Aztergaiak

 

Igelak

 

Aintziko urerat

illargi-laurden bat erori zan

zuri, jori,

gauko zitu zori:

igelak jan dute, igeltxo igeldariek.

Orain, berriz,

intzirika daude igel igeltxoak,

igel igeltxo xoroak...

Gau-miñean

aintziko igelek dute, ai!, ei!,

illargi-min [1].

 

 

 

Basamortuko robotak

 

        Gaua zen.

        Basamortuan zeuden robot bi. Bakartade izugarrian.

        Estu ta larri zeuden, bata itsuturik, bestea ankarik gabe.

        Ikusi ezinik, ibili ezinik, geldi zeuden, eta oihuka, eta haserre bizitan, eta eztabaidaka.

        —Begibako! —esaten zion ankamotzak itsuari.

        —Ankamotz! —esaten zion itsuak ankamotzari.

        Haizea agertu zen, halakoren batean, nonbaitetik. Eta laztandu egin zituen robot biak, eta abesti gozo bat kantatu zien maitekiro, haiek adiskidetu nahirik.

                «Egin ahalegin!

                Aurrera,

                hau zure begiekin,

                zu honen ankekin...»

        Geldi zeuden, hala ere, robot biak. Geldi-geldi. Baina haserre bizitan eta eztabaidaka...

        Geldi egon ziren, geroago ere, ordu askotan, egun askotan, urte askotan... Eta ugerrak jan zituen. Erdoitu egin ziren. Ezereztu [2].

 

 

 

Kittarra

 

Sei burni-ari zintzilik.

Pin!

      pon!

            pun!

                    pan!

Lau tanta belarrietan.

Istil-otsa gogoetan.

Ire kolkoa,

udaberri den loretan [3].

 

 

 

Bidean topo!

 

                Nonbaitetik abiatu nintzen

                eta nonbaitera noa.

                Nondik nora

                bideak daki

                bideak bait narama.

 

        Nere bizitza, edozeinena bezala, ez da zelaia. Nere bizitzaren bidea, beste askorena bezala, gehienena bezala, ez doa mendi mutur goienetara. Munduaren begiraturako edozein muinotan, edozein erreka xoxtorretan bukatuko da —ezin igarorik— nere bizitzaren bidezka.

        Baina maitasuna ez da ederragoa ohe apainagatik. Eta urre poxponta erreginaren eraztunean bezain urre da harri tartean galdua.

        Nere bidexka itzaltsuan, nere bidezka ezkutuan topo egin dut Jaxintorekin, Joxe Marikin, Mirentxurekin, Alaznekin, Mikel Etxeberrikin, Joxe Anjelekin, Beltxokin, Jonekin, Manukin, Xabierrekin, Patxikin... eta beste askorekin.

 

                Bidean topo egin

                nere adiskideekin.

                Eta banoa

                ez dakit nora

                bideak daki

                bideak bait narama! [4].

 

 

 

Itsasoan

 

      Itsasoan, itsasoan,

      uhain zabal zoroan,

      urrunerat itsasoan.

      Zurekin maiz nindoan.

 

      Ez zen han neurririk,

      ez zen han mugarik!

Zu kapitain, ni lemazain,

      ez zen han gu bezain

      bihotzez alairik.

 

      Urrunerat itsasoan

      zurekin maiz nindoan.

 

      Ai, hango solasak,

      kantuak, ametsak!

Uhain zoroz, amodioz

      betez han betikotz

      elgarren bihotzak.

 

      Itsasoan, itsasoan,

      uhain zabal zoroan...

 

      Geroztik nun gaude?

      Zu hezur, ni fraide:

Zu zeruan, ni munduan,

      biak bat kantuan,

      eskualdunen alde.

 

      Itsasoan; itsasoan...,

      Jainkoaren itsasoan,

Bozkario zabal eta osoan [5].

 

 

 

Udaberria

 

        «Izen polita du udaberriak maitale guzien zeru urdina bezala. Izen gazte, odol berri eta bizi nahia. Hasiera... Baina nola adierazi gauzak?

        Amesgarri da ama gaztearen haur jaio berria; pozgarri ereilearen begitan uzta horia; zoragarri biligarroaren oihaneko bizia. Hori ote da udaberria?

        Ez. Haurra baino lehenago zen asmoa. Uztak aspaldi zuen ereitea. Biligarro kafiko lasto bakoitzak ba luke biziko poema isila. Hasiera...

