G. Aresti ta euskal poesiaren eraberritzea
«Gaxte giñalarik, leenik greko-latiñezko neurtitzak ikasten eta neurtzen asi gintzan, eta ez genien ezeren utsik arkitzen. Aiek etzuten punturik. Eta zer neurtitz ederrak guretzat, batez ere gerok alakoak egiten ikasi genuenean. Ni euskal bertsoak egiten gutxi edo asko asia nintzan; baiñan oso motel irudi zitzaizkidan, irakurtzeko beintzat, eta orain motelago berriz. Neurtitz aiek etzuten punturik, baiña guretzat mintzo ederra zuten, tuntunari edo igikerari begira.
»Aditu ukan dut, olako edo alako gogorakizun etzirela asmatuko puntuagatik izan ez baliza. Bedi; baiña zenbat geiagotan eramaiten du puntuak neurtizlaria nai ez dun tokira! Bestera baiño geiago. Gure euskera puntu ortan errexa da, errexik iñun baldin bada; ala ere, ez digu beti ta askotan esanarazten guk nai genuken uaxe; asko askotan gogaiari indarra kentzen dio. Gure olerkari bati puntuak ara zer esanerazi zion mixiolari batengatik: Jesukristok baiño neke geiago eraman zula. Ezaguna da gaztelaniz arako bertso ua:
»"Fuerza del consonante, ¿a qué me obligas?
»A decir que son blancas las hormigas".
»Eta, begira, izketa askatuan ari dirala, ustekabean puntu bat gerta baledie, kendu egiten dute, itsusi bailitzan. Bitxi da! Izketa askatuan oker dagona nola zuzentzen da, ugarituz, neurtuan?
»Ez diñot, ez, kantatzeko neurtitzetan puntua oso kentzekorik. Gure bertsolarieri ez dakit nik aiña esker nork emaiten dien; baiña neurtitzak irakurtekoan, askatu bear genuke kate astun ori». (Orixe, Musika ixilla-ren Sarrera-n, San Sebastián, 1963. 16. orr.).
Kate astun hori lehenbizikoz indartsu ta nabarmenki askatu duena Gabirel Aresti izan da. «Arestik, azken bolara onetan, bertso librea aukeratu du. Ta, bere bertso neurtuak ukatzeke, lasaiago dabillela dirudi, bere poesi-jario ugariaren muina argiago azaltzen duelarik. Euskaldunok, belarria oitua dugu bertsolari doiñura eta, bear bada, ez gaude orren gertuak neurri ta puntu gabeko poesiara, baiña ona dala dudarik eztago. Orrela gutxiago galtzen bai du gaiaren muinak». (Juan San Martín, Harri eta Herri-ren Aintzin-solasean, Bilbao, 1964, 14. orr.).
Euskal poesia klasikoaren oiharririk seinalatuenak hauek izan dira: Silabak ongi neurtzea (zenbaketaren ritmoa), amaiera berdinak jartzea (rimaren ritmoa) eta etenak eta geldiuneak (pausaren ritmoa). Baina, beste literaturetan egin den antzera ta atzetik joanez beti, euskal literaturan ere, betiko ritmook baztertu gabe, barne eraginak sortzen duen ritmo berri ta bizi askatu bat eman zaio olerkiari, azken bolara hontan. Eta Gabirel Aresti izan dugu aintzindarietariko bat, euskal olerkaritza eraberritzen, gaurkotzen ahalegindu direnetariko bat.
«Gabirel Aresti;
kaleko arkaitz,
aurkako bidezti
kontentagaitz.
Gizarte kutsatuaren
parnaso berriko
aitzindari,
hizkuntza urbanoaren
sortzaile taldeko
mailukari...» [1].
Irakur dezagun, bada, Lauaxetak legez, euskal olerkaritzan bide berriak egin dituen Arestiren olerki bat.
«Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
juztiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea,
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire aitaren askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik» [2].
Arestik, «bere gaztaroaren jabe dalarik, aize berriak dakarzki euskal poesiaren erresumara, arnasa berriak hizkuntza zarrari». (Juan San Martin, Harri eta Harri-ren Aitzin-solasean, Bilbao, 1964, 8. orr.).
Lehenengo ta bat, arnasa berria dakarkio Arestik gure hizkuntza zaharrari, batasun eta lasaitasunezko arnasa berria. Gaur idatzitakoa dirudi olerki horrek, euskara batuan idatzitakoa, nahiz eta orain hamairu urte idatzirikoa izan.
«El año de 1968 la Academia de la Lengua Vasca celebraba el 50 aniversario de su fundación. Entre las conmemoraciones, actos, festejos, etc., que con este motivo iban a tener lugar, se pidió a la misma Academia la organización de unas jornadas de estudio encaminadas a resolver el problema de la unificación literaria. Fue el académico correspondiente señor Gabriel Aresti quien hizo la petición en una sesión académica celebrada en Bilbao en enero de 1968». (Luis Villasante, Hacia la lengua literaria común, Oñate, 1970, pág. 46).
Oso gaurkoa dugu Aresti euskara aldetik (poesiaren teknika ta gai aldetik ere bai). Baina, bere garaian, ez zen onhartua izan zenbait taldetan, atzo-aren gozamenean bizi izan zirenentzat gaur-koa zelako ta gaur-ko gozamenean bizi zirenentzat bihar-koa. Bera ere konturatu zen hortaz: «Niri askotan pasatu zait ez naizela nire ingurukoen egun berean bizi. Ba dirudi ni gaurko egunean bizi banaiz nire inguruko asko atzoko egunean bizi direla, edo nire ingurukoak gaurko egunean bizi badira, ni biharko egunean bizi naizela». (Euskera, VII, Bilbao, 1962, 285. orr.).
Eginahalak egin zituen, aurrelari bezala, euskara batu bat lortzeko ta aranatarren giro estu itogarritik «euskera garbia» ateratzeko. «Euskara sukalde bazterrean eta taberna zuloan, eliz-aldarean eta Euskal Akademiaren bazkarietan mintza dadila, ez da naikoa aurrera iraun dezan; Euskal Herrian bizi diren guztiak hartaz baliatu behar dira bere bizitzeko hartu-eman guztietarako. Horregatik, eta hizkuntzaren batasunaren aldeko gutiziek bultzaturik...». (G. Arestiar, Hiztegi Tipia, Donostia, 1973, VII. orr.).
«Eztakit nola atrebitzen naizen
honela eskribitzera,
euskera klaro batean,
euskal garbi honetan.
Nik nahiago nuke,
egiaz diot,
holako hitz zakarrik
ez erabili,
ni ere garbizalea bai naiz,
hala esaten nion lehengo egunean
gure jakintsuari,
nahiago nituzke
gure euskal berbo erromanizatu honetatik
erdal modu guztiak
sustraitik kendu,
nahiago nuke
iberiar eskrituran
eskribitu,
nahiago nioke
grekotik
hartu dugun
teknik hitz bakoitzari
euskal hitz egoki bat
kausitu,
eztadin honela
nirekin hasarra
inor,
eztezan inork
nigan
euskeraren kontrako gorrotorik
bila...
Baina hola gertatu da,
eta nik eztut kulparik.
Mundu guztiaren kontra
nola ausartuko nintzake?
Nire lekua dago
herriaren aldean.
Nirekin dagoena
Euskal Herriarekin dago,
ni harekin bai nago» [3].
Poesiaren forma aldetik ere, haize berriak dakarzki Arestik euskal literaturara. Aztertzera goazen olerkiak ez du bertso neurturik ez rimarik bere bertso gehienetan. Nola ezarri dio, orduan, olerkariak poesi-hizkuntzaren ritmoa? Nola berezi poesia ta prosa? Anaforen bidez, gramatika eskema berdintsuak erabiliz, esanahi berdintsua duten hitz edo esaldi ezberdinak jarriz, eta abar.
Poeta erdaldunengandik hartu du Arestik teknika hori. «Arestiren era berri onek, bere barnetiko solasean ari dalarik, ba du gaietan Nerudaren Canto general-en aidetasun bat; moldez ere egille beraren Odas-en kidetasun bat, baita ere Oteroren Pido la paz y la palabra eta En castellano-rena». (Juan San Martín, Harri ta Harri-ren Aintzin-solasean, Zarauz (Guipúzcoa), 1964, 14. orr.).
Hona hemen, adibidez, Blas de Otero-ren olerki bat.
Crecida
«Con la sangre hasta la cintura, algunas veces
con la sangre hasta el borde de la boca,
voy
avanzando
lentamente, con la sangre hasta el borde de los labios
algunas veces,
voy
avanzando sobre este viejo suelo, sobre
la tierra hundida en sangre,
voy
avanzando lentamente, hundiendo los brazos
en sangre,
algunas veces tragando sangre,
voy sobre Europa
como en la proa de un barco desmantelado
que hace sangre,
voy
mirando, algunas veces,
al cielo
bajo,
que refleja
la luz de la sangre roja derramada,
avanzo
muy penosamente, hundidos los brazos en espesa
sangre,
es
como una esperma roja represada,
mis pies
pisan sangre de hombres vivos
muertos,
cortados de repente, heridos súbitos,
niños
con el pequeño corazón volcado, voy
sumido en sangre
salida,
algunas veces
sube hasta los ojos y no me deja ver,
no
veo más que sangre,
siempre
sangre,
sobre Europa no hay más que
sangre.
Traigo una rosa en sangre entre las manos
ensangrentadas. Porque es que no hay más
que sangre
y una horrorosa sed
dando gritos en medio de la sangre» [4].
Oso onteresgarria litzateke Arestiren lanen iturburuak aztertzej, nondik ta zer hartu duen ta gero nola moldatu duen ikusteko. Hara, konparabidez, Blas de Otero etaArestiren olerki bana.
Aresti ere, Blas de Otero-ren antzera, errepetizio zalea, da eta indartsu ta gartsu jartzen ditu. Adibide asko idatziko nituke, baina aspergarri bihurtu ez nadin, bat bakarrik jarriko dut.
«Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko orrietatik,
inoiz
inola
inun
ez naiz
isilduko».
«Beti esanen dut
egia.
Nire ahotik ezta hitzik aterako,
egia eztena.
Ezpainak apurtuko zaizkit,
hortzak eroriko zaizkit,
mihina ebakiko didate,
baina nik
eztut
gezurrik
esanen...» [5].
Nire aitaren etxea defendituko dut olerkian ere, lehen esan dugunez, errepetizio teknika hori darabil [6].
Behin eta berriz, esanahi berdineko era ezberdinez, bere aitaren etxearen defentsa-oihua entzuten dugu, olerkiaren melodiaren tema bezala, zoliagotzen eta sakontzen doan tema bezala, irudien arauera. «Leitmotiv» hunkigarria, benetan!
«Nire aitaren etxea
defendituko dut».
Bere aitaren etxea (Euskal Herria) zaintzeko burruka gogorra egin beharra izango du olerkariak. Eta «otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, juztiziaren kontra», (era guztitako etsaien aurka) ari izango delarik
«defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea».
Galduko ditu burruka hortan «aziendak, soloak, pinudiak, korrituak, errentak, interesak» (Euskal Herriko ondasunak, kultura, eskubideak...). Pena handiz galduko ditu, behin eta berriro baitio «galduko ditut» (beste anafora bat anaforen barruan) nahigabea hobeki adierazteko. Baina, hala ere,
«nire aitaren etxea defendituko dut»
Armak kentzen badizkiote (euskara hitz egitea, euskara ta euskal kultura irakastea, Euskal Herriaren historia ta eskubideak iragartzea...), orduan
«eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;»
Eskuak ebakitzen badizkiote (ez lan ez idatzi ez ezer egiten uzten ez badiote), orduan ere
«besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;»
Hareago; «besorik gabe, sorbaldarik gabe, bularrik gabe» uzten badute (aitaren etxearen alde ezertxo ere egin ezin bada agirian)
«arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea».
Eta hil ondoren ere, nahiz eta arima ta askazia galdu, ezinaren ezinean ere (poeta ameslari baten iraun nahiaren paradoja, «paterfamilias» baten gurari mina), orduan ere
«nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik».
Horra hor poeta baten garra ta indarra, Jesukristori imitatuz hitz egiten duen etxajaunaren oihua. Sarri askotan egiten du egin ere hitz Arestik Jesukristoren hitzak bere erara moldatuz, «Kristo urdina» baita bera. -
«Eta juzgatzen banaute
eztit inporta.
Begira
ni naiz
gizona
gizonaren semea,
gurutze batean behin il
zena,
Golgota haretan
akabatu
zena,
ni naiz
Kristo
urdina,
eta
ez besterik.
Jainkoa bedi
nitzaz
urrikal
mundu honetan
eta hoietzaz
bestean» [7].
Sarri askotan egiten du hitz, horrexegatik, Arestik Kristori imitatuz, ta Unamuno dirudi (beti Euskal Herriaren alde jokatuz euskaraz egiten duen Unamuno berria, jakina).
Gogora dezagun lehen adibidez jarri dugun olerki baten txatal bat.
«Nirekin dagoena
Euskal Herriarekin dago,
ni harekin bainago».
Ikus ditzagun orain konparabidez Kristoren hitzak: «Eta Juanek hauxe esan zion: "Maisu, ikusi dugu bat Zure izenean deabruak aizatzen, eta galarazi egin diogu gurekin ez dabilelako". Jesusek erantzun zion: "Ez galarazi, zuen aurka ez dagoena, alde baitago"». (Lk. IX, 49-50). «Ez galarazi. Inor ez daiteke, nire izenean mirari bat egin, eta nire kontra gaizki esaka ari. Gure aurka ez dagoena, gurekin dago». (Mk. IX, 39-40).
Nire aitaren etxea defendituko dut olerkia ere Ebanjelioan sustraiturik dagoela esan genezake. Irakur dezagun, berriz ere, Ebanjelioa: «Juduen Pazkoa urbil zegoen, eta Jesus Jerusalena igo zen. Jauretxean idi, ardi ta uso saltzaileak aurkitu zituen, eta diru aldatzaileak mahaietan eserita. Sokekin zartailu bat egin ta bota egin zituen denak Jauretxetik, beren ardi ta idiekin, eta diru aldatzaileen diruak lurrean zehar isuri ta irauli mahaiak. Eta uso saltzaileei hauxe esan zien: "Ken horiek hortik, ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe". Orduan haren ikasleek idatzirik zegoen hau gogoratu zuten: "Zure etxearenganako ardurak iresten nau"». (Jn. II, 13-17).
Bibliako pertsonaia, pasarte ta esakera asko aipatu genitzake Arestiren olerkien konparabidetzat. Baina hona hemen, azkenez, beste bat: «Ez duk gizona ogi hutsez bizi, Jainkoaren ahotik irtendako hitz oroz baizik». (Mt. IV, 4). Eta Arestik
«... ogitik ere
bizi baita
kristaua,
eta ez bakarrik
Aita Santuaren
hitzetatik.
Amén» [8].
Gai aldetik ere, eraberritze bat da Arestiren olerkia. Hain zuzen ere, Nire etxea defendituko dut olerkian ez da soro ta belardi ezez inguratutako baserri txori-gorri eder polit paketsu liluragarririk agertzen, baserri irudiak eta hitzak darabilzkin hiritar baten oihu urduria baizik; ez da txori txirripititxiolarien abesti alai zoragarririk entzuten, kaletar baten garraisia baizik; ez dago Arestien olerkian baserritar idealik, kutsadura artean lan egiten duen gizon gizajo baten iraun nahia baizik.
«Emeretzigarren gizaldiko asabak eta haien ondorengoak utzi dizkiguten sasi-"klitxeak" urratu, apurtu eta eten beharra dago, indarrez bada ere, ta realitateari dan bezela begi eman». (Gabriel Aresti, «Autokritika pixkat», Zeruko Argia 158, 1966, 3. orr.). Eta Arestiren realitatea hiria da, hiriko gizartea.
Ibon Sarasolak dionez, Arestiren gizona «Lemoara doa tranbian, birao egiten du Zorrotzan atrakatu den aleman barkua deskargatzen ari denean, tratantearen moduan dago Gipuzkoa ibilia; haren poesiaren paisaje naturala hiria da». (I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, Donostia, 1971, 85. orr.).
Bai, Arestiren poesiaren paisaje naturala hiria da, eta, batez ere, Bilhoko hiria.
«Hemen,
Bilbaoko erdal herri honetan,
kantatzen dik ene mihinak,
idazten dik ene eskuak» [9].
J. Azurmendi, I. Sarasola, R. Arregi, R. Saizarbitoria ta abar izan dira, gero, Arestiren bide zabaltze horri azkena ematen ahalegindu direnak, euskal literatura munduko mueta guztitako gaiez hornituz [10].
Eta, amaitzeko, Derioko kanposantuan, bere gorpuaren aurrean nengoelarik esan niona esan behar, berriz ere, kinto-lagun izan nuen Arestiri.
Nik «bai», zuk «ez»,
«ez» nik, «bai» zuk...,
orain hogei urte
Arantzazun.
Nik «bai», zuk «ez»,
«ez» nik, «bai» zuk..,
orain hamar urte
Deustun.
«Baietz» nik, «ezetz» zuk,
nik «ezetz», zuk «baietz»...,
orain bost urte
Beasainen.
Ni bizirik, zu hilotz,
orain Derion.
Zure gorpuaren aitzinean,
ahal izan dudan ekinean,
(zure ta nire baita)
Gure Aita
esan dut, Aresti,
kaleko arkaitz,
aurkako bidezti
kontentagaitz.
Gizarte kutsatuaren
parnaso berriko
aitzindari,
hizkuntza urbanoaren
sortzaile taldeko
mailukari,
Harri eta Herri:
harritxo bat izan nahi nuke,
harritxo bat nik ere,
egunotan,
harrizko herri hontan.
[1] Argitaratu gabe dudan neure olerki batetik hartua.
[2] Gabriel Aresti, Harri eta Herri, Zarauz (Guipúzcoa), 1964, 44. orr.
[3] Gabriel Aresti. Harri eta Herri, Zarauz (Guipúzcoa). 1964. 100. orr.
[4] María de Gracia Ifach-ek antolaturiko antologiatik hartua da: Cuatro poetas de hoy, Madrid, 1969, pág. 144.
«Ni una palabra
brotará en mis labios
que no sea
verdad.
Ni una sílaba
que no sea
necesaria..».
[5] Gabriel Aresti, Harri eta Herri, Zarauz (Guipúzcoa), 1964, 64. orr.
[6] Arestik berak ez dio titulurik jarri. Baina bat jartzekotan, horixe jarriko nioke nik, aitaren etxearen defentsa-oihu hori delako olerki osoaren laburpena.
[7] Gabriel Aresti, Harri eta Herri, Zarauz (Guipúzcoa), 1964, 174. orr.
[8] Gabriel Aresti, Harrizko Herri hau, Donostia, 1970, 73. orr.
[9] Gabriel Aresti, Harrizko Herri hau, Donostia, 1970, 93. orr.
[10] J. Azurmendiren ustez, gehiegi baztertu dituzte betiko natura-gaiak, eta beste mito berri bat sortu baserritarkeriaren aurka eta ordez: Kaletarkeria. Ikus: Zer dugu Orixeren kontra, Oinati, 1976, 4. Kapitulua: Baserritarkeria.
© Mikel Zarate