezka, aldapa erdian.

 

Erreka ondoko bolu,

—zuria goitik beeraño—

gordeta daukan pitxia

eztot ikusi gaurdaño.

 

Bolutxuko neskatilla,

—larrosa eder dirudi—

ibar osoan ezta iñor,

ai, zeu baizen maitagarri!

 

Epailla lenen-egunak,

—garia aspaldi erne zan—

oraindik ezta lorarik

ezkaratzeko arazan.

 

Neskatil zoragarria,

—emeretzi udabarri—

ire ibilkera jaioak

aundikiena dirudi.

 

Txakurrak zaunk etxaurrean,

—aatak errekan igerin—

eskearen ezpanetan

barrea loratu bedi.

 

Errotatxuko alabak

urrezkoa dau biotza;

ai, ederra! nok leikean

entzun zugandik baietza.

 

Mendi artean ibarra,

errekertzean errota:

bolu aretan euskotar

neska garbi bat gordeta. [4]

 

 

 

Oillarra, katua eta igitaia

 

        Basa-oillarra eta basa-katua etxeko oillar eta etxeko katu egiñak zituzten erri batean, aita batek iru seme zituan, eta iruetako bati katua eman zion dote, eta besteari oillarra, eta irugarrenari, berriz, igitai bat.

        Eta irurak mundurik-mundu joan ziran. Eta illunabarrean erri batera iritxi. Eta illundu bezain laister, erriko gizonak, eguzkiaren irteerako aldera joan, eta lurrari joka asi ziran. Eta zer ari ziran galde, eta eguzkia etorrazten ari zirala; bestela, bigaramonean etzala eguzkirik etorriko, alegia. Eta aiek, orduan, berak ba zutela gauza bat, gau guztian ala ari gabe, goizaldean eguzkia ekarriko zuana, eta joateko lotara. Eta esan ta egin, goizaldean oillarrak jo, eta andik bereala eguzkia. Eta zenbatean salduko zuten izi ura; eta onen bestean.

        Eta bigaramonean, berriz ere, mundurik-mundu. Eta beste erri batera iritxi. Eta an, berriz, gari ebaiten arrizko aizkora batekin. Oso nekez. Eta orduan aiek, berak ba zutela erremienta bat, lan uta errexago egiteko. Eta igitaia artu eta ixtanpatean eun da bere aldiko sailla ebaki. Eta ea zenbatean salduko; Eta onenbestean...

        Eta, berriz ere, aurrera, mundurik-mundu. Eta zijoazela, beste erri batean arratoi-plaga ikarragarri bat, eta erriko guztiak arrika eta makilka arratoi-eizan. Eta aiek orduan, berak ba zutela gauza bat, arratoi guziak bereala ilko zituana. Eta zakutik katua atera, eta begien itxi-iriki batean arratoi guztiak il. Eta ea zenbatean salduko zuten; eta onenbestean. Eta naiko diru artu, eta etxera pozik iru mutillak. [5]

 

 

 

Eguna berantz doa

 

Oi, Bidazti Deuna, sar zaite neurera,

bertan dozu, bada, maitasun arrera;

        bekidat bizitza

        zure itza.

Idazki doneak azaldu daidazuz,

euren muin eztiak emon egiztazuz;

        bel zure mintzoa

        gozoa.

Ta barne guztia berotan dodala,

argi biur bekit eriotz itzala;

        dana jat atsegin

        Zurekin.

Orain sakon dakust zure eriotz ori,

zergaitik daukazun biotz deuna gori. [6]

 

 

 

1937, Apirilak 26

 

Zeus txikiaren haundi izan gura.

Agindu eroa. Indar frogantza.

Zezen hegalarien marruma dantza.

Infernua dator gure zerura.

 

Tximist lehertuen abiadura

haserre gorritan Gernikarantza...,

hasi da, hasi da hiri triskantza

eta garrasika dago mindura.

 

Garrasi larritan ama, umea,

aitaren gorputz hil buru gabea;

garrasika txori, lore, burdina,

 

harri, ohol, haize ta su irakina;

garrasiz herrian betiko lotsa,

askatasunaren betiko hotsa.  [7]

 

 

 

Trenean Parisera

 

        Trenean idazten dut au Parisako bidean. Laisterrean nabaitzen da aldakuntza: 140 kilometro bai orduan onek. Eta ariñago dakusat nik nere burua ere, trena bezela, berriz jaio izan banintz gisan.

        Gorago bide daude emen odeiak, eta zabalagoa dirudi landak; muño txikiak islatzen dira bakarrik noizean bein. Gañerakoa, laua ta zabala da txit. Gogarago betetzen dira emen nere birikak, eta zoriontsu naiz berriz.

        Neure esku naiz. Itxaropenez betea dut gaurko eguna: ori idarokitzen didate belardi zabal berdeak eta tellatu grixak.

        Piztu naizela dirudi. Aurraren eran ikusten dut dena, ots, arrituta, zoratuta, baikor...

        Izkuntzaz aldatzeak ere inpresio ori bera uzten dit. Aurraren eran jarri bear dut: konprenitzeko alegiñak egin bear ditut, doñua alakotu bear dut ulertuko banaute, ta, dena dela, umekiro jokatu bear.

        Orretan datza, nere ustez, bidegiteko atsegiña: jaio egiten da, ta umeak bezela miresten dira munduko gauza arrontenak. Eta zein dago zorionetik urbillago umea baño? Miresteko gauza da au; ta miretsi egin bear da edozein gauza bere xarman sartzeko. Berritasun orrek sortzen du olerkia, ain zuzen.

        Bai. Zalantzarik gabe, jaio egiten da berriz txangotzen duena. Dena berria. Aurtzaroan bezela... Au lillura...! [8]

 

 

 

Irribarre ta lore

 

Maitea, ames daigun batera,

ikuste zoragarri bat ba jatorku

begien aurrera.

Ara, une batean,

bizitzak daukan ederra.

...Musker dago bazterra,

zugaitzak leer-bear.

Pozaren barria ugalduz

loreak apaingar.

...Lotskor eta bikain

kuruntzun-lorea:

birjin baten jantziaren

lotsea dirudi...

Ara non makatza:

ur garbien bits zuria gorantza...

Sortegun den, maitea,

izate orok barnean daukan

indar ta zoramen...

Izadi oro baitago bestan:

—gaur egubarri!—

ale asko sorturen

laztan bizitzari.

Poztu bitez, maitea, zure begiak,

Ederra baitogu jauregiz,

izadi guztia eliz,

solas gaitezan maitemin! [9]

 

 

 

Zerura begira. Izar bat agertu

 

        Illunsentia. Udabarriko illuntze ixilla.

        Lorategiko landara jaiobarriei egarria kentzeko, urez bustitzen nabil.

        Izarrez bete dira zeruak, astiro-astiro.

        Usterik ezean eta bat batean, izar barri bat agertu da. Izar barri bat? Taupada txikia be eztausta emon biotzak! Tirriñ... tirriñ... Telefonua deika.

        —Zuretzako da. Erritik deitzen deutsue.

        —¿...?

        —Aita ilda.

        —¿...?

        —Ordulaurden bat dala.

        Bai, zeruetan izar barri bat. [10]

 

 

 

Esperpento

 

Ihauteri da

ta ihauteri gauean

kale ixiletan barna goazela

ipar-aldeko hiri haundi honetan galdurik

burdelak ikusten

larehun pezetakoak ta hirurehunekoak

gure boltza urriarentzat naikoa ehunekoak.

Denak dira emakumeak

eta gorputz uxatuen xarma ustela bilatzen dugu.

 

Mauka ta mauka ar-emeak

izorkeria egiten eliz-zaharreko paret-bazterrean.

 

Berdin da bakardade honetan

arpegi ederrak hala itsusiak

emakume denen arpegietan

halako animalikeria somatzen dut

zoramena, arpegi-idorra, mirada fijoa.

 

Ihauteria da, ihauteri gaua,

ta inork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri.

Argi bakoitza itzalean hiltzen da

agoni ixilean,

nola Kristo profanatu hori bilutsik

bide bazterrean hain desanparatuki etsia

agonian infernuetara jetxia

hirugarren egunik gabeko Kristoa

sinisten dut.

 

Ta argiak milaka izanik ez dute argi egiten.

Tarteka gaua da jabe.

 

Hala gu hala gure bakardadean

ihauteri gabeko hirurak eta bost inguruan. [11]

 

 

 

Patxi

 

        Patxi, gorputz lerden horietako bat ez izan arren, luzeran bederen tamainakoa zen; aurpegiak Greco margolariaren kuadro batetatik aterea zirudin: estu eta luzea, izpiritukoia; hala ere, Patxiren gorputzak zerbait apartekorik azaltzen bazuen, haren begiak ziren; begi berde-berdeak zituen, kristalezko begi berdeak, eta begiratzen zuten bakoitzean, baziruditen besteren pentsamendua igartzen ari zirela; begiratu sakon eta garbia. Hitz egiterakoan, berriz, bortxatu gabeko irribarre bat agertzen zuen; umore handiko gizona, Patxirengan umorea eta sakontasuna uztartzen ziren. Patxik, ezkontzaren aurkakoa ez izan arren, mutilzahar iraun zuen bizitza osoan; bere arrazoiak izanen zituen; gai honetaz ez naiz Patxirekin ihardun izan, eta ezinezkoa zait, horregatik, haren arrazoiak hemen agertzea. [12]

 

 

 

Iratzarri nahi nuke

 

Uda bihotzeko eguzki bero,

zemento grisezkoa bloke zapalkor,

gas pozoitsuaren ke laino mozkor,

sorgin haizearen hauts dantza ero,

 

motor durrunda..., ta zu egunero

infernu gris hortan, egunero hor,

arima grisdun lur pusketa lehor,

zure jaunen robot, baloi, numero...

 

Iratzarri nahi nuke zure barnean

lotan daramazun gizon poeta,

gizon aitzindari eta profeta,

 

izangokoaren ezerezean

zuregan dagoen gizon euskaldun,

iratzarri zeu ta mure zeutasun. [13]

 

 

 

Gixonaren erroak

 

        Bizi denak zerbait gisaz erroak baditu. Landarea bezala, gizona ere ez da bakarrik airetik bizi. Haren baitan odola mintzo da, eta urrunetik heldu da odola! Ez bakarrik ait'ametarik, bainan aintzinagokoetarik ere bai. Eta erroez bestalde zer adarrak ez ditu! Gau eta egun, bera ohartu gabe, ingurina guzian indar hartzen eta ebasten ari dire, gelditu gabe. Eta ingurinan, zer kausitzen dute? Behar diren guziak. Eta gizon batek kausitzen ditu bera iduri anaiak, bai eta ere aspaldidanik elgarrekin moldatzen duten batasuna. Kausitzen du Herria... eta ez bakarrik bere begiez ikusten duen eremu ttipia: eremu bat miletan zabalagoa, aspalditik biziek eta hilek moldatua duten Herria, bere begitarte, bere gogo, bere izaite bereziarekin. [14]

 

 

 

Gure artxain etxolari

 

Negu batez pentsatu dut elurrez elur joaitea,

ikusi behar nuela mendiko ene maitea;

gure etxola elur hotzak azpian zaukan ordea,

gizon bat zuen hila iduri, mihise xuriz gordea.

 

Egun onen erraiterat barnera sartu bainintzan,

ene bihotzak etzuen atsegin haundirik izan:

teilen artetik itaxura zarion nigarren gisan,

dohakabe bat bisitaturik bezala itzuli nintzan.

 

Gaur elurrak urtu ditu, zabaldu da primadera;

artaldea ere berriz igan da mendi gainera;

ahal bezain maiz sartuko naiz, etxola, zure barnera,

nehoiz ukatu ez derautazun bake hortaz gozatzera.

 

Bainan gaur zer senditzen dut? Zer heldu da enegana?

Jazdanikan aurtenerat bortitza zaut mendi gaina;

geiago luzaz ez nitaike izan lehengo artzaina,

bainan, etxola, ez, otoi, trista: utziko dautzut ordaina. [15]

 

 

 

Hitzak

 

        Literaturlariak hitza kreazio gai du, eta eskuartean behar du hitza batean ore bezala, harri bezala, haga bezala; bestean hause bezala, trintxa bezala, haizkora bezala; etxegintzarako etxegai bezala behar du, edozein eginkizunetan artarako behar den oro bezala behar du; iturriak ura bezala, soroak hazia bezala. Nahiz eta inoiz hitzen bat asmatu beharrean balitz ere, egotez hitzez ernaldu zahar egon behar du idazleak eta noiznahi erditzeko gertu. Ezin daiteke ibil une bakoitzean esankizunen adierazpide materialaren bila, hitz bakoitza sortu beharrez idaztaldi bakoitzean; jadanik erabakia behar luke hitzaren gorabehera hori eta ez luke formaren arazoa besterik hartu behar. Formaren arazoz aurrekoa, hizkuntza materiala, ondo berea behar luke idazleak eta soroaren lana besterik ez luke egin behar, erraiak asebeterik dituen iturri kantari eta kontariarena. Haria barruan duen soroari bezala, ura erraietan duen iturriari bezala, hitzak berez berez irten behar lioke idazleari, nahiz eta nekez, berez; gutxienik bederatzi hilabetean osatua eta ondua, paperera orduko bere ahotsaren jabe duelarik hitz bakoitza; eta ez familia gehitu nahi duen bakoitzeko haurra inondik ekarri beharrez, semetzat hartu beharrez, bataiatu beharrez, ekanduko ez ote zaion betiko beldurrez. Baina horixe da euskaldun idazleon egoera oraindik; egungo literaturari dagokion bezperagoan bizi gara oraindik; bihar izango da bezpera, etzi oraindik eguna, Jainkoak nahi badu. Bitartean egun hartarako prestatuz joatea dagokigu, hizkuntza beraren barruan hiztegia ugalduaz joatea, hazitarako garia bezala, hitzak ere hala; harri berdez erretzea, gaitzak jotako aleak gal daitezen eta gaitzik gabekoak indartu. [16]

 

 

 

Enara!

