—Itsu-mandoka: 5—

 

Gezurretan

 

Xabier gezurretan zebilen, metodikoki bere bizia itzalduz. Ene arrebarrekin berextuz geroztik, inor ez zion erlazio iraunkorrik ezagutzen. Hitzetan eta eleen bidez egiazko labirintoa eraiki zuen; guziok, deklarazio ta gezurren edifizioan galtzen ginen. Urte bat iadanik ez zela gehiago unibertsitako klasetan gehiago agertzen. Noiz nahi suntsitzen zitzaigun, berak zionez airearen hartzeko, eta gero aste baten buruko gordagitik jalgitzen, larrua berriturik. Noiztenka ganberara igaiten zitzaidan eleka aritzeko; berak, zirudienez, bere postura norbaiti justifikatu nahian. Hamar aldiz esplikatu zidan nola hautatu zuen gezurren bidea; aztertuz ere amodioaren egitasun eskas minkorra, arrebaren izena behin ere aipatu gabean. Zion, bere baitako bake bila zegoela, baita ere munduan zentzurik etzela. Haren iduriko, eskas ditugun bakea, isiltasuna, hemen berean lort daitezke gezurren bidez dena itzalduz, gutaz informazio guzia lehortuz. Haren labirintoan ez zegoen haririk lurrean; argirik ez, inondik.

        "Etzekala pentsa tristea dela nik nahi dudana" erranez, ene kritikak deuseztatzen zizkidan aintzinetik.

        Gezurretan bakartatea aurkitu zuen eta bakartatearen bakartate hutsa ere egun batez euripean zihoalarik, euri uharrak hezur zaku mehatu txar bat baizik etzuela bustitzen sinetsiz. Bizkarrean erortzen zitzaizkion tantak gehiago ezin berextuz, elea emeki lehortu zitzaion. Nekaturik, etxera abiatu zen eta bere ixiltasunaren egitasuna probatu nahiz, nabal zorrotza sartu zuen larrupean, bizirik susmatzen zuen bihotzean.

        Geroztik, beste zenario bat pentsatu dut suizidioa esplikatzeko (behar bada Xabier galduz gero bakartatean itotzen naizelako): bere baitako diskursoak idortu nahiz, gezurretan zebilen Xabier; "gure buruak justifikatzeko, eleka galtzen diagu bizia" erran ohi zidan. Bistan dena hortan zen haren kontradizio handiena: elez moztu nahian zergatik ote mundu erdian gelditzea?

        Beraz, gezurren gainean eraiki zuen bere sistema; mistizizmoa erroz gora ezarriz, labirintoa, ihesia (betiko sinboloak...) hitzetan egin ditzake... hitza makurtuz klaro, elea gezur bihur-araziz! Eta suizidioa alderdi hortarik kontsideratuz, bururatzea arrunt desberdina liteke: azken finean, gezurretan galdurik, bizia itzaltzeko asmatu mintzaldiak bere helburuaren hariarekin nahastu zitzaizkion eta errealitate bat ezin gehiago berextuz, arratsalde eurikor batez, papoan, bihotzaren tokiaz oharturik, nabala bultzatu zuen Xabierrek; erotasunarentzat lan guttiago!

Hirugarren proposizioa: Xabier gezurretan zebilen; arratsalde euritsu batez, arrunt bustirik genbiltzalarik, erotua zela konturatu nintzen. Bere logelara ailegaturik, nabala bihotzean sartu nion. (Askok erran lezake hain segur, bere jakintasunaz bekaitz izanagatik garbitu nuela...)

        Laugarren horrela has daiteke...

 

© Jon Cazenave