        Biziaren garra sakona da, hotsik gabe barrutik dator, belar zahar arteko lehenbiziko pitxiak bezala. Ezer hartzekorik gabe ematea: arnasa berriaren piztuera. Uzta bera baino ederrago da muga gabeko pozaren amets zabala.

        Udaberria, berez, ba da eta ez da; gehiago da atzean uzten duen neguaren beltza. Egun luze nahiz eguzki motza; bizitzeko asmo gorria azeri zaharrak; garizuma ondotik aleluia... Udaberria zahar berritze bat da. Asmoa. Ametsa. Hasiera. Ezin ezkonduz zahartutako etxalde oneko semearen ezteiak, baserriko udaberria esan nahi du. Herriak ere beren negu eta udaberriak ba dituzte. Gizonaren harrokeriak bezala.

        Haize bolara baten ego txuriak argi sentia ekarri du Euskal Herrira. Zahartu ondoko gure udaberria dira ikastolak; eta euskal alorretako pitxi urdina, haurra. Ametsak. Hasiera... Hain du izen polita udaberriak! [6].

 

 

 

Ustu gaituzte

 

Ustu gaituzte

tiroz eta fletxaz,

likorez,

putaz,

futbolez,

zezenez,

boxeoz,

Urtaiñez,

likorez,

putaz.

Ustu gaituzte.

Ustu,

usteldu...

Bizioetan.

Prostituzio berria,

kapitalismo berria,

estranjerotik ekarria.

Ustu gaituzte,

ustu,

usteldu.

Poetak,

iturriak

ixildu ziran.

Il zaigu dena.

Eta poetak

uste

du

ezerk ez duela ezer balio.

Ustu gaituzte [7].

 

 

 

        Gaua etzaten ari zen Talai Mendiko gailurrean, eta urrutiratzen joan zitzaidan pixkanaka-pixkanaka pinudia.

        Astarraingo haizea, itsasotik lehorrera sartzen denean, gogortu egiten da, eta kiskaldu egiten zaitu garai beroetan; gauez ere bai. Lehorrean irekitzen du bere sabela, eta hantxe hustutzen itsasotik ekarri duen zama: Sakonean murgiltzen zaitu eta ez duzu beroa besterik sentitzen. Berdin gertatzen da negu gorrienean ere. Mozkortuta zaudenetan baitipat.

        Inguruarekin, haize beroarekin borrokan hasi nintzela iruditzen zitzaidan etxeruntz abiatu nintzenean [8].

 

 

 

Mutikoa ez dute maite;

ama ba du,

bainan mutikoa ez dute maite.

Mutikoa bakarrik dago;

aita ba du,

bainan mutikoa beti bakarrik dago.

 

Etxeko lau horma ustel artean,

hedoiartze guztiak; lehertzen zaizkio;

lau horma ustel horien artean,

ezin iraun dute, ametsek.

 

Mutikoak, ur ertzean exerita

ikusten ditu nola doazen ur negarrak,

haitzaren goitik, beheruntz

harriaren gogorrari biguntasuna ematen.

 

Inork ez du mutikoaren haize mingotsa laztandu,

itsasoa bera ere maria behera urrunduz joan da.

 

Mutikoak ba du ama, aita ere,

bainan mutikoa haitzaren zuloan bakarrik datza [9].

 

 

 

        Inesen lagunak, familia, ene etxetik at egiten zuen bizitze hura ez nuen ezagutzen, baino hori zen gutiena. Areago, beste zerbait sakonago eta ezkutuagoak ihes egiten zidan. Ez zitzaidan aski mundua Inesen begietatik ikustea, Inesen begiak nahi nituen. Haren pentsamenduak jakin eta pentsatu nahi nituen. Hura zen Ines, ihes egiten zidan funts hura.

        Eta nik Ines hura nuen maite.

        Espero nuen inoiz bateratuko ginela eta itxaropen hori zen ene maitasunaren sostengua.

        Baina guzti hauk ez nizkion Inesi esaten. Getarian eta gero bidean gentozela, gauza hauetan denetan pentsatzen nuen. Eta Ines arrotz zitzaidan, maite eta hurbil bezainbat.

        Egun harrez gero, itsasoari so egiten diodanean, Saturrarango egun hura datorkit burura. Ezpainak. Inesen bularrak. Aho ezkoa. Gusto gozo-garratz bat. Kresalaren eta olioaren usaina. Ines. Gero, beste arrats hartako neure hitz haiek gaztigatzen dute ene buru-hezurra.

        —Itsasoak ez du esperantzarik [10].

 

 

 

Bila nabil, gixaxoa!

