Kirikiño, gertaera barregarrien kontalari trebea

 

        «La brevedad y la aparente intrascendencia de los cuentos de "Kirikiño", mezcla de historia y de fantasía, no deben hacer olvidar sus excepcionales dotes de narrador que le han permitido dibujar pequeñas obras maestras sobre temas serios o intencionadamente humorísticos». (L. Michelena, Historia de la Literatura Vasca, Madrid, 1960, pág. 155).

        Euskal Herri osoan idazle ezaguna ta gertaera barregarrien kontalari trebe ta aparta izan dugun Kirikiñoren (1866-1929) texto bat azter dezagun orain.

        «Gaztela-mutilen» pasadizu bat da, Kirikiñok berak 1928.eko urtean Donostian eman zuen hitzaldi batean irakurria. Hara:

 

        Bein, Burgos probintziako uri baten, Durango inguruko mutil aldra bat ebilen zubi barri bat iragiten.

        Orain eztakigu zergaitik, bertako alkateak etzituen mutillok maite.

        Domeka arratsalde baten, erriko plaza zabalaren erdian egozan mutillak barriketan. Euren ondora urreratu zan txakur eder bat. Alkatearena zala esan eban batek. Eta, au entzunik, Abadiñoko Asensio Sagastasoloak arrikada andi bat emonda bialdu eban txakurra, txilioka.

        Laster etorri jaken erriko aguazilla esaten alkatearen aginduz guztiak erriko etxera joateko.

        Joan ziran, ba. Eta alkateak itzaldi garratza egin eutsen, gogor eskaturik esateko nork jo eban txakurra.

        Erantzun eutsoen eurek ezekiela; txilioak entzun zituezala, baña ez ebela ikusi nork arria jaurti eban; eurek ezegozala txakurra zaintzen; eurei ezeutsela ardurarik bape txakurragaitik eta bakean izteko eurei txakur kontu areekaz, txakurrari batenbatek emondako arrikadea gora-bera munduak ezebala ikararik egingo ta.

        Alkatea, mutillak bildurtzearren, euren izen-abizenak artzen asi zan eta papelean ipinten.

        Orretan ebilzala, txandea eldu jakon Asensiori be, ta alkateak itandu eutson:

        —¿Cómo te llamas?

        —Asensio.

        —¿El primer apellido?

        —Txakurra.

        —¿Y el segundo?

        —Jodabena.

        —¿Asensio Txakurra Jodabena?

        —Sí, señor, eso.

        Au entzunik, barre purrustadaka asi ziran lagunak, eta alkateak zarraparra handia atara eban.

        —¡De mí no se ríe dengún nacío en el mundo! Yo sus aseguru que sabré quién de usotros ha apedreao al perro, aunque no lo quieráis decir, y llevará su merecido. ¡Lo he de saber!

        —Ya te hemos dicho a usté. ¡Tanta copla...! —esan eban Asensiok urteeran, eta guztiak barre zantzoka urten eben, bape bildurtu barik. [1]

 

        Teatrolan barregarriak dituzten bezala, hiru parte ditu pasadizu honek: Aurkezpena (Burgosko hiri batean ari dira lanean Durango inguruko mutil batzuk eta, igande arratsalde batean, Asensio Sagastasoloak harrikada bat eman dio mutilok maite ez dituen alkatearen txakurrari), korapilozko lotura (Alkateak, aguazilaren bitartez, dei egiten die aiuntamentura joateko, ta gero, isildu gabeko erretolikaz agirika egin, bere txakurra nork jo duen esateko gogor eskatuz. Mutilok ihesbideka erantzuten diote. Orduan, mutilak beldurtzeko, izen deiturak hartzen hasten da alkatea) eta deslotura («Egiazko» irtenbide barregarri bat datorkio burutara Asensiori ta horrela bukatzen da alkatearekiko autua).

        Baina kontatzen den gertaera bat denez gero, ahoz ahoz edo idatziz (eta ez errepresentazioz), lehenbiziko parte biek eta hirugarrenak idazkera ezberdina dute. Lehenbiziko zati horietan ez da bakarrizketa edo elkarrizketarik agertzen, zeharretara idatziak daude (zeharbidezko idazkeraz), aurkezpena ta korapilozko lotura gehiegi ez luzatzeko, narrazioa arindu ta arinago heltzeko hirugarren partera, parterik garrantzitsuenera, parte honen gertuera besterik ez baitira aurreko biok. Eta hirugarren partean, errepresentazio txiki bat balitz bezala, aldatu egiten da idazkera, aldatu egiten da hizkera, aldatu egiten dira aditzak (hirugarren pertsonetatik bigarrenetara, lehen-alditik orain-aldira). Galdera ta erantzun bizi-biziak, koloretsuak, adierazkorrak agertzen dira, hitzez-hitz jarririk (lehen zeharretara, orain zuzenetara), indar, bizitasun, gatz eta barregarritasun gehiago emateko narrazioari.

        Prosista olerkaria dela Barbier esan dugu lehen (Ikus: Barbier, prosista olerkari). Ba Kirikiño, bertsolarien teknika bat gogotan harturik, prosista bertsolaria dela esango nuke, bere « azken puntuko» (pasadizu horren hirugarren parteko) ateraldiaren sakontasun, zorroztasun eta gatzaren prestaera baino ez direlako bere «aurreko puntuak» (pasadizu honen lehenengo parte biak). Begira Kirikiñoren beste adibide laburrago bat:

 

        Jente asko dago emen diruagaitik euren burua, euren guraso, euren Herri ta Jaungoiko laztana bera be, Judasek legez, salduko leukezanak: San Ogerleko baiño beste santurik ezagutzen eztabenak.

 

        Nork ez luke esango hori entzunik edo irakurririk, «prosazko bertso» bat ez denik? «Prosazko bertso» herrikoi bat ez denik? Hontan ere, herrikoi izatean ere, bertsolari kutsua du Kirikiñok, eta bertsolariek herriari (herri xehari gehienetan) kantatzen dioten legez ta herriko euskaraz, berak ere herriari idazten dio ta herriko euskaraz. Hain zuzen ere, berak esaten duenez, «gaurko euskaldunak, eurak direan legez artu bear dira, ta ez ibili atxean beorraren billa. Itxi daiguzan, orain bein-beiñean, berba zaarrak, iñok ezaututen eztabezanak eta berba barri asmauak, eta jarraitu daigun geure euskera nastutxuagaz: Nai ta anka barik egon, bizi daitela Simon».

        Erdara ere erabiltzen du Kirikiñok noizpehinka bere kontaketetan, euskaldunen erdara barregarria. Izan ere, euskaldunok (erdara dakigulako guztiok edo, ohitura txar baten eraginez edo), erdaraz eta euskaraz kontatzen dugu pasadizu bat, pasadizu hori erdaldunekin izan badugu. Adibidez: «Bai, medikuaren etxera joan ginen gure Katalin eta biok, eta "¿Cómo viene hoy?" esan zidan haren neskameak. "Me dijo para venir hoy, ¿no?" esan nion nik orduan. Eta gure Katalinek, gorri-gorri eginda, albotik, "Jakin dut nik..." esan zidan. "Jakin... zer?" erantzun nion haserreturik. Eta neskameak "Vamos a ver..."».

        Kirikiñok ere, ba, bere herrikoitasunak eraginda edo, horrela kontatzen ditu batzutan gertaerak. Txakurraren gertaera hortan, ostera, nahi ta nahiezko izan du horrela kontatzea, euskaldunen erdara barregarriz. Hain zuzen ere, galdu egingo zuen, bestela, bere grazia eta erdaldunentzat ulertezina den «Txakurra Jodabena» (jo duena) ateraldiaren hitz jokoaren indarra. Beste alde batetik, teknika berdina darabil erdaldunen erdara berezia erabiltean ere, eta erdaldunen herri-herriko erdaraz baliatuz, erdaldunen erdara bera ere barregarri bihurtzen du: «¡De mí no se ríe dengún nacío en el mundo! Yo sus aseguru que sabré quien de usotros ha apedreao al perro...».

        Ipuin kontatzaileen klitxeak hartu («Bein...», «laster etorri jakun...», «joan ziran ba», «orretan ebilzala...») ta bera ere narrazioan sartuz («orain eztakigu zergaitik...»), hiru-lau pintzelada zehatzez lekutzen du gertaera barregarri hori, ta errudunek alkatearen aurrean egiten duten zeharkako defentsaren argumentuak zeharkako esaldiz eta anaforaz josten ditu, narrazioari aparteko arintasun ta interesa emanez («eurek ezekiela...», «eurek ezegozala...», «eurei ezeutzala...», «bakean izteko eurei...»). Argumenturik behinena ta inportanteena, jakina, azkenerako utzi du («txakurrari baten batek emondako arrikadea gora-bera munduak ezebala ikararik egingo ta»).

        Kirikiñon ere nabari da ezezko esaldietako joskera mueta berezia, hau da, ezezko esaldi horietan osagarriak sartzen direnean, ez zaizkiela osagarriak atzetik jartzen, aditz laguntzailearen eta aditz nagusiaren bitartean baizik, galdegai baten ordez bi ezarriz, esaldiak adierazkortasun eta argitasun berri bat har dezan: «bertako alkateak etzituen mutillok maite», «munduak ez ebala ikararik egingo ta». Ikus: I. Laspiur, Joskera, JAKINen, 31-32, Oñate (Gipuzkoa), 1968, 49. orr.

        Horra hor, ba, gertaera barregarrien kontalari trebea dugun Kirikiño, bere aldiko euskaldun analfabetoak irakurtzen jarri zituen idazlea. «Nunca hasta ahora se vio a los vascos acuciados de aquella manera por las ganas de leer un libro. Y es que Kirikiño supo llegar a las entrañas del pueblo. Mientras otros escritores andaban como topos bajo tierra, o bien en la estratosfera, sin alcanzar nunca, el alma vasca». (L. Villasante, Historia de la literatura vasca, Bilbao, 1961, 332. orr.).

        Beste aldi eta kultura bateko idazlea izan arren, imitagarri dugu hiriko euskal kultura sortzean eta aringarri gure giro serio ta astun hontan. Izan ere, berak dioskunez, «beti beti auteskundeak edo erri-zuzentzak edo horrelako gauza benak erabagi barik, ondo da noiz edo bein gauza arintxuak, barregarriak erabiltzea be, norbere gogoari atseden (deskantsu) apur bat emoteko. Arazo astunak erabili oi dabezan gizon guztiak egiten dabena da, noiz edo bein olgeta batzuk egin, arazoak alde batera utzita, eta ori egiñaz atseden aundia artzen dabe. Guk be gaur orixe egin bear dogu, olgeta batzuk esan ta barre batzuk egin. Barre egitea osagarria da, barrerik egiten eztauna galdua dok».

 

        [1] Bustintza tar E, Abarrak, Zornotza-Amorebieta (Bizkaia), 1930, 172. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia