HIRUGARREN EKITALDIA

 

Pertsonaiak: Emakume ahotsa

                   Beñat

                   Erik

                   Aurelius

 

Eskena: Lehen zatiko teilatu bera da.

 

EMAKUME AHOTSA.— (Teloia zabaltzen da, dena iluna dago).

                  hain nekeak izan dira zuen azken egunak

                  ilunbeak karraxiak odol zauri minberak

                  gertu da azken bakea gauaren garaipena

                  ernetu zaitezte orain denbora den artean

                  aldarrika ezazue maitasun lotura

                  behingoz oihukatu egirik nagusiena

BEÑAT.— (Argia egiten da, gaua da. Lehen zatiko arropekin azaltzen dira, bizkarretik eutsita, Erik eta Beñat; triste doaz, Beñat aulkian esertzen da eta Erik lurrean). Jadanik pasatua da zuhaitz landatzea, musika prestatzea edo (ilargia seinalatuz) goiko gor haundi horrekin solasean ibiltzea.

ERIK.— (Beñaten gabardina jantzia du). Bai, gerratik libratu ginen eta berriro gerrara, etsipenaren gerra: amaigabea, arrotza, errukigabea. (Ilargiari begira) Mundu hontako andregaiak nora eraman dituzte? (Masailean malko bat nabaritzen zaio) Inork ez al du egingo aszentsore berririk?

BEÑAT.— Ez dakit, ez dakit. Pakearen bila atera ginen, pake zoriontsuengana. Teilatura itzuli behar, lehengo ametsen labera beroa aurkitzeko. Behean dena hila dago, eta hemen gu biok gaude, bakardade lagunak. Egunak luzeegiak dira, gauak areagoak, eta loak ere ez digu atsedenik ematen. Erik, orain noren zai gaude?

ERIK.— Akaso, uste dugu (irrifarre mingots bat eginaz) egunsentiak ekarriko duela guretzat ere argia.

BEÑAT.— (Publikoari begira) Zaila da, aspalditik dakigu eguzkiaren mirakuloak ordena baten jolasak besterik ez direla. (Jeikiz eta zuhaitzera hurbilduz) Hau ere ihartu da.

ERIK.— (Jeikiz) Moztu egingo dugu!

BEÑAT.— Nik ez dut haizkorarik.

ERIK.— (Eskua pijamaren jakako patrikan sartuz) Honela daudenean giltza bat nahikoa da botatzeko. (Atera du giltza sorta eta enborrean sarrail batean bezala giltza sartuz berehala erori da. Beñatek hartu du adarretatik eta kalera bota du). Gaua ere geldia dago, ez du arnasarik hartzen...

BEÑAT.— (Berriro bere aulkira itzuliz) Lo dago, ez du ikusi nahi gure pena haundia, (behatza minhingainean bustiz eta jasoz) baina hasperena badu, beldurti eta lotsaz nonbait ezkutatu da. (Zerbait garrantzitsua ulertu balu bezala) Bera da oinazearen konplizea!

ERIK.— (Beñaten ondoan, atezain hapela kenduz eta indarrez urrutira jaurtiz) Hala izanik ere ez da ezer gertatzen.

BEÑAT.— (Bere kapelarehin gauza berdina eginaz) Lasaitzeko balio du.

ERIK.— (Lurrean jarriz) Sekulan ez dut izan orain baino lasaiago egoteko arrazoirik.

BEÑAT.— (Pixka bat larrituz) Nola! Zergatik?

ERIK.— Ezer ez dudalako.

BEÑAT.— Eta ni?

ERIK.— Ai nire bakarkidea, nire bizki maitea! (Erikek Beñaten izter gainean ipiniz burua) Zu ni bezain aberats, ni bezain pobrea zara.

BEÑAT.— (Ezker aldean, erpinean Aurelius azaltzen da kapitain jantziaz eta bizkarrean fusila daramala. Beñat hunkiturik eta Aureliusengana joateko jeikiz) Begira, Aurelius, Aurelius gurea!

AURELIUS.— (Bere izena entzun du eta triste, serio begiratzen du; Beñat eta Erikek besarkatzen dute). Kaixo lagunok! (Besarkada eta laztanak amaitu ondoren) Ez dakarzuet ezer pozgarririk...

BEÑAT.— (Irrifartsu) Une txarretan ere gurekin.

ERIK.— Eseri zaitez! Kontatu, kontatu! Non ibili zara?

AURELIUS.— (Bere aulkian jarri da eta Beñatek berea ekarri du ondora. Hirurak segidan jarrita daude). Nire eginbeharrak ez ditut utzi. Zuek desertatu ondoren jenerala etorri zen, eman nizkion frenteko berri zehatzak eta gustora gelditu baina... berehala zuen kasuetaz mintzatu nahi izan zuen. Komisariak salatu zion gure arteko kidetasuna eta noizbait egin nituen bereiztasunak. Orduan zuen bila irteteko agindua eman zidaten. (Gehiago tristatuz) Bizirik ala hilik hamabost eguneko epean zuek han egon behar duzue.

ERIK.— (Haserre) Eta baietz esan zenuen? Hortara etorri zara?

AURELIUS.— Mehatxu egin zidaten, neure bizia arrisku haundian zegoen, (gogor) eta gainera ejerzitoaren moralarentzat ezinbesteko neurria zen.

BEÑAT.— Zer, gu harrapatzea?

AURELIUS.— Bai. Neu etortzea izan da, niretzako, lantegirik mingarriena, zigor honen pisu astuna ez zait behin ere ahaztuko, nik ez diet barkatuko. (Geldiune laburra). Jenerala, komisaria ez dira inor, gerra-keezko mamu batzuk. Garrantzia asmoak du, bide berrien zabaltzeak, herriaren lorpen odolduak.

ERIK.— Isildu zaitez!, oroipen ustel zikinak uxatu nahirik ibili gara. Orain paketsu gaude gu, joan zaitez berriz pozoia ekartzera bazatoz.

AURELIUS.— Ez, ez, badakit alferrik dela gauza hoiek kontatzea, isilduko naiz, baina nirekin eraman behar zaituztet.

BEÑAT.— Nora?

AURELIUS.— Kanpamentura.

BEÑAT ETA ERIK BATERA.— (Elkarri begiratzen diote) Gu ez goaz!

AURELIUS.— (Oso triste) Baina, mesedez lagunok, bizirik ala hilik!

BEÑAT.— (Espresio injenuo batez) Ni bizirik ez noa behintzat.

ERIK.— (Triste) Ni ere ez, azken finean lagunaren eskuetan hiltzeak badu haunditasun ukitua.

BEÑAT.— Bai egia, hori izango da gure arteko kate hautsiezina. (Irrifarrez) Betirako loturik gaude: gu biktima, zu borreroa; denok beharrezko kuadroaren osorako. Konposizioa hirukian: gu hirukiaren behea eta zu erpina, irudien indarrezko iturria, mugimenduaren hasiera. Unearen aukeratzea artistaren eskuetan. Pintorea falta zaigu?

AURELIUS.— Ez, ez, ironia ez Beñat, farrerik ez, eginkizun hau ez dut jolasa, aukeratu dut neure bidea eta zuek zuena...

ERIK.— Gurea..., zure fusilak muturrean du.

AURELIUS.— Ez. Hil nazazue zuek ni, berriro ere ihes egin.

BEÑAT.— Orain ja ez, berandu da.

AURELIUS.— (Atsekabez) Zergatik? Zergatik?

BEÑAT.— (Jeikiz, ilargiari begira) Zer espero dezakegu?

ERIK.— Egin dugunaz sinesmen sendoa dugu, orain ez dugu etsiko.

AURELIUS.— Eta nik zer? Zuek eroak zarete, (ia negarrez) ilusioak zuen jabe egin dira. Jan ezazue, lo egin, lurra zapaldu indarrez. Harriz, urez, molekulaz dago osatua mundua, ez aszentsore erraldoiez, ez buruzapi horiz. Maite itzazue lorak, ibaiak, egunero bizi diren pertsona arruntak.

ERIK.— (Penaturik) Maite ditugu gehiegi ere bizitzaren apur kaxkarrak. Saiatu gara, amildu gara harkaitz artera minak eta ahulkeriak urritzearren, eta zuek arrotz, gor egin zarete, begiak ez dituzue altxatu; ahalegin gazte oro hautsi duzue bortxaz. Zeuek sortutako egiekin urtuko zarete laster; orduan bai akaso, burruka berriz hasiko da, zuen aurka. (Irrifarre izpi batehin) Ilusioz eta ametsez itorik hilko zarete, bidea egiten aritu gara. Hutsegin dugu askotan baina atzetik ubidea beterik dago, indarrez dator uholdea.

AURELIUS.— (Jeikiz) Hortaz, nirekin etorri eta berriro hasi!

BEÑAT.— (Pentsamentuak urrun balitu bezala) Iraganari, gure lan guztiei uko ez diegu egingo.

AURELIUS.— Mesedez, zatozte! Ordena beteko badut berehala atera behar naiz. (Erik ere jeiki da). Mesedez, nirekin bazatozte epaituak izango zarete, nik ahal dudana egingo dut zuek salbatzeko.

ERIK.— (Tinko) Ez.

BEÑAT.— Ez, bizirik ez.

AURELIUS.— (Hirurak teilatuaren ertzean daude, publikotik gertu). Asko maite zaituztet, (negarrez) asko, asko...

BEÑAT.— (Beñat eta Erik konsolatzera joaten zaizkio). Bai, guk ere bai lagun. Lasai Aurelius!

AURELIUS.— Ez zaituztet hil nahi. (Fusila bizkarretik hentzen du eta gerri parean hartuz Beñat eta Eriki apuntatzen die).

ERIK.— (Beldurrez begiratzen dio Beñati eta elkar eusten dute). Zer egingo duzu ba...?

AURELIUS.— Ez dakit..., benga, goazen!

BEÑAT.— (Erik ferekatzen duen bitartean) Ez.

ERIK.— (Irrifarre triste batez) Ez.

AURELIUS.— (Aurpegian malkoak darizkiola, oihuka) Zatozte! (Tiro eginaz eta Erik joaz. Beñatek ez dio erortzen uzten). Zatozte! (Orain Beñati tiro egin dio eta biak erortzen dira. Aureliusek ozenkiago eta negar zotinka) Zatozte, zatozte!

 

(Beñat eta Eriken gorpuak ikusten dira eta "Danubio urdina" entzuten da, lehenik baju eta pixkanaka pixkanaka tonoa altxatzen doa. Aureliusek malkio jarioa gelditu ezinik, tamalez beterik, alde batera eta bestera begiratzen du eta doinuari jarraituz dantzan hasi da emeki-emeki).

 

AURELIUS.— (Valsaren ritmoan, atsekabeturik, oihu garratzez) Dantzatu, dantzatu! (Aireari tiroka hasi zaio. Ahotsa ahulagoa du) Dantzatu, ene hilotz maiteak, (geldik publikoari begira, mingotski) dantzatu, dantzatu, zuek ere dantzatu!

 

TELOIA

 

© Jose Luis Otamendi