Ilunabar hontan

ene oroimenen uholdean

beste zereginik gabe

gaztaroan murgiltzen

dena ilunabarra

jolas iskanbila arineketen

lehendabiziko aulkia hondartzan zehar

dena ilunabarra hondartzan zehar

uhinak

uhinak

uhinak

uhinak

dena ilunabar

hondartzan zehar

eta zeinen aldatua

jolas iskanbila arineketen

lehenbiziko aulkia

hondartzan zehar

uhinak

zirriborraturik

sartaldeko azken hatsaren begirada

arin

arinkien

ispilu burtzoragarri

irristatzen

dunbots zizkolatsuekin

haitzak arradatuz

inolazko musu gezaltsuak

lurraren pusketa gozoenak erraietarantz

ïlunabarra ilunabarrerantz

dena

erraietan igortuz

baina

hondartzan zehar

berdin da

ez du axolarik

hondartzan zehar

aurrera aurrerago

goruntz begiratuz noski

ogi apurra

zerbaiten zatia?

Egia esan

EZ

agian zergaitiaren bila

pausoak neurtuz

ibilaldia

arratsaren baitan dakusat

dena ilunabarra

hondartzan zehar

dena ilunabarra

zoragarria

hogeitahamar urtetako txangoa

ordu batzutan

une batean

zoragarria benetan

zoragarria

zoragarriak

ibilbidea

kaleargi

eserleku

harri koskorrak

zoragarriak

ilunabar

hondartza

uhinak

uhina

uhinak

zoragarriak

asmo orokor

gaztaro ezagun

ezezagunarenak

iluntzeko kaleargiak

urdintasun dizdiratsua

ilargiarekin nahasiz

erditzaleko maitasunkeri erromantikoak

ihadunaldi nabarmen

harreman txit makurrak

zoragarria

ene burua agian neure izartzat

neuretzako ilunabarrean egitekoak.

Zigarroa.

Aurrera

aurrerago

goruntz begiratuz noski

ogi apurra

zerbaiten zatia?

Egia esan

EZ

agian

zurbiltasunaz eraikitakoak

kearen indarrez dazaguzkit

agian itsasoaren hots sarkinak

oraindik ikaraz dantzuzkit

agian

EZ

ilunabarra delako

hondartzan zehar

pausoak neurtuz

asmo orokor

gaztaro ezagun

ezezagunarenak

dena ilunabarra

baina lasai

asmo eta gogoetak

gogaiera bukagabeak

orbain urrikorrak

epaiska eransten polikiro

etxeruntz abiatzen

hoztasunaren hots

ahultasunaren hots

ahultasunaren hitzak

ukaldikari bikain nabarmenetara lehenbaitlehen heltzekotan

bat

bi

hirur

laur...

oinkadak

agian

kearen indarrez arinduz

edo oldarrean ziban bihurtu

(ez dakit)

itzuliz

dena hondartza

dena lehorra

oro bustia

baina

berdin da

ez du axolarik

Axola?

Zergaitik geldituko ote

ene aztarnak lurrean?

Zangoak jartzen ditudan toki guztietan

areriotasuna ote?

Zangoek

inhurridura?

Axola?

Txundidurak

axola?

Guztiz erotzen diren

tresna maltzurrengana

gertaera txarrena

sumatuz inguratzeak

aseraziko bailigu jokatzeak

ez al dakarkigu zoritxar kopetadunagoak?

Baina ez dezagun ahantzi ilunabarra dela

ez ditzagun ahantzi zikinkeri ederrak

zauri gozo, askatuen loturak, lokarri babestu,

babestuen lokarriak, gezurrak, egiak...

Axola? Aztarna hoiek axola?

Nola horretaz arduratu, egoak buruaren azpitik izanik?

Baina zein arroztegitan nago?

Ene etxera etor naiteke.

Nola aurkitu dut etxolatxo honen zuzenbidea?

Nola doilitu neure izateaz?

Ni neu

neure

izateaz?

Alditan

itaunak

egokiak

ez izan arren azter dezagun

erantzunak

maiz

zertan diren.

Era guztietara

goruntz begiratzen dut

ez dut ezer itxaroten

Bai.

gaizki ez banabil

hortxe bertan

ene lehenengo nerabeak

aholku leuntzaileak

ematen zizkidan

maitasunaz

Baina zein arroztegitan nago?

Ene etxera etor naiteke.

Nola aurkitu dut etxolatxo honen zuzenbidea?

Nola doilitu neure izateaz?

Ni neu

neure

izateaz?

Honenbestetan

oroitzen dudan

ondasunez betetariko

udaberriko lorearen eresi

liluratzailea

istiltsua

entzuteak

ez dakarkit ezer.

Axola?

Dena ilunabarra

Dena iluntasuna

Baina...

eta...

oraindik txunditurik,

ernalkuntzaren sakotontzitik

irten ezinean

hondartzan zehar noa

halere

parkatu eginen haut

nik ere

noizbehinka

hilargiaren azpian

munduko lanadetan ibiltzean

hilzoriko gazteen egoitzak bortxatu

eta

edertasun onbeharren hizkuntza arrunta

ahoaren hutsunetik isurrarazten bait ditut;

eta zihur

hurrengokoan

hire andredamakilkeria

ohol artean

lotuko dunala,

eta ez... ilunabarra... hondartza...

ez dezagun ezer ahantzi.

Ogi apurra?

Agian ez.

Zerbaiten zatia?

EZ

Urkamendia?

Bai

HORI BAI

hori ez

BERBERA

ezer ere ez

DENA

Bihar urak ez du hautsik bustiko

ez du lurrunik egingo

Bihar ez da inor geldituko

ez du inork jakingo,

baina bihar

hemen izanen naiz

Ni bakarrik

besterik gabe

Batek jasanen du

eta hori

neroni izanen naiz

besterik gabe

Ilunabarrean

Hondartzan

ni.

Goruntz begiratu gabe.

Bide ertzean

geldituko direnei

parre eginez

Urkamendia?

HORI BAI

ZERRESANIK ERE EZ

HORI BAI.

Eta ni ez naiz

oso urrin joanen

baina atzeruntz

begiratu beharko diet

Eta ez naiz

hondar artean izanen

baina atzeruntz

begiratu beharko diet

azkenean bat bakarrik

enparatzen bait da.

Ez naiz ni

oso urrin joanen

baina ez dut

goitikin artean

iraunen.

Egia!

Orain ez dut

abenikorik nahi. ez dut etsiko!

Zertarako etsi?

Axola al du

aztarna arruntak?

Zertarako etsi?

Zidorrean nindoanean

harrikatu ninduten

ondasunak kendu zizkidaten

baina ez nuen etsi.

Jo ninduten

zakurkeriak egin zizkidaten

eta ez nuen zinhauslerik jauki.

Ez nuen etsi

ez eta ahorik

zabaldu ere. ZERTARAKO?

Eta etsi?

Eta axola?

Eserita, eroririk, begirada emendatua,

batseinak erne,

begi gorrituak ilun,

hitzak hilhurran

abiada sakonetan ditudalarik,

jarauntsi

maitea

agertu

arte

konortearen amildegitik

goialdi jaurtikaien harrikerira,

ezkutapen hautatuetatik

korrokadaren padertzara,

benetako lautasunaren xede egokituaren mundura

noa.

Zeharka begiratzean

paper mordoskak dakuskit

horri

oriztak

parrea

nigan

dutelarik

Parrea beraien ustez jakina!!!

Badakit, ordea,

malkoak darizkiela

jakituriaren arima sortzailearen esku ugalkor bizkortzailea

azalean ez nabaitzean.

Maskurtu, gogortu,

izerdia soinean,

larruari atxekiturik,...

Artekotua nuen.

Harri eta zur!!

Hau da edertasuna!!

Aloddik ere

baietz dio!!

Eskubira dagoen aulkitxoan jarririk,

adi baino adiago

dagokit,

zergaiti

eta ondorioak

balezaguzki.

Bernak uztarturik,

begira

begira...

ilunabarrean zehar begira

begira...

Zahar xamarra da

bai!

Baina

zer arraio axola du horrek?

Zer arraio

axola du

horrek

gorputzez gorputz

egotearen goxotasuna aldameneratzeko?

Zer arraio

axola du

begiak asmoetaraino hondatuak,

betule zuna

baino zuriagoak,

ile urdintsu,

zakar artetik berpiztutariko orri auhendaria baino

azal mindu eta

tolestatuagoa eukitzeak?

Ez ote du

omentsutasunarekin nahasturik

indar erakarlerik?

Axola!,

Ilunabarra

delako

axola.

Hondartzan

nagoelako

axola.

Eta egia da

zuhaitza onhesten dudala,

baina zuhaitza izateagaitik

eta ez zuhaitza delako.

Era berean

hondartza maite dut,

ez hondartzagaitik

baizik hondarra duelako.

Eta egia da

hasikien eskeintzaren

egunetik

berrogeitahamargarrenerarte

neuk bakarrik

iraunen dudala.

Ez naiz urrin joanen

baina atzeruntz begiratu beharko diet.

Eta neretzat

horrek ez du axola.

Iritsiko da

ene eguna;

helduko da

zuena ere.

Munduko gauza guztien

jabe eta nagusi

izanen naizen garaia.

Eta hau ez da

berrogeitahamar egun

hoien tartea

baizik une hortatik

aurrera ene infinitoa

berreskuratuko dudana.

Betirako

lagun izanen nauzue;

lagun adiskidea.

Bitartean

Li-sao'ak iraunen duzue.

Nik erabaki arte?

Ilunabarra,

hondartza,

zeregin sakonetan

murgildu arte?

Eserlekuak

eseri arte?

Zein galdera ederrak!

Egokia ez dena

deuseztu eginen dut.

Zein erantzunera trebea!

Jaitsitakoan!

Har benazate heurekin jaitsitakoan!

Har benazate,

eta dena

beraien onerako eginen dut!

Beraien

onerako

dena txikituko dut!

Akerraren

adarrak

okerrak direla

aintzina

entzun nuen.

Akerraren

adarraren

okertasuna

akerra bera dela;

orain diot.

Bai!

Udareari hatzematean

madariondoa urratu zenuen,

eta ez dago

haltzari fruitu hila joaterik.

Bai!

Gaitzesgarriki

narriatu duzue!

Helburua erabakitzerakoan,

etorburuetan koipatu zarete!

Ilunabarra itzali nahi izan duzue,

baina

horretarako

bizi izatea

behar dela,

izateaz

beraz

ohartu gabe,

argiaz

beraz

arduratu

behar dela

konturatu ezinik...

Argia zer den

jakin ezik

nola itzalean

itxaropena...

 

 

Baina ez dut

ezer neurtzen

zer eginen duzuen

ikusi arte.

Bitartean

murgiltzen jarraikiko dut.

 

 

© J. Iñaki Lasa