R. Bustintza ta ipuien balioa

 

        «Antziñako jakintzen oroipen asko gureganaiño irixten dirala, gauza jakiña da. Jentillen denborako sinismen eta oitura ugari, gerok garbi dakigula, oraindik gure artean arkitzen dira. Naiz lurreko, naiz odeietako gauzetan; naiz urteroko jai izentatuetan, zaarren esaunda, sinismen eta oitura ikusgarriak sarritan azaldu oi dira». (José Miguel Barandiarán, Obras completas, t. V, Bilbao, 1974, pág. 196).

        Gizaldiz gizaldi ezpain-belarri erabili izan ditugun ipuien balioa mespresaturik dagoela dirudi gure gaurko mundu jakintsu ta tekniko hontan. Baina, hala ere, hor dago ipuien balio berezia herri baten historia ta kultura ezagutzeko.

        Gure gari-kulturaren sorrera adierazteko, esate baterako, hor dugu San Martín errementaria deritzaion ipuia. Begira.

 

        «San Martinek, Atauna etorri zanean, ezekian erriko ez nekazaritzako berri. Eliza bat nai zuen zelai batean egin, ibarraren une zabalenean. Basajaunak muño-gainean (gaurko kanposantuan) egitea nai zuen. Egunez onek egindako lanak, gabez San Martinek ibarrera ekarri oi zituen. Gau batean, atso bat zegoan zelatan. San Martinek bere uztarriari:

                Aida zuria, aida gorria,

                orrako zelatan dagoen atso orri

                ateraiok begia.

        Idi batek bere adarrez atera zion atsoari begia.

        Eliza egin zuen San Martinek, bainan bertako serbitzarientzat etzuen ez laborerik ezta sororik ere. Basajaunari laguntasuna eskatu zion. Baina alperrik. Au saltoka zebilen galazi gainean. San Martinek, hura ala ikusita, istar gueneraginoko polainak egin zituen eta berak jantziak zituela.

        —Nik ere ik bezala egingo diat —esan zion Basajaunari.

        Saltoka asi zan bera ere pilo batetik bestera ta polainak galaziz bete zitzaizkon. Garia lapurtu zuen.

        Gero, galde au egin zion:

        —Noiz ereiten da garia?

        Basajaunak, irri ta parre artean, lagunai ze berri zen jakinarazi ta esan zien:

                Orri-irtete, arto-ereite;

                orri-legorte, arbi-ereite;

                orri-erorte, gari ereite.

        San Martin, bitarte artan, gordeta zegoen, ta gordetik aditu zituen Basajaunaren itz auek. Eta arengandik ikasita, berak ere garia erein zuen ta arrezkero ederki elikatu al izan zituen elizako serbitzariak.

        San Martín onen eguneko errezua au izaten omen zan:

        Janak on daigula, edanak gaitzik ez; gorputzak osasuna, animan kalterik ez» [1].

 

        Gure historia ta kultura ezagutzeko ipuiak duten balioa aztertzeko, erdi ezezaguna den Bizkaiko emakume idazle batek jasotako ipui bat aztertzera noa, «Mañariko Errose» edo «Mañariko» izenordekotzat erabiltzen zuen Rosa Bustintzaren ipui bat. Irakurri egin dezagun, bada, lehenbizi.

 

        Mutilla ta muskerra

        «Igande goiz baten, Otxintxuetako mutil gaztea, ez mezarik entzun, ez ur onetsirik artu, kistarraren ezertariko bearkunik betetu barik, patxaraz-patxaraz, basora joan zan.

        Mutilla, joan eta joan, bajoian bidean; eta aurrera ta aurrera egiñaz, mendi gallurrerantza egiten eban beti. Eta bide zati andia olan igarota, sastrakarte batera eldu zanean, pizti narraz batek ezkerreko oiñean, zart!, min-bizi mingarria egin eutsola oartu eban. "Ai, ene!" andi bat egiñaz, begiratzen dau, ta musker andi batek bere oiñean aoa ezarrita eukola ikusi eban. Estutu zan, larritu zan, eta esku makilleaz zartada errimeak emoten eutsozan arren, ikararik be ez muskerrak; gogor bertan.

        Ori ikusita, mutilla, ara inguruetara begi luzez begiraturik, laguntza eske deadar baten asi zan.

        Bere deadar zolietara, bertatik, atsotxu bat agertu zan. Eta atsotxu zaarra, mutillaren oiñean alako musker andia ikusi ebanean, gelduta geratu zan. Eta zur eta lur eginda, bere esku biak buruan ebazalarik, mutillari erruki andiz esan eutson:

        —A, mutil! Ederra daukok aldean! Gaur igandez mezarik entzun dok?

        —Ez, eztot entzun —erantzun eutson mutillak negar muzkerioz.

        —Eta ur bedeinkaturik artu?

        —Ezta.

        Kistar bearkunak ez ebazala betetu ikusi ebanean, atsoak barriro be bere esku biak burura jaso ebazan eta, olan luzarotxoan egonda gero, tamal-tamalez esan eutson:

        —Ire galdua, mutil, ori olan badok! Orain pizti orren aoa ire aragitik aldenduteko, iru erritako elizako kanpaiak amar miñuturen barruan ots egin bearko joek. Bestela..., ire zoritxarra! Muskerra oiñean dokala, or, egon bearko dok betiko.

        Itz bildurgarriok entzunikoan, mutillak garratzago negar egiten eban, amar miñuturen barruan iru erritako kanpaiak jotea gatxa be gatxa izango zala ta.

        Negar asko-asko eginda gero, bere begiak begirakune illunez zuzenduta, atsoari abots illunez itandu eutson:

        —Eta, amar miñuturen barruan, iru errietako kanpaiak nok joko dauz?

        —Besterik ezean, neuk joko joadaz, mutil —erantzun eutson atsoak errukiz— Ori egiteko, eure obenakaz damututa agoan ala ez jakin bear, baina damu az eztok?

        —Bai, damu naz —erantzun eutson mutillak bular joka.

        Orduan atsoa, «ondo jagok» esanda, iru erritara joan zan, eta euretariko eleizetako kanpaiak gogo beroz jo ebazan.

        Lenengo erriko kanpaiak, bere otsagaz batean esan eban:

        —"Txalan-txalan, mezarik entzun eztaualako muskerra oiñean".

        Bigarrenekoak, barriz:

        —"Txilin-txilin, ur bedeinkaturik artu eztaualako muskerrak min egin".

        Irugarrenekoak, ostera:

        —"Txolon-txolon, txarto egiteaz damutu dalako oraintxe bertan zorion".

        Eta azkenengo kanpai otsagaz batean, muskerra mutillaren ondotik arrapaladan aldendu zan eta bide zidorretik arin-arinka joanda, sasipe baten sartu zan.

        Olan mutilla muskerraren aotik aske geratu zan, oratuaren ezaugarririk be geratuten etxakolarik» [2].

 

        Beste ipui askoren erara josita dago ipui hori. Euskalerriko ta beste herri askotako ipui askoren eskema berdina du:

        1. Protagonistaren egoera paketsua.

        2. Protagonistaren egoera hori aldatzen duen gertaera oker bat, protagonistaren beraren erruz edo etsairen baten erruz.

        3. Egoera larria, ezbeharra, zoritxarra.

        4. Laguntzaile baten edo askoren agerkera.

        5. Okerra zuzentzeko ekintza baten beharrizana.

        6. Ekintza, bakarrik edo laguntzaileen laguntzaz.

        7. Etsaien alde egitea edo heriotza.

        8. Berriz ere, protagonistaren egoera paketsua ta zoriontsua.

        Mutilla ta muskerra-ren aria ere horrela doa, kristau-erlijio, aztikeria ta herri ohituraz egindako ari koloretsua.

        «El pueblo vasco, como todo grupo étnico, elaboró una cultura, unos modos de vida que traducen la actitud del hombre ante los problemas fundamentales de su existencia. Uno de los aspectos que cabe considerar en esa actitud es la religión. El ideal cristiano, sobre todo, ha desempeñado aquí papel predominante durante muchos siglos. Pero en su contorno y entreverándose a veces en sus mallas o desarrollándose aparentemente al margen de toda religión, existen otras concepciones —magia, mitología, mecanicismo—, horizontes de la paganía dispuestos a entronizarse igualmente cuando las circunstancias les sean favorables». (José Miguel Barandiarán, Obras completas, t. I, Bilbao, 1972. pág. 400).

        Mutilla ta muskerra-ren protagonistak ez du mezarik entzun igandez, ur bedeinkaturik hartu ere ez, hau da, ez du Elizaren lehenengo agindua bete: «Igande ta jai guztietan Meza osoa entzungo duzu». Eta ezbehar bat izan du basoan. Protagonistaren egoera aldatu egin da.

        Horra hor lehenbiziko bi dato interesgarri, kristauen sinestea ta sineskeria adierazten diguten dato bi. Hain zuzen ere, sarri entzun izan dut igande edo jai egunetan mezarik entzun ezik, ezbeharren bat etortzen dela. Apaizen ekinak ondo itsatsi zuen Elizaren lege hori kristauen bihotzetan eta, nahiz eta igande edo jai egunetan gaisorik egon, mezarik entzun gabe gelditzea pekatu bezala aitortzen zen sarri askotan (gaur ere bai, behin baino sarriagotan). Eta lege hori hobeki betetzeko edo, beldurra sartzeko edo, sineskeria bat ezarri zitzaion: «Lege hori bete ezik, ezbeharren bat etorriko zaizu». Eta, gainera, basoan etorri zaio ezbeharra gure ipui hontako protagonistari, sastrakartean, basajaun, basandere, herensuge, iratxo, musker ta gainerako numen txar guztiak egon ohi ziren tokian, aintzinakoen ustez.

        Ur bedeinkaturik ere ez du hartu mutilak. Elizaren ohitura bat nabari da hortan ere. Baina baliteke herri ohitura baten bataiatzea izatea ere: «Son numerosas en el país las fuentes consideradas como sagradas por razón de sus virtudes "milagrosas" o por su relación con hechos prodigiosos, con santos y con personajes míticos. Los mismos nombres de algunas de ellas son, a este respecto, bastante significativos: Urbedeinkatu (Ciordia) "agua bendita", Iturrisantu "fuente santa" (Ataún), Aingeruiturri "fuente de ángeles", Mariturri "fuente de Mari" (Orenin), Andre-Mari-iturri "fuente de Señora Mari" (Urdiain), Doneiturrieta "lugar de fuente santa" (Aralar)». (José Miguel Barandiarán, Obras completas, t. I, Bilbao, 1972, pág. 118.)

        «Musker andi batek bere oiñean aoa ezarrita eukola ikusi eban». Etsai gaizto kaltegarria agertu da, ta, berehalaxe, ezbeharra. Herriko sineskeria baten aztarna agiria benetan!

        Ezertariko kalterik egiten ez duen piztia bat da, izan ere, muskerra. Baina herriak ez du horrela uste. «Muskarrak arpegira igon ezkero, sendatzeko, zazpi herriko txilinak ots egin bear dabe ta ganera muskarrak ikutu dautsanari zazpi gona gorri edo zazpi txapel gorri jantzi bear jakoz». (Resurrección M.ª de Azkue, Euskalerriaren Yakintza (Literatura Popular del País Vasco), t. I. Madrid, 1935, pág. 44). «En Markina es corriente decir que cuando el lagarto muerde a uno no se suelta del cuerpo de éste mientras no se toquen a la vez campanas de tres iglesias». (José Miguel Barandiarán. Obras completas, t. II, Bilbao, 1973, pág. 215.) Ta horrexegatik, mutillak «esku-makilleaz zartada errimeak emoten eutsozan arren, ikararik be ez muskarrak, gogor bertan».

        Laguntzaileak (erdi kristau, erdi sorgin, den atsotxoak) bi eginkizunera behartzen du mutila, etsaiarengandik libratzeko: Gaizki egindakoaz damutzera (pekatuak parkatzeko Elizak eskatzen duen damua) eta hiru herritako kanpaiak jotzera (eliza ta aztikeria elkartuz). «Las campanas y su sonido son objeto de diversas creencias y relatos en los pueblos». (José Miguel Barandiarán, Obras completas, t. II. Bilbao, 1973, pág. 213.)

        Berehalaxe egiten du lehenengo eginkizuna mutilak, aranatar giroko kutsua duen «damu naz» esanda. Atsoak laguntzen dio bigarrena egiten, eta kanpaiak jotzean «hitz egiten dute hauek», hots-hitzez ta bertsotan, testularien antzera, sorginkeriaren giroan berriz ere ipuia sartuz eta ipui osoaren egitura, laburpen bezala, erakutsiz. Ta, berriro, protagonistaren egoera paketsua ta zoriontsua: «Olan mutilla muskerraren aotik aske geratu zen, oratuaren ezaugarririk be geratuten etxakolarik».

        Euskara aldetik ere handia izaten da ipuien balioa herriko euskara bizian esanak, ezpain-belarri kontatuak, izaten direlako.

        R. Bustintzak jasoriko honek ere ba du herrikoitasun bat: 1) eta asko agertzen dira: «Mutilla, joan eta joan, ba joian bidean; eta aurrera ta aurrera egiñaz, mendi gallurrerantza egiten eban beti. Eta bide zati andia olan igarota...»; 2) elkarrizketetan hika-ko aditz formak agertzen dira: «Ire galdua, mutil, ori olan badok!»; 3) superlatibu era zaharrak ere oso herrikoiak dira: «patxaraz-patxaraz», «aurrera ta aurrera», «asko-asko», «tamal-tamalez»; 4) hots-hitzak eta exklamazioak ere ba ditu: «zart», «txalan-txalan», «txilin-txilin», «txolon-txolon», «arrapaladan», «Ai ene!», «Ire galdua...»; 5) herri-herriko esakerak ere hainbat agertzen dira: «gogor bertan», «deadar baten asi zan», «atsotxu bat», «zur ta lur», «olan luzarotxoan egonda», «garratzago negar egiten eban», «ointxe bertan»; 6) eta, azkenez, narrazioaren bizkortasuna.

        Hala ta guztiz ere, landu egin du hizketa Bustintzak. Hain zuzen ere: 1) hitz kulto batzuk agertzen dira: «igande» (Bizkaian kultoa zen aldi hartan), «ur onetsi», «bearkun», «obenakaz», «batean» (batera esaten da Bizkaian), «aske»; 2) esakera kultoak ere bai: «joan ta joan ba joian», «bere begiak begirakune ilunez zuzenduta», «min-bizi min-garria», «azkenengo kanpai-otsagaz batean, muskerra mutillaren ondotik arrapaladan aldendu zan eta bide zidorretik arin-arinka joanda, sasipe baten sartu zen»; 3) izenlagunak ezartzean ere, azkenez, berehalaxe nabari da kultura kutsu bat: «negar muzkerioz», «begi luzez», «gogo beroz», «abots illunez».

 

        [1] R.M. de Azkue, Euskalerriaren Yakintza - Literatura Popular del País Vasco, 2.° t., Madrid, 1942, pág. 310.

        [2] S. Onaindia, Jolasketa, Bilbao, 1965, 115. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia