—Itsu-mandoka: 3—

 

Joko hauskorrak

 

Biziki atsegingarria .... Anaren logela, tipia izanagatik. Anak, lana seietan uzten, ez daiteke urrun. Joseba, neskaren goait, arratsalde guzian poemak irakurtzen ari izana; haietarik batto paperean ezarri zuen:

 

                Amesten nauzu

                Ez nauzu ezagutzen

                Ez da ene ezagutzeko biderik

                Ez da elkarretaratzerik

                Dagoena: hots bat bestearen ondotik.

                Ixtanio bat eta hurrengoa

                Ditugunak: hurbiltze lerrakorrak.

 

        Gizona hostoaren aintzinean zegoen, hautsia, bezperako oroimenean.

        — Ana

        — Ba

        — Egia dun!

        — Ze?

        — Egia dunala...

        — Zer diok?

        — Gaizki maite izan hautala orain arte...

        — Bakemak!

        Bi sorbaldak trast bira, bizkarra makurtua, belaunak sabelean bildurik, urrundua zegoen Ana, tipitua, hertsia, arrunt hetsia, mutua eta arnasa hartzen zuen bortizki arrabots umiarekilan; gorputz guzia emeki emeki daldaran, barneko gora beherarekin batera, haren salatari...

        — Ana zer dun?

        — Deus utz nezak bakean!

        Anak tigrea bezala lo egiten, ausikitzeko prest; ixterrek sabelako bidea tinko hesten, eskuak papoan kurutzatuak, barneko oihu minkor baten zapaltzeko, urkatzeko, ez zedin jalgi!

        Joseba hari so goiz guzitako lo irrealean. Bat batean, pinpilina bat irentsi balu bezala, loratzen hasia Ana; amets zati garden batek tigrea eztitzen, irria marrazkitzen gorputz guzian, goizaldean azkenean, lasaitasun apur bat ekarriz.

        Ana mugitzen, estaliak lerratzean hanka erakusten; Josebaren eskua ixterraren gainean pausatzera... hegalaldian bezperako oroitzapenek asmoa zilatzen, puskatzen; eskua bareganatu eta, burua oihartzunez beterik, Joseba burukitaren kontra jarri zen. "Enetxo, maite zaitut, atxik nezazu betirako zurekin" bien arteko amodiozko hiztegiak gizonaren burua itotzen poliki... baita ere "debru astania zu!"

        Oroimen bakoitza, ongi xorroxtua, ezarria izan zen goiko lekutik lerratzen, goizeko borondaterik gabeko izpiritua pasatzean zaurituz. Josebak manta berriz ezartzen...

        Arratsaldeko zazpiak, Joseba beti bakarrik logelan; ohe gainean etzanik, Anaren panpinia zaharra eskutan, haren larru goxoa ferekatzen ari; fereka luzatzen, indartzen, plazerraren hastapenean Anaren desioa bilakatzeko gisan. Lehenik zango bat kendu nahi zion; telazko traste elastikoa zabaltzen, hantzen, larruaren erara. Hankak, ixterrak juntatzen diren punttu hauskorra josturatik joaten ari, panpiniaren zango biak azkenean jin zitzaizkion. Jelosgo ixila, tzarrena edo etzen jelosgoa Josebarena; amodio bat bururatzean sortzen den tristezia handia, huts izigarriaren gostu mingarria bazuen eztarrian loturik.

        Telazko zango malatsak torturatzen ari, ateari begira zegoen, bakartatean itoa.

        Eskuak; hauskorrak Anaren eskuak, deusetako minartzen, odola ekartzen, zimurtzen ere ur beroan; ur hartan aurkitzen zuten hunki latzak hotzikarak sortarazten larru gainean pasatzean.

        Anaren eskuak, eguneroko nekeak irensten ixilik, borratzen ere. Larrua mantxatzeko onak. Panpiniari besoak jalgiarazi zizkion gizonak, bospasei aldiz debaldetan entseaturik.

        Burua kentzean, traste barneko algodoi grisa lepotik erori zitzaion, zauritik dilingo... algodoia lepotik emeki kendu zuen barne guzia hustu arte; gero bi aldetatik behatzak sarturik, panpiniari sabela miatu zion barrutik, daldara bat zainetan.

        Gorputz desegina ohe gainean utzi zuen eta galtzetan zeuden algodoi puskak esku batez haizeatu ondoren, ispiluraino izan zen Joseba. Kolpe batez apurtu ondotik, kristal zatitxo ziztakorrak denetan hedatu zituen, ostikoka.

        Gero eskaleretan abiatu zen, atea zabal zabala utzirik.

 

 

© Jon Cazenave