 

Enara!

Hegoen uhaina

haizearen itsasoan.

 

Enara!

Abiadaren karabilka

udaberriaren argitan.

 

Enara!

Askatasunaren higidura

gizonen ostatuan.

 

Enara!

Egunsentiko kantari

gure etxeko atarian,

momorroen ehiztari

gure etxeko alorrean...,

enara izan nahi nuke,

enara bizkor eta trebe,

gure Herriko atarian,

gure Herriko alorrean.  [17]

 

 

 

Tarte...

 

        «Goiz argitsuan bai alperki entzuten dala il kanpaien nigar borobilla! Pentsaketan gelditu naiz, zalantzan erori, eta berriz pentsaketara biurtu.

        Eguarte zaratatsu ontan kontraste gordiñegia da ametsen eta txorabio galduen artekoa! Mingarria benetan eriotz-oroipena jaiotzear dagon udaberriaren aurrean...!

        Illen dangada gizena, zorigaiztoko berria bailitzan, erortzen da goizaren biotzean. Bere durundia naigabe baldanaz datorkit. Erria giro goibel tristean aterpetzen da. Bozina ots luze bat aditzen dut. Askaingo esnezalearen «Ford» zaharra da. Gaur beranduegi dator eta, baserritarrak, ezinegonez, marmitak zubi ondoan utzirik, mandoekin Errietxeko arkupera sartu dira...

        Berriro illen dangada... Ixo! Ixilgiro...! Gogapenetarako aldi egoki ta more!

        Il gaixoa! Nolako amets ausia! Biziak gezur galanta dirudi... Basoa bizi berriztearen ustez iltzen bada, gu ordea, udaberri gertu baten ilusiorik gabe, eta sarritan, bizia bete beterik eskuetan dugunean... Bai gogorra onelako, joanbearra! [18]

 

 

 

XXVII

 

eta nik.

bihotza haundia dudalako,

Euskal Herrira tipula janez etorri denari

bi musu eman nahi dizkiot

benetan ene anaia senti dadin.

eta nik,

gaita joaz

tristeziaz beterik

etortzen denari

bertsoa kantatzen diot

Donostiako estazioan;

trenaren hots monotonoaren

konpasean

aritzen dira gaita eta bertsoa

batean.

eta egurrezko maleten pisua

kolkoan daramala,

nerea ere ez da hain makala,

presentatzen denari,

ene maleten pisua,

trajea ez dut diruz forratua,

berdintsu dela

esaten diot. [19]

 

[1] Arturo Campion, J. A. Irigarai-ren Euskera eta Nafarroa-n, Pamplona, 1973, 75. orr.

[2] Orixe, Barne-muinetan, Zarautz, 1934, 124. orr.

[3] R.M.ª de Azkue, Ardi galdua, Bilbao, 1918, 19. orr.

[4] Eusebio Erkiaga, Milla euskal-olerki eder-ean, Larrea-Amorebieta (Bizkaia), 1954, 707. orr.

[5] Imanol Lekuona.

[6] Lauaxeta, Bizkaiko euskal idazleak liburuan, Bilbao, 1970, 225. orr.

[7] Argitaratu gabe dodan neure liburu batetik jasoa.

[8] Txillardegi, Leturia-ren egunkari ezkutua, 111. orr.

[9] Antonio Bilbao, EUSKERAn, 1962, 347. orr.

[10] Bitaño, Atalak, Zarautz (Gipuzkoa), 1967, 84. orr.

[11] Mikel Lasa, Poema bilduma, Donostia, 1971, 69. orr.

[12] Juan Mari Irigoien, Oilarraren promesa, Bilbao, 1976, 80. orr.

[13] Argitaratu gabe dudan liburu batetik jasoa.

[14] P. Arradoy, San Frantses Jatsukoa, San Sebastián, 1966, 26. orr.

[15] Xalbador, Odolaren mintzoa, Zarauz, 1976, 103. orr.

[16] Bitoriano Gandiaga, Uda batez Madrilen, Oñati (Gipuzkoa), 1977, 76. orr.

[17] Argitaratu gabe dudan liburu batetik hartua.

[18] Luix M. Mujika, Bide giroak, Bilbao, 1963, 160. orr.

[19] Mikel Arregi, Hego haizearen konpasean, Donostia, 1975, 99. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia