—Itsu-mandoka: 4—

 

Jauregi hotzean

 

Aldiro bezala papera purtzikatzen du eta su emaiten dio; beste orri bat hartzen du metatik, lapitza zorrozten eta berriz lanera. Plano bat egiten ari da aspalditik, etxeko planoa; bere mugak marrazkitzen ditu kolore ainitzetan, ezagutzen duen guziaren lerradura ixila geldi arazteko.

        Lehenik logela, paretak zilo guziekin, laukia, kolore meheak, gaineko argi eskasa, leiho hertsia, zola, ohe zaharra, zenbait arropa gainean, kadira xinple bat mahain baten aintzinean eta bera, aulkian, logela dibujatzen ari ate zerratuaren parean. Arratsaldeko bostak, paseatzeko tenorea; egunero bostetan, euririk ez delarik, kanpora doa ate aintzinean ibiltzera.

        Pasiloetan pasatzerakoan, ezkinak, borta frango, leihoak ta gero kanpoan etxe aurreko zuhaitz eihartuak, zeru puska bat, karrikarekin komunikatzen duen portal handia begietan itzatzen ditu metodikoki, ganberara itzuli eta, paperean ezartzeko, plano orokor bat egiteko asmoan.

        Zenbaitek, horrelako kasu batean, itsas hegian izaiten diren postalezko eguzki sartze horietatik bat edo emazte mitiko baten gorputz desiragarria margo lezake; hark etxeko plano (egin ahala xuxena) baizik eztu nahi eta mila alditan hasitako, purtzikatutako, erretako plano hori eramaiten du aurrera. Arratseko zortziak, afaria; logelan sartzen den gizonak, hitz pobre batzuk botatzen platerak mahain gainean pausatzean; presoaren marrazkiari begi ukaldi bat emaiten dio, konprenitu gabe; berak eztu sekulan deus margotu, ez daki, inoiz ez ikasi. Gauero bezala jan aintzin, egiten ari den planoa erretzen du presonerak, hautsontzia eta papelera zaindariari huts ditzan utzi aurretik; bihar beste bat hasiko. Irri hits bat dauka ezpainetan zaintzaileak, ezbaitu ulertzen zergatik marrazkiak erretzen diren, botatzen dituen horrek arrats guziz. Mahain aintzinean dagoen aulkian jartzen da begiralea; paper bat metatik hartzen eta marrazkitzen hasten da kakolatasun herabe batekin. Atea hesterakoan aditzen den hots mekanikoa; errauts bolada bat airatzen emeki. Margoaren logelan dago zandaria, dibujatzen ikasten ari, sukar baten barnean kokatua, eta emazte aurpegi bat heldu zaio lehenik lilugarri; bigarren orria hartzen du, lapitza zorrozten eta hauts metanioari ixtanio bat begiratu ondoan, berriz lanera. Hilargia barneratzean, gaueko pinpilana bat leihotik hegaldatzen. Goizaldera, atea, hetsia, parean mahaia, eta aurrean begiralea marrazkitzen ari; kadira xinple bat jarlekutzat, ohe zaharraren gainean zenbait arropa, kanpotik ihintz freskoa heldu, tanta umiak leihoko burdin behatzetan loturik, laukia, paretak zilo guziekin kolore ainitzetan; Soinu bakarra: zaintzaileak arnasa kanporatzen eta bereganatzen eztiki.

 

 

© Jon Cazenave