 

blo      etakale                blokeaetakaleakblokeaetakaleak

blok      etakal                         blokeaetakaleakblokeaetakaleak

bloke    etaka                         blokeaetakaleakblokeaetakaleak

 

bloke    kale        blokeaetakaleak                  blokeakalea

bloke    kale        blokeaetakalea                  blokeakaleak

bloke    kale                        bloke              blokeakaleakb

bloke    kale                        kale              blokeakaleakbl

bloke    kale        blokeaetaka                  blokeakaleakbl

bloke    kale        blokeaetak                      blokeakaleakb

 

etani    arnasa                    bilazaharbati      emateko

etani    txori                  bilahaurñobati      erakusteko

etani    lore                    bilaneskatobati      erregalatzeko

 

etani    euskaldunbatenbila                euskarazhitzegiteko

etani    euskaldunbatenbila                euskarazhitzegiteko

etani    euskaldunbatenbila                euskarazhitzegiteko [11].

 

 

 

Durkehim-eko estazioa

 

        Durkehim-eko estazioa beltza da. Hamar anden ditu. Kontroleko etxea, ez dakit nola, lehendabizikotik hamargarrenera, tren bideen gainetik, zeru beltzetik zintzilitatua bezala dago... Altabozak hiru hizkuntzatan ematen ditu abisuak.

        «The train to Reimmes with first class carriage and slleeping-car...».

        «Messieurs les voyageurs le train destination...».

        Estazioak hamar irteera ditu tren bideetako aldera eta hamarretatik jendeak hamar hibai osatzen dituzte, bakoitza anden batera. Hibai bateri jarraitu behar diozu; egokiago: hibai batek zaitu bultzatzen... Maletak, jendea, paketeak. Jendea. «Messieurs les voyageurs... The train to Riemmes, ...destination Riemmes». Hamar minutu, hibaiak zure lekutik oso hurruti ez bazaitu uzten eman ditzazkezu eskerrak... P.T.T.-ren karro elektrikoak. Kontu! Ez dago gehiago hibairik, itsaso bat da. Lehen klasea, bigarrena, couchettes. Bokadilluen karroak. Emigranteen haurrak nigarrez. Jendea. Kontroleko etxean, aparatuek argi gorriak eta berdeak piztu eta itzaltzen dituzte...

        Hamargarren bagoia, lehen klasea. Tren bat gelditu da. Beste itsaso bat. Besarkadak. Ondo?

        Giséle Sergier, hogeitabi urte, kirrua, begi urdinak, luzea eta mehea... Dena. Bonboi bat. Lehen klasea, bigarrena. Salle d'attente deuxième classe.

        Aulkiak herrenkan. Lurra kolillaz betea. Hautsa, paperak, jendea. Jende asko, denak periodikuak leitzen...

        Gisèle: neska bat eserita maleta batekin, estazioan, jende artean. Bakarrik [12].

 

 

 

Lur erre bat baino haratago

 

Lur erre bat baino haratago

aurkitu nahi zintuzket...

Suak kizkali dituen

hitz

keinu

irri

negar

jarrera

guztietatik haratago.

Izarren hauts urdina

eta itsas-begi luzea

besterik ez legokeen

lur errearen beste alde hortan.

Jatorrizko biluztasunean,

menta-beltxen usaiak dastatzen,

sekso inuzentearekin jostatuz,

maitasun infinitoak egiten...

 

Eta itsasoa

bere begi urtsuekin

ortzadar gazi bat bezala

mila koloretan

lehertzen eta lehertzen.

 

Lur erre hau baino haratago

aurkitu nahi zintuzket... [13].

 

 

 

Kanario bati begira dagoen mutiko bat ikustean

 

Musu urdin bat eman dio laztanki zirimiri epelak

kale kolorgaren balkoi beltzean

zintzilik dagoen klabelina pinpirinari...,

ta usai zurizko irriño eztiz igortzi du klabelinak

kaiola pitxi batean kulunka ari den kanario otzana...,

ta kanarioaren bozkario horiak amets orlegiz bete

liluraz so egiten dion aingeruaren barne xaloa...,

ta, arrats behera honen samurrean,

udaberri itxaroz berpiztu zait

gerratearen burrunbada gorrian hildako haurtzaroa [14].

 

 

 

Amari poema

 

Indar goi, bertikal batek

astintzen ditu zure erraiak,

astintzen, ama,

                                            errai busti, heze, gordin, galantak,

 

frutaren algaretan

                              haragiaren dardaretan

                              —seme ta alabetan—

                              bai, mugitzen denak.

 

Ama, ama

sabel urdin, bero, sakon, teluriko

guztitarikoa dena,

ama

iturri azkenik ez duena,

uda oparo, hori, frutaduna

—arto, gari

mahats opari—

sagar helduaren gorrotoz

su goriaren amorrazioz

beti datorrena.

Ama, ama,

baso heze, sabel hotz, oparo

—zumar beltz

haritz, fago—

irrintzia bezain luze, pizti, basati

menditan

joaten dena.

 

Zure sabeleko zauriak

—pubis bolkaniko horren isuriak—

haziaren nekea,

fruta helduaren oinazea,

haur berri baten mindura,

gizonaren lehen ahots larria...

 

Zure haragi edenikoaren isuriak

semearen zainetan

gizon horren bazter guztitan

du bere ihesia.

 

Sabel horren itzala

fruta amorratuetan

jeitsi da.

 

Bere bultzadak ez du

ez langa,

ez bazter

ez ezer,

ez hesi

ez muga,

dena zabal, emankor da.

 

Ama, ama,

zure sabelak hustu dio, eman dio

munduari

bere hazi

oparia,

barneko laba goria,

semea lurreko ohean datza,

adarreko fruta

belarrezko ohean —ametsean— etzan den bezala.

 

Orain biziaren horratzak

seme horri

eskatuko dio —zer erremedio— bere garratza

existentziak guztioi dagigun hatzazala,

baina zuk bete duzu —zoriontsu—

zure amatasunezko betebeharra.

 

Ah, zeruko izarrak, planetak eta itsasoak

etor daitezela,

etorri zuri esku ematera,

gorputz bero hori herstutzera,

haik ere

              sabel horren beroan

                                              oparotasunean

handi, zabal, emankor sentitzera [15].

 

 

 

Gure hazaldia

 

        Askotan esan da gure hazaldiagatik «belaunaldi galdua» dela, «belaunaldi errea». Oker ez banago Rikardo zenaren esaldiak ditugu. Ni neu ere sinestuta nago, halaxe garela. Gure aurretik bada belaunaldi bat, ajerik asko aurkitzen badiogu ere, gu baino askoz naturalkiago euskaldun izan dena, euskaldungoan sustraituago. Gure ondoren berriz ere beste halakoxe bat datorkeen esperantza dugu. Gu bien bitartean gaude, sustrairik gabe, euskaldun garen ebidentzia galduta, euskaldun garela nekez deskubritu behar izanda, gure euskalduntasuna dolorez landu beharrean, dakizun situazioaren umeak beti ere, ahaleginak egin arren. Sustrai gabeko arbola zaingabeak, situazio malkarrean hazita, laihotzetan, ezin fruitu mardulik eman.

        Irautea ez da guti. Gure zeregina lurra lantzea eta hazi berria ereitea da, ondorengo altxumak sendo hazi eta fruitu hoberik eman ahal dezan [16].

 

 

 

Pompei

 

Vesubioren amorruzko su goitikoz

kiskalduriko ahalegin, amets ta poz...!

 

Pompei zahar, hiri mindu ta mingarri,

harri urtuzko hilotz hondar harrigarri,

 

trajediaren egiazko antzeztoki,

museoturik bizi zaren hiri-hobi:

 

Nire herria irudimen itunean,

Vesubioren beldur naiz zu ikustean [17].

 

 

 

Artegintzaren funtsa

 

        Artista beti gauzaki bilaka ez daitekeen zerbait —bizitza bera alegia— gauzatzen, objetibatzen eta gaitzen ahalegindu izan da. Zerbait hau dinamiko, iheskor eta misteriotsu denez gero, suzko txoriñoa bezala da, harrapatu uste dugun momentoan hegaldatzen zaiguna. Animaliaren kasuan ez da zinezko ezkutatzerik. Gizakiaren kasuan derriorrezkoa dugu ezkutatze hori. Ongi zekien hori Picassok. Ezkutatzea izan da, hein batean, gauzen izatearen funtsa. Halatan, arte modernoak bere baitan daraman mugapenez ezkutatzen du eta heldutasunerako eta osamenerako duen joeraz; ikus horren etsenplutzat egungo filosofia.

        Giza adimena, artistaren adimena, errealitatean ageri denari —fenomenoari eta numenoari— atxikitzen zaio, baina ageri denaren eta haretaz esanaren artean bada alderik asko. Artistak, bere edermenezko mintzaira dela medio, nahi luke errealitateaz osoki jabetu, barneraino sakondu eta agortu; hitz batetan, ahalik gehien harengana hurbildu. Baina errealitatea agor ezinekoa da, mugagabea, eta bera, xedatua eta mugatua. Halarik ere, artistak garaile dira; naturalezaren erresistentzia urratu eta gizadia edo gizartea jokamolde berrien mailara eraman ohi dute. Artistak, giza begiak bezala, berehala gau ilunbean ezkutatuko den izarra ager erazten ahalegindu behar du. Gisa honetako bihotz sentimendu eta hunkipena, ez da dudarik, Jainko-izateari buruz mistikoak senti lezakeen maitasun eraginaren antzeko-edo da. Dena den, adimenaren mailan ager erazi beharko du artistak intuizioz usnatu duena [18].

 

 

 

beste euri horren pean

arbola elkorren itzal segatuetan

maitasunezko mintzoen urdin lehertuan

gure zantzuen lasterka bustian

ilunabar ez den uharte biluzian

reaktoreek harrotu gabeko zerumugetan

oinazearen hats jelatuan

zazpiterdietako biografa mehean

asfaltoan kiskalitako oroitzapen erorian

kamikazearen begirada inberbean

gure odolen itsasbetean

honuntzerik gabeko autobusaren leihatilan

beste euri horren pean

gure begiek musu dagiote elkarri [19].

 

 

 

        Lehengo eta oraingo Euskal herrian barrena abiatzen bagara, okerrenean jarriaz beti galduan gabiltzala uste dugularik, berehala konturatzen gara zerbaitetaz, harriturik eta ia zoramenean: bere mehar-murritzean ez dela guk uste genduen bezain urria, muga zabalagoak dituela bere ezerezean, eta inoiz entzun ez genituen aberastasun izkutuak ere bai. Euskal literaturaren soroan bertan, eta horretaz ari gara hemen bestetaz baino areago, badira zenbait eliz liburu eder, prosaz nahiz hitz neurtuz, eta, tarteka eta bakanka, eliz liburuak ez diren irakurgai atseginak ere bai: larre-lore ikusgarriak nonnahi bezain ugari, bestetan esan dudanez, eta usai oneko landuagoren bat edo beste, bazterturik geneukan Barrutia lekuko, noizean behin eta non edo han [20].

 

 

 

        [1] Jon Mirande, S. Onaindiaren Milla euskal-olerki eder liburuan, Larrea-Amorebieta (Bizkaia), 1954, 1.156. orr.

        [2] Mikel Zarate, Ipui antzeko, Bilbao, 1975. 81. orr.

        [3] Nemesio Etxaniz, Ibon Sarasolak antolaturiko Gerra ondoko euskal poesiaren antologian, Donostia, 1973, 65. orr.

        [4] Gorka Trintxerpe, Zorion baten zainak, Bilbao, 1972, 173. orr.

        [5] Iratzeder, Argiz argi, Editions EZKILA, N.D. de Belloc, 64-URT, 1969, 34. orr.

        [6] Jose Mari Satrustegi, Príncipe de Viana aldizkarian, 37. zenbakian.

        [7] Xabier Azurmendi, Izatearen malura, Bilbao, 1971, 44. orr.

        [8] Anjel Lertxundi, Goiko kale, Bilbao, 1973, 81. orr.

        [9] Amaia Lasa, Mikel Lasa eta Amaia Lasaren poema bilduma, Donostia. 1971, 15. orr.

        [10] Luis Haranburu-Altuna, Itsasoak ez du esperantzarik, Donostia, 1973, 122. orr.

        [11] Argitaratu gabe dudan neure liburu batetik jasoa.

        [12] Ramon Saizarbitoria, Egunero hasten delako, Donostia, 1969, 19. orr.

        [13] Xabier Lete, Bigarren poema liburua, Bilbao. 1974, 164. orr.

        [14] Argitaratu gabe dudan nere liburu batetik hartua.

        [15] Luis Mari Mujika, Hitzak ebakitzean, Donostia, 1976, 136. orr.

        [16] Joxe Aruzmendi, Zer dugu Orixeren kontra, Oñati, 1976, 17. orr.

        [17] Argitaratu gabe dudan liburu batetik jasorikoa.

        [18] Edorta Kortadi, Artegintza, artista, gizartea, Bilbao. 1974, 12. orr.

        [19] Koldo Izagirre Urreaga, Itsaso ahantzia, Donostia, 1976. Numerurik gabe daude orrialdeak.

        [20] Mitxelenaren lan autatuak, Bilbao, 1972.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia