BIGARREN EKITALDIA

 

Pertsonaiak: Beñat

                   Erik

                   Aurelius

                   Komisaria

                   Emakume ahotsa

                   Ordenantza

                   Jenerala

 

Eskena: Orma gris zaharkituak dituen gela batean gaude. Ezker aldean, barreneko orman ate berde bat dago eta eskubira ohe metaliko bat. Publikotik gertuago eskritorio gisako mahai bat eta bi aulki. Atetik ezkerretara pertxero luze bat dago eta leihoa. Leihotik argia sartzen da. Sapai erdian lanpara ahula eta mahaian flexoa.

 

BEÑAT.— (Erik eta biak sartu dira militarrez jantzita. Sapaiko argia pizten dute. Kanpoan gaua da. Ohean jartzen da nekaturik) Ai!, nola gorrotatzen dudan jazkera alu hau! Azalera erantsi zaizkit urte luze hauetan. Erik, bi urte pasa dira, bi urte minbera ilargiarekin jarduten genuenetik.

ERIK.— (Leihotik kanpora begira) Bai, hiriak berak ere beldur jitea hartu du. (Pertxeroan uzten du kapel militarra eta otarretik ogi kozkor bat eta ardo botila ateratzen du. Ohe ondoraino hurbiltzen da eta jakiak Beñatekin banatzen ditu). Pakea, pakea, odol gutxi behar du edo garbiegia izatea (keinu triste bat eginaz), jaio berria horretaz sinisteko. Ia hiru urte, herri honetako biztanle gehienak soldadu besterik ez direnetik. Ez dago igeltserorik, atzezainik, perratzailerik, denok gudari gara, aberriaren zaintzaile, ustelaren mirabe. (Ardoari zangada emanaz) Eta oraindik kantatzeko kapazak gara:

                          Iturriaren murmurioa entzuten da

                          lur lehorretan

                          eta mina garaituz doa

                          azken gaua egin arte

                          zerua gorriz pintatu dute

                          azken gaua egin arte...

BEÑAT.— Nahikoa da, isildu zaitez! Ez zaitez honela mintza, egunotan dena dugu tristura, hala ere gu batera gaude. Nork ez du galdu gerra honetan lagunik maiteena!

ERIK.— Gaua ere hil nahi dute altzairuen eztul hotsek (Bonba baten burrunda entzuten da eta bere argia isladatzen leihoan).

BEÑAT.— Mesedez, isildu zaitez!, badut nik min ugari zu areagotzen saiatzeko. Noizbait bukatuko da gure hondamendia.

ERIK.— (Irrifar triste batez) Hori, hori, noizbait...

 

(Atea zabaltzen da, Aurelius azaltzen da kapitain galoiekin. Irrifartsu sartzen da eta Beñat eta Erikek saludatzen dute. Aureliusek bi botila ardo dakar).

 

AURELIUS.— Deskanso, deskanso! (Kapela uzten du eta burua bendatua dauka). Gaurko egun hau benetan alaia da guretzat. Gure gudariek ibaia pasa dute; burruka gogorrean lehengo mugetaraino iritsi gara. (Eskritorioaren atzean jarri da eta botila irekitzen du) Etorri, etorri, ospatu dezagun! (Erik eta Beñat mahai ondoan jartzen dira eta Aureliusek, kajoi batetatik atereaz, zigarroak eskeintzen dizkie. Erikek hartzen du). Gaurko aurrerakadak itxaropena berpiztu du soldaduen artean.

BEÑAT.— Eta pakea noizko?

AURELIUS.— Pakea! Orain ezin daiteke horretaz pentsa! Garaipena lortuko dugu ahalik eta azkarren, baina garaipena. Ezin zaie esan gaur hildakoei eta haien lagun sutsuei hain gutxigatik saiatu direla. Aberriaz mindurik daude, "irabazi ala hil!" entzuten da frentean.

ERIK.— Hil, hil, egunero hiltzea, zer irabazi ez dakite...

AURELIUS.— (Haserre) Nola ezetz! Gurea dena, geure nortasuna bereskuratu behar dugu, ezin gaitezke gera esku hutsik. Zer esango dute gure semeek? Zer ikaskizun emango diegu bide ona hartzeko? Nola jakingo dute nondik datozen, nora hartu behar duten aberria hondatua uzten badiegu? Gezurra dirudi, geure artean ere, honela pentsatzen duen jendea izatea! (Lasaituz) Bestalde, gerra luzea doa, eta bihotz ahulak etsipenak jotzea ez da arraroa; baina Erik, oso kaltegarria denontzat. Izan ezazu fedea biharko aberrian.

ERIK.— Gaurkoan ez behintzat!

BEÑAT.— Biharkoan bai Erik, biharkoan bai.

ERIK.— Gizarajoa, zuk esan behar hori! Non da zure maitea?

AURELIUS.— (Algaraz) Ja, ja, ja!, bai, non da, non da zure maitea?

BEÑAT.— Ez ezazue urratu nire pena haundia.

ERIK.— Non geratu ziren nire aszentsoreak? (Aureliusi) Zure sagastia?

AURELIUS.— (Serio) Nire iragana aberriaz bete nuen, nire sagar gozoak fusil egin dira, baina zuek umezurtz zaudete, berriro hasteko txepelak zarete. Aszentsoreak behar derrigorrez, ezin dute izan kainoi edo hegazkinak; andregai bakarra buruzapi horikoa, beste edonor maitatzea traizioa litzateke, ez al da hala?

BEÑAT.— (Jeikitzera doa baina Erikek eusten dio). Bai, bai, bila nabil, aurkituko dut! Haize txar batek eraman zuen, eguzkia irteterako nire alboan izango dut.

AURELIUS.— (Eriki) Zer esaten du?

ERIK.— Guk ez dugu inor hil nahi.

AURELIUS.— (Beñati) Eta hori?

ERIK.— Guk andregaiak, aszentsoreak...

AURELIUS.— Eta guk, (harro) gehienok, aberria.

ERIK.— (Ardoa edanez) Ez, ez da berdina!, bakoitzari berea. Nik, (Beñati begiratuz) guk, badugu aberria maitatzeko kemena, baina landareek lur ona bezala guk lehenbizi amets hoiek bete beharra.

AURELIUS.— (Aurelius erantzutera doa baina telefonoaren txirrina entzuten da eta hartzen du) Bai?... bai, bai, oraintxe, ondo dago. (Laga du telefonoa eta berriro Beñat eta Eriki) Barkatuko didazue baina orain zer egina dut. Mesedez joan zaitezte eta gero jarraituko dugu solasean. (Beñat eta Erikek kapelak jazten dituzte eta Aurelius saludatu ondoren badoaz atetik hanpora). Ez zaitezte gehiegi urrundu, akaso beharko zaituztet eta. (Buruarekin baietz egin diote eta atea itxi dute, berehala komisaria sartu da). Gabon!

KOMISARIA.— (Esku batetan kapela hartuz eta besteko papera pixka bat altxatuz) Gabon, esan bezala frenteko soldaduen moralaz txosten bat dakart.

AURELIUS.— (Eskuekin jartzeko esanaz) Eta zer modukoa daukate?

KOMISARIA.— Egia esan, ez oso ona.

AURELIUS.— Nola?, gaur zeharo sutsuki burrukatu dira!

KOMISARIA.— Oraindik bai, baina elementu batzuen jardunek ez diete aurrerantzean batere lagunduko.

AURELIUS.— (Txostena hartuz) Eta elementu horiek ezagunak al dira?

KOMISARIA.— Gehienak bai, azkenengo orrian duzu zerrenda.

AURELIUS.— (Azken orrian zerrenda irakurriz eta pixka bat urduri) Hemen erruren bat dago!

KOMISARIA.— Barkatu jaun kapitaina, baina ez dut uste.

AURELIUS.— Tartean nire lagun baten izena dago.

KOMISARIA.— Badakit, Erik soldadua.

AURELIUS.— (Haserre) Eta?

KOMISARIA.— Bera da peligrosoenetakoa.

AURELIUS.— Gezurra! (Irrifarrez) Haur bat bezain inozentea da, ez du asmo txarrik, noizbehinka gehiegi hitzegiten du, ez dio inori minik egin nahi.

KOMISARIA.— Baina egiten du.

AURELIUS.— Frogarik ba al da?

KOMISARIA.— Hortxe dituzu soldadu batzuen deklarazioak.

AURELIUS.— Bueno, utzi ezazu Eriken asuntoa nire eskuetan; besteak arrestatu ditzatela. Besterik ez, gabon!

KOMISARIA.— Jaun kapitaina...!

AURELIUS.— Besterik ez eta kitto. Agur! (Komisaria ateratzen da eta ondoren telefonoa hartzen du) Kabo!, ekarri itzazue azkar Beñat eta Erik soldaduak! (Jeikitzen da eta ardo basoa eskuan duela gelaren alde batetik bestera hasten da. Denbora gutxira atea jotzen dute) Sartu, sartu! (Beñat eta Erik sartu dira larritu xamarturik). Jarri zaitezte hor!

BEÑAT.— (Saludatu gabe jartzen dira Erik eta Beñat. Aureliusek bere ibilian dihardu). Zertarako hainbeste presa?

AURELIUS.— Zuri Beñat ez daukat zer esanik, oraingoz, (Beñat jeikitzera doa) baina gure laguna zeranez, hemen esan behar ditudanak zuk ere entzutea gustatuko litzaidake. (Berriro jarri da Beñat). Erikei egin behar diot errieta. (Eriki begira) Zergatik ote zara hain bihurria?

ERIK.— (Estutu gabe) Ni?

AURELIUS.— Bai zu, arinkiegi hitzegiten duzu eta gero niri etortzen zaizkit denuntziak.

ERIK.— (Lasai) Azken urteotan egin dudanaz ez naiz damutzen..., gerrara etortzea ez izanik.

AURELIUS.— Hortxe, hortxe dago gakoa! (Txostena hartuz) Hemen soldadu batzuk aitortzen dutenez zure hitzegiteko moduak aberriari kalte egiten dio.

ERIK.— Nik pentsatzen dudana esaten dut, ez nuen uste hain ahula zenik aberria.

AURELIUS.— Horretxek ba ekarri ditzazke kalteak zuretzat. Hori entzun duten askok zuk baino beroago sentitzen dute aberriaren deia eta salatu beharrean aurkitu dira.

 

(Bonba baten eztanda entzuten da gertu).

 

ERIK.— (Leiho aldera begira) Horrek eramango zuen salatariren bat, je!, je!

BEÑAT.— (Beldurti) Eta Eriki zer egingo diozu?

AURELIUS.— Abisua eman bakarrik, baina neronek, hemendik aurrera zuhurrago ez bazara, ezingo dut gauza haundirik egin. Komisari politikoari ez zaio batere gustatu zuganako bereizkuntza.

ERIK.— Detenitu nazatela, hil nazatela! Hori eginez gero beraientzat kalte: nitaz heroi bat egingo dute...

AURELIUS.— Heroia?, zure izena lurrak irentsiko du, harrek jango dute. Isildu zaitez denbora duzun artean, gero, garaipen orokorra lortu ondoren, teilatuetara itzultzea posiblea izango da, amets zahar eta berrietan loratu, edertuko gara; bestela desertu antzua bihurtuko.

(Goxokiro) Badakizue, askotan adierazi dizuet nola maite zaituztedan, baina nik hemen betebeharrak dauzkat, eta ez nituzke nahi nire burua eta bihotza elkarren aurka sentitzea. Nik ahal dudan neurrian zainduko zaituztet, hortik aurrera...

BEÑAT.— Zer? Zer?

AURELIUS.— Hortik aurrera..., neure honra, prestigioa, bizia bera jokoan jarriko nituzke.

ERIK.— Ez dugu merezi?

AURELIUS.— (Pentsatuz) Akaso bai, baina ezer galdu gabe jarrai dezakegu kontu pixka batekin. Horixe eskatzen dizut, besterik ez lagun! (Irrifartsu) Besarka gaitezen egun beltz honetan, hiruron loturak indartu gaitzan.

 

(Besarkatzen diren une berean beste bonba baten eztanda entzuten da, gela ilunpetan geratzen da eta kristal hautsien hotsa entzuten).

 

ERIKEN AHOTSA.— Ondo al zaudete?

AURELIUSEN AHOTSA.— Fedea eduki ezazu, gure herriagan fedea.

ERIKEN AHOTSA.— Ni osorik nago.

BEÑATEN AHOTSA.— Nire andregaia ezin dut aurkitu.

 

(Isilune laburra).

 

EMAKUME AHOTS BAT.—

             gaua da

             gaua da

             liluratu nauena

             ke eta hilen artean

             ez zaitut ikusten

             zatoz ene maitea sabel bero honetara

             erreka ertzean nauzu zure zai

BEÑATEN AHOTSA.— (Negarrez)

             Zugana doa ibai guztietako ur gazia

             banoa maitea

 

(Berriro argia egin da, leihoko kristalak hautsi dira eta hirurak lurrean daude, jeikitzen dira eta arropetatik hautsa kentzen ari dira).

 

AURELIUS.— Gertu izan dugu hau.

BEÑAT.— (Irrifarrez) Gertuago izan dut nik.

ERIK.— (Ironikoki) Musika ederra zen, gero eta bonba hobeak egiten dituzte.

BEÑAT.— (Leihotik begira) Erik!, hamaikak jo ditu. Goaz goardia egitera.

ERIK.— Goazen usteltzera.

AURELIUS.— Esandakoa ez ahaztu! (Elkar saludatzen dira eta Beñat eta Erikek irtetzen dute gelatik. Aurelius bakarrik geratzen da. Atea jo dute) Aurrera! (Ordenantza sartzen da. Saludaten dira).

ORDENANTZA.— (Portafoliosa darama besapean, Aurelius saludatzen du) Zure aginduetara kapitaina. (Mahai aurrean jartzen da, beste aldean Aurelius dago).

AURELIUS.— Zer da hor kanpoan? (Ametrailadora hotsa entzuten da urrun).

ORDENANTZA.— (Berekiko bezala) Negar eta oihuak alde guztietatik; odol erreka beltzak gorrotoz beteak.

AURELIUS.— (Zigarro bat piztuz, urduri) Zertara etorri zara?

ORDENANTZA.— (Esnatuz) Berriak ekartzera: goizeko bostetan jenerala dator egunsentiarekin gure tropa ahulei indarra emateko.

AURELIUS.— (Urduriago, zigarroa itzaliz) Eta ni naiz hemengo ofizial gorena!

ORDENANTZA.— Bai kapitaina, zuregana dator egoera ezagutzera, kontu eskatzera.

AURELIUS.— (Harro) Orain arte ez dut ezer gaizki egin, agintea hartu nuen ordutik ez da ezer galdu, irabazi baizik. Gogorra izan da, gogorra doa kanpaina, baina akaso sariren bat dakar niretzat.

ORDENANTZA.— Irabazitako ehun metro horietan gainezka egin dute erorien gorpuek.

AURELIUS.— Isilik! (Tentetuz) Gela honetan hartu beharko dugu.

ORDENANTZA.— Nor?

AURELIUS.— Jenerala!, zein ba bestela?

ORDENANTZA.— Ah! Bai, bai, noski noski: hain gela txukunik jada ez da inon.

AURELIUS.— Kanpainako egunerokoak beteta al daude?

ORDENANTZA.— Bai, denak fitxeroan daude. Atzo eta gaurkoak zure firma falta dute.

AURELIUS.— Ondo dago. Goaz azkar behera, presta dezagun dena ondo eta garaiz.

 

(Ordenantza kapitainaren atzetik doa, ateratzen dira eta berehala Beñat eta Erik fusil banarekin eta lokatzaz zikin sartzen dira. Arnas estua dute, presa haundia).

 

BEÑAT.— Aurelius ez dago!

ERIK.— Ez, ez, inor ez dago.

BEÑAT.— Zer egingo dugu? Zai egon beharko.

ERIK.— Ezin dugu Beñat!

BEÑAT.— Gure laguna da! Berak egingo luke hainbeste gugatik.

ERIK.— Baina Beñat, (Beñati eskuetatik eutsiz eta begietara begira) goardia utzi dugu, laster ohartuko dira, mugitzen ez bagara beranduegi izango da.

BEÑAT.— (Bere burua Eriken sorbaldan erortzen utziz) Pixka bat pentsatzeko beta badago.

ERIK.— (Haserre Beñatengandik apartatuz) Orain pentsatu! Nik ondo erabakia dut. Orain egiteko ordua da, ihesiz joatekoa: aski dastatu ditugu heriotza, haize gazteen ximeltzea. Itzuli beharra genuen geure ilusioen ehizera: aszentsoreak, maiteminduak, ilargipeko eurietara. (Ohe ertzean jarriz eta fusila lurrera boteaz) Ezin dezaket hemen jarrai, zuek eman zenidaten bizitzeko esperantza eta burruka zor dizuet, gerra madarikatu honek ez dit inolako heriotza maitearaziko. (Beñat mahai ondoan dago, hara hurbilduz) Zuek egin nauzue bizi zalea, ezaidazue eska orain amore ematea. Goazen, goazen Beñat, Aureliusek aberriaz egin du aukera; une hobeagotan elkartuko gara, akaso sekulan, baina Beñat, gu ere hartu dugun bidea betetzera goaz.

BEÑAT.— (Amorrazioz jeikitzen den bitartean) Itxoin, itxoin! (Pentsatuz) Ezin dezakegu honela utzi Aurelius, guttienez gutun bat utziko diogu.

ERIK.— Arrazoia duzu, (Beñat orri batetan idazten hasi da eta Erik leihotik begira) baina azkar mesedez! (Beñatek amaitu du eta Eriki pasa dio. Erikek bizkarretik eutsio dio Beñati) Ondo dago, goazen! (Beñatek sobre batetan sartu du eta bizkor biak ateratzen dira fusilak utzita).

KOMISARIA.— (Atea jotzen du, flexoa bakarrik dago pizturik, sartzen du burua gelan) Kapitaina, kapitaina! (Sartzen da eta presaka mahairaino joaten da eta telefonoa hartuz) Kabo, non da kapitaina!... Esaiozu bere gelan nagoela eta azkar etortzeko. Oso inportantea da! (Ateraino doa, berriro argitara; badatoz Aurelius eta ordenantza, sartu dira) Kapitaina! (Aurelius jartzen da eta komisaria ere gonbidatzen du. Ordenantza flexoaren argitik kanpo geratu da) Bi desertore ditugu, bi koldar, bi traidore...

AURELIUS.— (Ardoa atereaz bi basoetara) Harrapatu al dituzu?

KOMISARIA.— Ez, juxtu-juxtu...

AURELIUS.— (Kapitain bati dagokion bezala ahotsa altxatuz) Eta, zertan zaude ba hemen?

KOMISARIA.— Izan ere (ardoari zurrustada emanaz), zure lagunak dira.

AURELIUS.— (Haserre eskuak mahai gainean ipiniz, jeiki da) Honelako lagunak hilak nahi ditut nik.

KOMISARIA.— Erik eta Beñat.

AURELIUS.— (Aulkian eroriz) Seguru al zaude?

KOMISARIA.— Bai, eta ihesi baino lehen hemen izan dira, (mesprezuz) beren fusilak ere utzi egin dituzte. Zure ordenen zai nago, zer agintzen duzu?

AURELIUS.— Akaso tabernan edo hospitalean daude, begira ezazu ondo!

KOMISARIA.— (Zutituz) Eta ez badaude?

AURELIUS.— Orduan berriz etorri... eta ikusiko dugu zer egin.

 

(Komisaria ateratzen da eta Aurelius pentsakor geratzen. Handik pixka batera ordenantza azaltzen da argitan eta homisariak utziriko aulkian esertzen).

 

ORDENANTZA.— (Penaturik) Hau da zoritxarra!, fruitu bizi urriak aldentzen zaizkigu; ezinbestez, gehien maite izan duguna etsai bilakatzen, geuretzat nahi duguna besteengan ito behar. Hau da zoritxarra!, eta parterik txarrena zuri suertatu zaizu.

AURELIUS.— Atsekabeturik) Bai, guttienez...

ORDENANTZA.— Aurretik zurekin mintzatu balira, eztabaidatu bazenuteke.

AURELIUS.— (Beñatek idatzitako kartaren sobrea behatzekin dantzatzen) Hori, hori!

ORDENANTZA.— Baina, ezerez.

AURELIUS.— Hara!, hemen zerbait. (Urduri eta itxaropenez zabaltzen du sobrea eta irakurtzen du. Berriro tristatuz) Banekien. Ez nuen frogarik nahi.

ORDENANTZA.— Zer, zer, jauna?

AURELIUS.— Entzun: "Aurelius maitea: zure bila etorri gara eta ez zeunden, presaka gara eta bagoaz. Hainbeste oinaze eta hilerri ezin ditzakegu jasan. Zatoz gurekin lagun!, nahi baduzu badakizu non gauden".

        Abernuan, infernuan sartu zarete. Nola jokatu dezaket?

ORDENANTZA.— (Beldurra gaindituz, totelka) Zoaz zu ere haiengana!

AURELIUS.— Baina, nola? (Ilunpean sartzen da) Egiten dudanaz sinesten dut, zainetako odol geldiak aberriaz iturri gazte bihurtu zaizkit. Herriaren alde ari naiz, geroko haurrek ikas dezaten gerrate hau izan zela azkena eta herria atera zela garaile betirako.

ORDENANTZA.— Herria, herria trintxeretan dago hilik!, trintxera zorrotzetan suizidatzen dute. Zure lagun horiek, Beñat eta Erik, horretaz konturatu dira, ni ere konturatu naiz, baina ez dut ausardiarik.

AURELIUS.— Ausardia ez, ez da hori, konzientzia eza! (Argitara itzuliz) Guttienez hitz sinple bat esateko aukera izan banu erokerietatik libratzeko... baina ez didate hautatzera eman; gutxi maiteko naute... (Isilune baten ondoren, dibagatzen bezala) Ez, ez asko maite naute. Neronek haina? Bai, zergatik ez. Haiek ere ez zuten irtenbide haundirik beren asmoentzako. Normala da, ez dakit...

ORDENANTZA.— (Aureliusek dibagatzen darrai eta ordenantzak gogor astintzen du sorbaldetatik) Kapitaina! Kapitaina!, mesedez, lasaitu zaitez. (Oihuka) Kapitaina! (Azkenik baso bat hartzen du eta hondoko ardoa aurpegira botatzen dio).

AURELIUS.— (Izua nabari zaio soinean, ondoren musuzapia atereaz aurpegia lehortzen hasten. Telefonoa jotzen du) Har ezazu!

ORDENANTZA.— (Telefonoa hartuz) Bai, esan... (Aureliusi begiratu ondoren) Bai, prest dago. (Utzi du telefonoa) Jauna, jenerala iritsi da. (Ilunpean sartzen da erdiko argia pizteko) Zu lasai, zerbait asmatuko dugu eta.

AURELIUS.— (Argia piztuta dago, Beñaten karta tolestatzen du eta jakan gordetzen du) Fusil horiek baztertu itzazu. (Basoak eta botilak jasotzen ditu eta mahaia txukuntzen).

ORDENANTZA.— (Gelaren bestaldean jarri da. Atea jotzen dute, Aureliusek buruarekin keinua egin ondoren) Aurrera, sartu sartu!

 

(Komisaria eta jenerala sartzen dira, honek medaila eta kondekorazio asko ditu. Ordenantza eta Aurelius kuadratu egiten dira)

 

AURELIUS ETA ORDENANTZA BATERA.— (Ritmo bizian) Zure ordenetara jauna!

KOMISARIA.— (Jenerala gelaren erdian dago harro. Komisaria jeneralari erreberentzia egiten) Hau da gure kapitaina, Aurelius Kapitaina.

AURELIUS.— Mesedez, eseri zaitez! (Komisariak aulkia seinalatzen dio, jartzen da eta ondoren Aurelius ere bai) Zuek ere bai, zuek ere bai! (Ordenantza jartzen da baina komisariak zutik dirau jeneralaren alboan).

KOMISARIA.— Jeneralak burrukaren azken egunetako xehetasunak ezagutu nahi lituzke (buruarekin baietz esaten du jeneralak. Aureliusek ardoa eskaintzen dio eta berriro buruarekin baietz).

AURELIUS.— Azken egunak, eta batibat gaurkoa, onak izan ditugu. Denbora askoan etsaien menpean egon den ibaia gaur geureganatu dugu. Soldaduak bihotzez gudukatu dira eta garaipen orokorrerako aurrerapen haundia suposatuko duela uste dut. Bestalde, zure etorrerak gure egoera zeharo hobetzen du, eta pentsa genezake frente honetako burrukak laster amaituko direla.

KOMISARIA.— Pozten da jenerala eta eskertzen du zure lana, (irrifarrez dago, berehala serio jartzen da) baina arazo ilun bat argitu nahiko luke. (Komisaria Aureliusi begira geratzen da, bere hitzen eragina hapitainaren aurpegian ikustearren. Aureliusi ez zaio ezer nabaritzen, itxura lasaia du). Jeneralak jakin ahal izan du (jeneralak buruarekin baietz), gaur, bi soldaduk desertatu dutela, eta desertzio hoietan zuk zer ikusia duzularen susmoa du. Zer diozu?

ORDENANTZA.— (Oihuka) Kapitainak ezer ez zekien, ezer ez zekien...!

AURELIUS.— (Eskuekin isiltzeko zeinua eginaz ordenantzari) Egia da nik ez nekiela ezer, egia da ere desertoreak nire lagunak direla.

KOMISARIA.— Eta zer egin duzu haiek bilatzearren?

AURELIUS.— Lehen neurri bezala zerorri esan dizut tabernan, hospitalean, soldaduak normalki ibiltzen diren tokietan begiratzeko, eta aurkitzen ez bazenituen hona itzultzeko ordenak hartzera. (Geldiune tensoa). Orain arte, etorri ez zarenez, zure zai egon naiz.

KOMISARIA.— Jeneralak daki (buruarekin baietz egiten du) beti bereziki tratatu izan dituzula.

AURELIUS.— (Pixka bat urduri) Nire lagunak dira! Hori al da nire errua, lagunik haundienak asko maitatzea?

KOMISARIA.— (Amorrazioz) Gu ez gara haurrak, jolasik ez dago, hemen jokatzen dena biharamuna da. Zure hutsegitea oso grabea da, halere izango duzu konpontzeko modua. Hau dio jeneralak. (Gustora) Begira zein zuhur den eta bihotz onekoa!

AURELIUS.— (Beldurrez) Nola, nola?

KOMISARIA.— Erik eta Beñaten bila joango zara, ekartzen badituzu, hilik ala bizirik ez da asko inporta, dena ahantzia izango da, zerbitzu-orria ez zaizu zikinduko.

AURELIUS.— (Ikaraz) Eta ezetz esaten badut?

KOMISARIA.— Ezetz esan ezkero gerra kontseilua..., "Sumarisimoa" noski. (Jeneralak ardoa edanaz eta serio jarriz buruarekin baieztatzen du). Zer?

AURELIUS.— (Isilune luze baten ondoren eta burua eroriz) Bai, ekarriko ditut.

KOMISARIA.— (Irrifarrez) Jeneralaren baldintzak hauek lira: hamabost egun dituzu, pelotoi bat prest dago zurekin joateko eta gaur irten behar duzu.

AURELIUS.— (Burua jaso gabe) Bai.

KOMISARIA.— Ondo dago, gu bagoaz.

 

(Ordenantzak saludatzen ditu eta Aurelius ez da mugitzen. Jeneralak, erdi jeikita zegoenean eta jarrera ridikuloan azken hondarra zurrupatuz, mesprezuz begiratzen dio Aureliusi eta kanporatzen da).

 

ORDENANTZA.— (Aureliusi bizkarretik eutsiz) Lasai kapitaina, ez da dena galdu... Pelotoikoak nahastuko ditugu eta zure lagunekin poliki biziko gara: lana eginaz, bertsoka, hodeietan lo eginaz...

AURELIUS.— Ixo lagun, ixo! Ez nazazu oraindik gehiago penatu. Alferrik da jadanik. Zeregin mingotsa dut eta oso astuna.

ORDENANTZA.— (Jeikiz) Baina zeure eskuetan daukazu dena, nik lagunduko dizut bide berrietan. Triste egoteko arrazoirik ez duzu, atera zaitez kanpora, badira oraindik leku eguzkitsuak. (Besoetatik tiraka) Goazen, goazen jauna!, bide asko dira zapaldu gabeak.

AURELIUS.— (Tentetuz eta ozenki) Hau da zure tokia! (Aguro askatu ditu heltzen zioten eskuak, eta fusil bat hartuz, eta erdiko argia itzaliz, atera da).

ORDENANTZA.— (Itzalean, negarrez eta auhenka) Kapitaina! Jaun kapitaina!

 

TELOIA

 

 

© Jose Luis Otamendi