LEHEN EKITALDIA

 

Pertsonaiak: Aurelius

                   Beñat

                   Porteroa, Erik

 

Eskena: Teilatu gorri bat, atzean gehiago: telebista antenak, tximiniak. Teilatuaren eskubi aldean tximinia; ezkerretara, publikotik gertu, ilargi bete betea eta urdina sabaitik esekia.

 

BEÑAT.— (Txistu joka dator, tximiniaren atzetik azaltzen da, esku batean taburete bat eta bestean batuta. Ilargia ikustean kolpetik gelditzen da, urduri publikoari begiratzen dio, berriro ilargiari eta publikoari. Ameslari irrifarrea ateratzen zaio; gustora, salto txiki bat eginaz, puf! esaten du. Tarte batez ilargiari so gelditzen da.

        Ondoren, errealitateaz orduantxe konturaratuko balitz bezala, bueltatzen da eta eskuekin hartuz lurrean lagako du. Sonbreroa —berdea— kendu gabe, gabardina gris luzea —ia orkatiletarainokoa— eranzten du. Txaleko marroia dauka eta azpitik alkondara zuria, galtzak urdin argiak eta apreta gorriak. Aulkian eseriz batuta jasotzen du eta isiltasuna gidatzen hasi da. Honetan ari dela zarata bat entzuten da: teila zapalduena dirudi. Beñat, kezkaturik, gelditu egiten eta bi aldetara begiratzen du: inor ikusteke berriro bereari ekiten dio).

AURELIUS.— (Beñatengana hurbiltzen ahots ito batez) Gabon! Hauek nekeak ematen dizkit gauak! (Honek txapel beltza eta militar-bota beltzak ditu, traje granatea eta guante zuriak. Ezkerreko eskuan zigarrokina darama, eskubikoan aulki plegablea: Bizi bizi, soinetik irrifarre zabala izkutatu gabe, aulkia iriki eta eseri da. Maniobra hauek denak noizbehinka Beñati begiratuz egin ditu. Txapela eskutan hartu du eta hatza barrutik sartuz bueltak ematen hasi zaio, beti adina irrifartsu).

BEÑAT.— (Aureliusek beldurtu egin du. Hitzik esan gabe, mesfidantzaz Aureliusen mugimendu guztiak zaindu ditu. Azkenik, ilun, galdetzen dio:) Zu zein zara?

AURELIUS.— Eta zu?

BEÑAT.— Nik lehenago galdetu dizut.

AURELIUS.— Eta nik lehenago ikusi zaitut.

 

(Isilunea).

 

BEÑAT.— (Lurra takoneatzen hasi da eta burua ezkerreko esku gainean bota du, batutarekin okotza zirikatzen du).

AURELIUS.— (Pare bat txupada eman dizkio puroari). Bueno, ni Aurelius naiz. (Eskale aurpegia jarriz). Orain esaidazu nor zaren zu, bai?

BEÑAT.— (Burua altxatu gabe eta ahots ahulez) Beñat.

AURELIUS.— Nola?

BEÑAT.— (Ozenkiago) Beñat.

AURELIUS.— Ah! Beñat, Beñat: nire amona bezala.

BEÑAT.— (Burua jasoz poliki poliki ilargiari begira) Beñat gizonezko izena da.

AURELIUS.— Nik zer esan dut ba?

BEÑAT.— (Batutarekin Aureliusi apuntatuz) Zuk esan duzu zure amonaren izena dela.

AURELIUS.— Barkatu, baina nik aitona esan dut.

BEÑAT.— (Haserre, ia orroaka) Amona!

AURELIUS.— (Irrifartsu) Ez, ez, aitona.

BEÑAT.— Amona.

AURELIUS.— Aitona.

BEÑAT.— Amona.

AURELIUS.— Zaldia.

BEÑAT.— Zer?

AURELIUS.— Aitona, aitona.

BEÑAT.— Amona.

AURELIUS.— Amona.

BEÑAT.— Amona.

AURELIUS.— Amona.

BEÑAT.— Amona. (Beñat jokoaz ohartu da eta Aureliusi amorruz begiratzen dio) Bah! (Bista publikora gidatzen du eta berriro burua esku artean sarturik, bere gogoetetan murgiltzen da).

AURELIUS.— (Jakatik pattar botila txiki bat atera du eta zurrustada eman dio). Tragutxo bat nahi al duzu? (Botila luzatuz) Ederra dago!

BEÑAT.— Ez.

AURELIUS.— (Jakaren barruko patrikara itzuli du botila eta kartak atera ditu. Kartak nahasten ari den bitartean Beñaten ondoraino doa. Beñaten belarrira makurtuz, goxokiro) Musean egingo dugu...?

BEÑAT.— (Oihuka) Ez, utz nazazu pakean.

AURELIUS.— (Aurpegia seriotu zaio, aulkiaren ondoan etzaten da eta solitarioa egitera doa). Nik ez dizut kalterik opa.

 

(Beñat, entzun ez balu bezala).

 

AURELIUS.— (Jokoan ari da). Zu gabe ere ondo nengoke, ez naiz zugatik etorri. Ez nenbilen zure bila, ez zintudan ezagutzen.

BEÑAT.— (Burua nekez tentetuz, ilargiari so) Zertara etorri zara?

AURELIUS.— Ezin nuen lorik egin.

BEÑAT.— (Jeikiz, pixkanaka pixkanaka Aureliusengana doa) Zertara etorri zara?

AURELIUS.— (Kartekin ari da, buruz behera dago, ahotsa gero eta dardartiagoa ateratzen zaio) Gauak beldurra ematen dit.

BEÑAT.— (Hanka gerri gainean jartzen dio) Zertara etorri zara?

AURELIUS.— Ilargi betea asko gustatzen zait.

BEÑAT.— (Hanka kenduz) Gezurra!

AURELIUS.— Egia. (Buelta hartzen du). Begira: txikitan sagasti haundi batean bizi ginen, honelako gauetan anai guztiok sagar disdiratsuenaren bila ateratzen ginen. Ederrena lortzen zuena, biharamunean bizikleta hartu eta herrira joan zitekeen denontzat helatua ekartzera. (Irrifarra datorkio berriro). Pentsa ezazu zenbat maiteko genuen ilargi betea. Nik hiru biderrez irabazi nuen.

BEÑAT.— (Aulkira doa berriro; kapela bi eskuekin gehiago sartzen du). Beti malenkonia, beti iragana. (Esertzen da eta batuta alde batera eta bestera darabil. Bitartean Aurelius, ezer ulertu gabe, kartekin jolasten. Beñat ilargiari begira. Isilune laburra). Ni itxoitera etorri naiz, (Aurelius bueltatu da eta entzuten dago), nire leinuko batek atzo esan zidan bihar zetorrela nire andregaia. Hemen goian nago herriko sarrera zaintzeko asmotan eta iristen denean "Danubio Urdina" joaz errezibituko dut.

AURELIUS.— (Ilargiari begira hau ere) Neska polita izango da, eta aberatsa, etxe eder batetan biziko zarete. Maiteko zaitu beti hiltzen zaren arte. (Geldiune laburra). Ai, nik baneki non den sagastia laster utziko nuke teilatu honetako hotza. (Malkoak xukatuz) Gaixotu nintzenean dena ahaztu nuen, dauzkadan oroipenak beti sagarrekin zer ikusia dute. (Beñati). Aizu, jatekoa badut, zerbait nahi baduzu...

BEÑAT.— Ixo, zurekin ez nago.

AURELIUS.— Nola!, (lurretik jeikiz) ez da ilargia izan erantzun dizuna. Astro eder horrek ez du gure mailako arazorik. Nik erantzun dizut, nire pena kontatu, baita ere galdetu. Miresten duzun planetak laguntza gutxi emango dizu, (patriketatik atereaz) nik bai. Tori, tori ogi puska bat, hartu ezazu txorizoa! (Oinetakoak kentzeko keinua eginaz:) Apretekin hotza baduzu jantzi itzazu nire botak. (Beñatek buruarekin ezetz). Laguna behar dut, zu behar zaitut, nire egunetaz oroitzeko.

BEÑAT.— (Taburetetik erori da, kuzkurturik negar zotinka hasi da. Hurbildu zaio Aurelius, bizkarretik eutsi du eta haur txiki bat bezala bere magalean ferekatu du). Aurelius, ederra ala itsusia den ez dakit, gurasoek konpondu zuten ezkontza; aberatsa, bai!, gu bezain pobreak dira; eta etxea, etxe batetan ez naiz sekulan bizi izan.

AURELIUS.— (Irrifarrez, baina hunkiturik) Baina Beñat, Beñat maitea, ez du axola. Seguruenik zoragarria izango da, azken berriak izan zenituenetik aberastuko zen, eta bere aita onak dagoenekoz prestatuko zuen palazio berri bat. Ez zaitez estutu, orain hau jango dugu eta gero biok balsa kantatuko.

BEÑAT.— (Malkoak gelditu zaizkio, baina oraindik zotinka) Ez, ez, zuk kantatu eta nik gidatu egingo dut.

AURELIUS.— (Labana atereaz) Bai, nahi duzuna baina, lehenik jan dezagun.

 

(Bata bestearen ondoan jarri dira eta jakiak partitzen dituzte).

 

BEÑAT.— (Zeharo lasaiturik) Ez dago txarra ez; mesedez, pasaidazu edaria. (Edaten du). Ederra, ederra, nondik lortu duzu?

AURELIUS.— Lapurtu egin ditut.

BEÑAT.— Txorizoa ere bai?

AURELIUS.— Bai.

BEÑAT.— Ah!

AURELIUS.— Postrea ere badugu.

BEÑAT.— Bai?

AURELIUS.— Bai, karameloak.

BEÑAT.— Lapurtuak hauek ere?

AURELIUS.— (Sorbaldak estutuz) Bai. (Jaten eta edaten diraute isilik eta gustora).

 

(Biak jeiki dira: Aurelius alai eta Beñat ohi baino alaiago pattarraren eraginez).

 

BEÑAT.— Bueno, orain kontzertua joko dugu. Eskerrak Aurelius hemen zaudenari; lehen, neronek egin behar izaten nituen orkesta eta gidari parteak, orain, zuri esker, je, je, zu orkesta eta ni gidaria izango gara. (Pixka bat seriotuz) Baina, belarri ona al duzu?

AURELIUS.— (Erreberentzia eginaz) Oso ona!

BEÑAT.— Bueno, hortaz, (batuta altxatuz) Danubio Urdina!

 

(Aurelius tarareatzen eta Beñat gidatzen, biak dantzan hasi dira teilatuan gora eta behera, alde batetik bestera, urrunduz eta hurbilduz. Hau lau edo bost aldiz egin ondoren, elkarri lotuta geratu dira eta dantzan aritu, gero eta azkarrago, izerditurik lurrera erori arte).

 

BEÑAT.— Hauxe da gau ederra, orain gu bezala munduan zenbat ote dira...

AURELIUS.— Asko, milakak, miloikak agian.

BEÑAT.— Halere teilatupeetan gehiago izango dira.

AURELIUS.— Bai, izan ere teilatu azpietan gainetan baino toki haundiagoa dago.

BEÑAT.— Tokia ez, lurra ugariago.

AURELIUS.— Hori ba!

 

(Isilune laburra).

 

BEÑAT.— Egarriak nago.

AURELIUS.— (Botila luzatuz) Musean egingo al dugu?

BEÑAT.— (Pattarrari zurrustada eman dio). Ez, maiteaz pentsatzera noa.

AURELIUS.— Ez duzu ezagutzen eta!

BEÑAT.— Eta zer? (Apur bat haserretuz eta lurretik jeikiz) Ezin dezaket pentsa bere adatsaren koloreaz, ahoaren, gorputzaren formaz, ahotsaren musikaz?

AURELIUS.— Hori bion artean ere egin dezakegu: lehenik zure emaztegaia amestuko dugu, gero nire sagastia.

BEÑAT.— (Bere aulkira heldu da). Ez itzazu gonpara sagarrak pertsonekin!

AURELIUS.— Ez nuke hori egin nahi! Batera ipini ditut ez nire zuhaitzak eta zure andrea, baizik eta hauei diogun lotura. (Triste) Eta ez baduzu nahi nirekin ezer, banoa.

BEÑAT.— Ez, ez, Aurelius maitea! Barkatu iezazkidazu nire irainak, eta jolastu gaitezen berriro. Gauzaren bat asma dezagun!

AURELIUS.— (Lasaiago) Zer?

BEÑAT.— Ez dakit: astro bat, bertsoak, jaki berriak edo ipuinak, nahi duzuna.

AURELIUS.— (Jeikiz eta eskuak igurtziz) Denak, denak, baina lehenbizi jaki berriak.

BEÑAT.— Nola hasiko gara?

AURELIUS.— Zuk bat eta nik beste bat asmatuko dugu.

BEÑAT.— Hasi zu!

AURELIUS.— Aber, aber, (eskua okotzean du), marrubi gustoa eduki behar du, (Beñatek gusto bakoitza entzuten duenean txistuka eta saltoka era batera edo bestera interpretatzen du), mazustena ere bai, mamiarena, ozpin pixka bat eta arkume txuletena. Fruitua izango da noski, eta metro bateko zuhaitz borobil borobiletan haziko da. Eta forma..., bai, kukurutxo forma emango diogu. Hum...! Beñat, izena falta zaigu.

BEÑAT.— Izena? Mamamaozartxu edo txumipinka, laskatxina, itxoin!, badakit: Aurelita.

AURELIUS.— (Txaloka eta Beñat besarkatuz) Bai, hori, hori: Aureliusen Aurelita. Beñat, zure txanda da!

BEÑAT.— Aspertu naiz (bere aulkian jarriz), beste zeozer egingo dugu.

AURELIUS.— (Aurelius ere bere aulkian dago. Farrez, bota astunekin teilak joaz) Ez zara aspertu, ezin duzu asmatu, ezin duzu asmatu.

BEÑAT.— (Deihadarka) Bai!

AURELIUS.— Je, je, nahasgaiak esango?

BEÑAT.— (Berehala, batere pentsatu gabe) Antxoak, intxaurrak, txerri-belarriak eta artaleak.

AURELIUS.— Forma, forma?

BEÑAT.— Zure arraultzena!

AURELIUS.— Izena?

BEÑAT.— Benita.

AURELIUS.— (Algaraka, farrez) Bai izen marikita!

BEÑAT.— (Bere onetik irtenda) Zoaz pikutara!

AURELIUS.— Aizu! (Farreari ezin eutsiz) Beñattxo, astro bat asmatuko al dugu? (Ilargira seinalatuz) Hori ere guk asmatu izan bagenu ederrago litzateke...

BEÑAT.— Orain ez dut gogorik ezer asmatzeko. Haria eta jostarratza ba al dituzu?

AURELIUS.— (Jaka miatuz) Bai, tori!

BEÑAT.— (Aureliusen eskuetatik hartzen ditu eta galtzerdi zulatua kenduz josteari ekiten zaio) Bai Aurelius, ni han behean jaio nintzen, hiriaren ertzeko baserri batetan. (Aureliusek bere txapela lurretik hartzen du eta eskuen artean darabil hara eta hona) Barazkiak bitu eta astearteoro, amaren eskutik, herriko azokara joaten nintzen; salmentak egin eta beharrezkoena erosten genuen; gero, eguna ona izan bazen, amak zuk lehen eman didazun bezalako karamelo bat ekartzen zidan eta pozik etxera bueltatzen. Haiek bai zirela egun bukolikoak, huraxe zen familia bizitza sarmanta benetan! (Josteari utzi eta Aureliusi maitakorki begiratzen dio, gero berriro josten) Gerra etorri zen eta dena hautsi, gerra zikin hargatik familia guztia sakabanatu ginen.

        Ordurarte ere nire andregaia gertutxo bizi zen, eta zerbait maitea zuten gehienek bezalaxe hemen utzi behar. Atzerrira joan ziren, eta jakin ahal izan dudanez herenegun sartu ziren probintzian. Nahiago nuke, Aurelius, zuk esan bezala, aberastu balitz! Zein etorkizun ederra denona!

AURELIUS.— (Serio samar egon da eta orain berriz irrifartsu) Ni nintzen ameslaria, ni nintzen iraganari larrutik erantsia?

BEÑAT.— Bai, zu zinen. Ni ez naiz lehenaz elikatzen oraina bizitzeko, zu bai, edo guttienez horren bila zabiltza. Ni indartu egiten naiz atzera begira, baina berehala aurreruntz noa. Bihar datorrena itxoiten nauzu, ez ordea hortan geratzeko: bihartik aurrerako bizitzarako prest.

AURELIUS.— (Beñaten ondoraino joaten da eta lurrean jartzen da) Eta nik, zer itxoin dezaket neure jatorria ezagutzea ez izanik? Akaso, betidanik eskalea izango nintzen, funtzionari baten seme zintzoena edo printzeen printzearen sasikumea. Honela egonik, nire oroitzetako sagastia ez bada zeren bila hasiko naiz? Zer eskatuko diot egunsentiari? Beñat, oraingoz zu bakarrik zaitut nire lagun, ezkontzen zarenean har nazazu morroitzat edo lagunurkotzat, baina konpreni ezazu zu gabe ez dudala, orain, zer egiterik.

BEÑAT.— Ez dakit, ez dakit...

AURELIUS.— Zer da ez dakizuna?

BEÑAT.— Beste soluziorik dagoen.

AURELIUS.— Zu ez bazara edozein behar dut, baina orain, gustokoa dut zurekin jarraitzea. Zu ezagutu zaitut eta larritasun estuenetik atera naiz, (mesfidantza apur batez) oraingoz.

BEÑAT.— Seguru asko, bidegurutze batean jarriko bazina, norbaitek ezagutuko zintuzke. Eta..., nolatan hasi zinen lagun bila gauez eta teilatuetan?

AURELIUS.— Nolanahiko lagunik ez dut behar.

BEÑAT.— Azkenik ni aukeratu nauzu?

AURELIUS.— Azkenik ez, lehenik.

BEÑAT.— Lehenik?

AURELIUS.— Bai, lehenik, zure aurretik teilatuetan katu bat ezik ez dut inor ikusi.

BEÑAT.— (Galtzerdia eta apreta jazten ditu) Beltza izango zen...

AURELIUS.— Ez, urdina.

BEÑAT.— Zein, katua?

AURELIUS.— Ez, zerua. (Atzeraka etzaten da).

BEÑAT.— Katua uste nuen...

AURELIUS.— Gorriak, zuriak, berdeak, nabarrak, moreak ikusi izan ditut (geldiune labur bat), urdinak sekulan.

BEÑAT.— Nik bai, Lulo.

AURELIUS.— Xagu ehiztari ona?

BEÑAT.— Akaso bai, baina nik disekatuta ezagutu nuen. Oso itsusia zen eta urdinez pintatu nuen, tarteka urre kolorezko izarrak ere bai. (Zerura begira) Gaur ez dago halakorik.

AURELIUS.— Gaur ez dago izarrik.

BEÑAT.— Egia, (malenkoniatsu, batuta goratuz) bihar arte ez dago.

AURELIUS.— (Berriro jarrita) Bihar, ez jakin...

BEÑAT.— Bihar seguru, (burua pixka bat makurtuz) seguru.

AURELIUS.— Zer egingo dugu?

BEÑAT.— Lo egin ezazu!

AURELIUS.— (Zutituz) Badakit zer egin: "teilatu errusora" jokatuko dut.

 

(Beñatek inkonprensio keinu bat egiten du eta Aurelius teilatuaren erpinera igotzen den bitartean, batutarekin publiko aldera "Danubio urdina" gidatzen du. Erpinean etzaten da Aurelius zeharka, eta bueltaka teilatuaren ertzeraino erortzen da hiru aldiz, laugarrenean ertzetik zintzilik geratzen da. Aurelius beldurraren beldurrez oihuha ari da, eta Beñatek, bere aurrean alaikiro "Danubio urdina" gidatzen du).

 

AURELIUS.— Beñat, Beñat, mesedez...!

BEÑAT.— (Gidatzeari utzi gabe) Ja-jai, "teilatu errusoa", ederki zaude ba loro bat otan bezala. (Aureliusen ahotsa imitatuz) Beñat, Beñat! Ja-jai, ("Danubio urdina") trailari-larai...

AURELIUS.— (Negarrez) Beñat, Beñat txantxetan nenbilen, jolasean, ez nazazu utzi erortzen!

BEÑAT.— (Golpetik zuzenduz eta serio planta hartuz) "Teilatu errusoa" ez da txantxetakoa, nola esango nuke..., fatalista da: badakizu lehenxeago ala geroxeago eroriko zarela.

AURELIUS.— Ez, ez ai!, ezin dut gehiago! Hau azkena nuen.

BEÑAT.— Azkena, azkena, beti bat izaten da azkena.

AURELIUS.— Beñat, Beñat, karameloak emango dizkizut!

BEÑAT.— Hori bakarrik?

AURELIUS.— Eta txorizoa. Azkar Beñat!

BEÑAT.— (Zalantzan) Ez da nahikoa.

AURELIUS.— Zuk nahi adina kantatuko dut!

BEÑAT.— "Danubio urdina"?

AURELIUS.— Bai, bai! (Beso bat askatzen du eta une berean Beñatek eusten eta jasotzen du. Aurelius izerditan malkoak lehortzen) Gaiztoa zara!

BEÑAT.— (Zinikoki) Ni?, keba, (publikoa seinalatuz) gaiztoak hor behean dabiltza. Ni pobrea bai, geniala batzutan bai, baina gaiztoa ez, ez Aurelius. Gaiztoa izateko poderea, zerbaiten jabea izan behar da, eta nik, itxaropena besterik ez dut.

AURELIUS.— (Bere aulkitik atsekabez) Ez al zinen ba orain nire jabea? Eta gainera batuta ere baduzu.

BEÑAT.— (Naturalago) Nire maitea datorrelako, bestela ez.

AURELIUS.— Eta ez badator?

BEÑAT.— (Ozenki) Badator!

AURELIUS.— (Rekuperaturik) Baina, ez badator?

BEÑAT.— (Ozenkiago) Orduan zu, hiltzeraino kantari ibiliko zara. (Isilune laburra. Goxokiro ia ez entzuteraino) Bihar etorriko da.

AURELIUS.— (Eskenaren eskubian argi ahul bat somatzen da) Gaur izango da. Laster dugu hemen eguzkia.

BEÑAT.— (Aulkian urduri, atzazalak hortzetan) Ah bai!, laster, ordu batzuk barru...

AURELIUS.— Beñat!

BEÑAT.— Zer?

AURELIUS.— Lehengoa barkatzen dizut.

BEÑAT.— (Esaten duenaz honturatu gabe) Nik ere bai.

AURELIUS.— Beñat!

BEÑAT.— Zer?

AURELIUS.— Asko maite zaitut.

 

(Elkarri begira)

 

BEÑAT.— Bai?

AURELIUS.— Bai. Zurekin eramango al nauzu?

BEÑAT.— Nik ere bai. Bai, eramango zaitut.

AURELIUS.— Beñat, muxu bat emaidazu.

BEÑAT.— (Aureliusen magalean jartzen da eta muxu emanez besarkatzen dira). Orain pattarra edango dugu, eta... (Beñat jeikitzen da eta Aureliusen ondoan geratzen. Bakoitzak zangada handi bat ematen dio botilari). Gainera, zuretzako zerbait badut.

AURELIUS.— (Begiak asko zabalduz) Zer da?

BEÑAT.— (Beñatek kapel berdea kentzen du eta zintatik zigarrokina atereaz) Voila! mon ami.

AURELIUS.— Oh! Oh! (Botila bata besteari pasatzea ez da eten). Eskerrik astro ma cherie! Ez bakartu; mon cheri! (Zigarroa pare bat aldiz usaintzen du) Ona, ona, (piztera doa) Habanoa?

BEÑAT.— (Botila hutsa lurrean utzirik) Erdiko kalean, han aurkitu dut.

AURELIUS.— (Serio) Hortaz, La Habanakoa da.

BEÑAT.— Ah!

AURELIUS.—Bai, hangoak beti Habanoak dira.

BEÑAT.— Aurelius, zer ordu da?

AURELIUS.— (Eskumutur hutsa erakutsiz) Hamaikak eta bostean gelditu zait bainan, gutxi gora behera, hirurak eta hogeitabost izango dira.

BEÑAT.— Seguru?

AURELIUS.— Hor nonbait...

BEÑAT.— Eta dagoenekoz eguzkia irtetzen?

AURELIUS.— Eske nik, ordu ofiziala eman dizut.

BEÑAT.— (Lasaituz) Bueno, horrela bai. Aizu Aurelius, "Danubio urdina" ensaiatzeko ere denbora badugu.

AURELIUS.— (Puroa boteaz eta besoak zabalduz) Nik, hemen, arbola bat landatuko nuke bere hostopean lokuluska egiteko.

BEÑAT.— Pinua!

AURELIUS.— Badut nik landare gazte bat (botaren barrenetik ateratzen du). Ez, lastima, indigaztaina da.

BEÑAT.— (Lurretik jeikiz) Urteak beharko ditu hazteko.

AURELIUS.— (Tentetuz) Urtaro honetan eta ilargi betearekin segundu batzuk aski dira. Begira! (Tokia egiten du bi aulkien artean, teila bat kentzen eta landarea sartzen du. Haundituz doa, haundituz doa zuhaitz sendo eta bikaina egin arte). Hemen, indigaztain heldua, etzan nahi baduzu!

BEÑAT.— (Pozik) Hau duk hau sorginkeria!

 

(Enborraren kontra jezarri da).

 

AURELIUS.— (Hau Beñaten ondoan jartzen da, hartu duen txapela sudur gaineraino jaitsiaz eta gero berriro henduz) Logura joan zait.

BEÑAT.— (Batuta mugituz "Danubio urdinaren" doinuarehin) Niri ere bai, bai-bai, bai-bai.

AURELIUS.— Beñat, beste zigarrorik ba al duzu?

BEÑAT.— Ez dut erretzen.

AURELIUS.— Baina, ba al duzu?

BEÑAT.— (Patriketan zerbaiten bila) Ez dut erretzen.

AURELIUS.— (Ezer esan gabe, lo egiteko posturaren bila hasi da. Tximini aldetik marmar bat entzuten du. Poliki teilatu aldera dator atezaina, arrosarioa errezatzen, pijama zuri batekin eta atezain kapelarekin). Gabon!

ATEZAINA.— Ora pro nobis! (Txunditurik) Zein dira hauek?

AURELIUS.— (Beñati begira) Gu, bi lagun.

BEÑAT.— Eta zu?

ATEZAINA.— (Esnatuz bezala) Ni etxe honetako atezain ohia. Zer egiten duzue hemen? Nondik sartu zarete?

BEÑAT.— Itxoiten gaude.

ATEZAINA.— Ezin duzue hemen egon.

AURELIUS.— Zergatik ez?

ATEZAINA.— (Arrazoi bateren bila dabil, eta azkenik) Auzo elkarteko zuzendariak debekatzen duelako.

BEÑAT.— Guk ez diogu inori kalterik egiten. Zertara zatoz?

ATEZAINA.— (Golpetik bere eginbeharrez gogoratuz eta ertzetik saltatzeko keinua eginaz) Neure burua botatzera.

BEÑAT.— (Saltatzera zihoala ikusi dutenean Beñat eta Aureliusek lasterkan joan eta besoetatik oratuz atzera bota dute). Zergatik?

ATEZAINA.— (Irrifar izpi batekin ametsetan bezala) Gaur arte etxe honetako atezaina nintzen, lan asko egiten nuen. Gaur..., lehen, lanik gabe utzi naute.

AURELIUS.— (Aurrera eta atzera errudunaren bila) Nork?

ATEZAINA.— Auzo elkarteko batzarrak.

BEÑAT.— (Atezaina hotzik dagoela ikusirik, bere gabardina bizkarrean botatzen dio). Eta zergatik?

ATEZAINA.— (Oraindik ameslariago) Aszentsoreko ormetan marrazkiak egiten nituelako. Auzoko emakumeak biluzik pintatzen nituen...

AURELIUS.— Eta zer moduz?

ATEZAINA.— Ondo, oso ondo... ji, ji, batzutan jarrera pikaro xamarrak ematen nizkien.

AURELIUS.— Nola daiteke honelako huskeria bategatik lanetik bidaltzea!

ATEZAINA.— (Pixka bat tristatuz) Izan ere, ez zitzaien batere gustatzen, eta batez ere senarrak haserretzen ziren. Uste zuten beren emazteen gorputzak hainbeste xehetasunekin pintatzeko bizian ezagutu behar nituela, biluzgorririk ikusten nituela alegia.

AURELIUS.— (Aulkia ipini diote atezainari). Eta ez al zen egia?

ATEZAINA.— Bai zera, beren forma guztiak leku ezkutuenetako orein txikienak ere beren ibiltzeko eta mugitzeko moduagatik nabaritzen nituen. Semeak bazituzten berriz, askosaz errezagoa zen antzematea. Nik hau dena esplikatu nien, baina alferrik. Emakumeek nik ez nuela haien gorputza ikusterik izan nahiz eta errealistaegiak zirela aitortu; gizonek aurreko astean izterrean eginiko ubelak eta ditiburu ondoko orbainak ezin zitezkela ikusi gabe somatu eta abar. Azkenik nire arrazoiak entzun ondoren bildu ziren eta gaur jakin izan dut erabakia.

AURELIUS.— (Atezainaren ondoan jarriz) Beti emakumeak marrazten zenituen?

ATEZAINA.— Bai, gizonek ileak eta zuldarrak besterik ez dute edukitzen. (Bere buruari inportantzia emanez) Niretzat ez dute interesik.

BEÑAT.— (Hau ere jarriz) Jauna, hori izango da burua botatzeko arrazoia!

ATEZAINA.— Zer nahi duzu?, bizian ez dut besterik egin. Balea kaleko etxe batetan jaio nintzen, hango atezaina zen nire aita, txikitandik lan hau ondo egiteko prestatu ninduten. Neure borontate onenaz honetan dihardut jaio nintzenetik, hori gabe zertarako nago?

AURELIUS.— Pintore sartu zaitez.

ATEZAINA.— Hortarako, (hasperenka) aszentsoreak behar ditut, han bakarrik senti daiteke nire artearen indarra, lilura, (hunkituz ozenkiago) ikara, bortxa. Hiru pisu igo edo jaitsi behar dira gutxienez hori dena sentitzeko adina bakardadean egoteko. Inongo atezaina ez banaiz, non aurkituko ditut ba aszentsoreak?

BEÑAT.— (Beroturik) Borroka zaitez, auzitara eraman ezazu auzo elkartea, zeure eskubideak defendi itzazu.

ATEZAINA.— (Maltzur) Zein zarete zuek, gorriak? Zertan zaudete hemen?

AURELIUS.— (Atezainaren aulki aurretik Aurelius eta Beñatek elkar begiratzen dute inkonprensio keinu bat eginez) Zer gorri gero?

BEÑAT.— Gehienez granatea, hori.

AURELIUS.— Hau Beñat, ni Aurelius.

BEÑAT.— Zai gaude.

AURELIUS.— Beñat andregaiaren zai, ni iragana itxoiten.

BEÑAT.— Eta zu?

AURELIUS.— Atezaina baina...

BEÑAT.— Izena, izena!

ATEZAINA.— (Burua alde batetik bestera ia zorabiatu da). Erik.

BEÑAT.— Ondo dago. Erik, federik baduzu?

ERIK.— Fedea, zertan?

BEÑAT.— Ez dakit...

AURELIUS.— Errezatzen zentozen...

ERIK.— Ah bai! baezpare.

BEÑAT.— Klaro!, porsiakaso.

ERIK.— Bai, ez nuke bakar bakarrik, hutsik, aldegiterik nahi.

AURELIUS.— (Jeikitzen da, Eriki kapela kentzen dio eta Beñati ematen. Orrazia ateratzen du patrikatik eta Erik orrazten hasi da). Erik, aurrerantzean lasai egon.

BEÑAT.— (Hautsa kentzeko atezain kapela astinduz) Bai.

AURELIUS.— (Zepiloa hartuz, goitik behera pasatzen du Eriken pijama guztian). Guk lagunduko dizugu.

BEÑAT.— (Eriken zapatilak hartuz, ateratzen ditu zola batzuk eta josten hasten da). Bai.

ERIK.— (Aureliusek zepiloarekin besapean kilipatzen du. Farreka) Nola?

BEÑAT.— (Bere lana amaituz eta Eriki zapatak jantziz) Etorkizunean itxaropena emango dizugu.

ERIK.— (Temati) Atezain behar dut izan. Eta aszentsoreak.

AURELIUS.— (Berriro jarriz) Izango dituzu.

BEÑAT.— (Hau ere jarriz) Nola?, zure kasua juiziora eramanaz. Bihar, (hobeki pentsatuz) bueno gaur, (irrifarrez) nire andregaiarekin hauzitegira joaten garenean ezkontza prestatzera, abogaturen batekin hitzegingo dugu, eta zuri gertatua azaldu bezain laster gure alde jarriko da. Egon lasai, arrazoia duzu eta egia gurekin izanik, Jainko beraren aurka ere gudukatu gaitezke.

AURELIUS.— (Eriken saihetsa ukituz esku batekin eta bestearekin jakiak atereaz) Lehenik haragi hauek mamituko ditugu. Tori!

ERIK.— (Hunkiturik) Ez, ez, hau gehiegia da.

BEÑAT.— (Esbubibo argia indartsuago egin da). Har ezazu gizona, on egingo dizu. (Batuta altxatzen du eta eskubi aldera begira geratzen da).

AURELIUS.— (Erikek, goseti, nola jaten duen begira, beste botila txiki bat aurkituz) Otzi pattarra!

ERIK.— (Alai) Mila esker, zer egin dezaket hau dena ordaintzeko?

BEÑAT.— (Berriro ere adi) Zer egin dezake?

AURELIUS.— Gurekin kantatu.

BEÑAT.— Ez, horretarako berandu da.

AURELIUS.— Marrazki bat agian?

BEÑAT.— Bai, bai, nire maitearen erretratu biluzia.

ERIK.— Aszentsorerik ba al da zuenean?

BEÑAT.— Ez dakit. Gugatik paperean ere egingo duzu, eh!

ERIK.— (Pentsatuz) Bai, behin bakarrik baina, egingo dut.

BEÑAT.— Ederki. Aurelius, zuk beste zeozer eskatu...

AURELIUS.— Ez, ez, nahikoa dut, ni ere pozten naiz.

ERIK.— Eta juizioa galtzen badugu?

BEÑAT.—  (Batuta mugituz eta eskubira begira) Irabaziko dugu.

AURELIUS.— Eta galdu ezkero, etxe asko daude atezainik gabe.

BEÑAT.— (Tentetuz, urduri, oihuka) Han, han, buruzapi horiko neskatxa! Hala etorriko zela esan zidaten. (Besteak ere jeiki egiten dira). Begira, begira! hiriko sarreran, multzoaren erdian, horia da ezta?

AURELIUS.— Bai, bai.

ERIK.— Bai.

BEÑAT.— (Pozaren pozez salto txikiak eginaz) Bera da!, soineko dotorea dakar, eta polita da! Ez al da polita?

AURELIUS.— (Bere eskua Beñaten sorbaldan ezarriz) Bai.

ERIK.— Honbre, hemendik...

BEÑAT.— Bai, bai, zoragarria da. (Tarte batez pausatuz) Erik, "Danubio urdina" ezagutzen duzu? (Erikek buruakin baietz. Beñat berriro urduri) Goazen, goazen azkar nire ezkontzara! Hiruron zoriona urrean daukagu.

 

(Teilatuan gora doazela ikusten da eta "Danubio urdina"entzuten da).

 

TELOIA

 

 

© Jose Luis Otamendi