—Itsu-mandoka:2—

 

Asko aldatu da

 

Xabierrek asko maite zuen bere emaztea. "Eztuk batere aldatua" erantzuten zuen frangotan, norbaitek oso maitagarria zela erraiten ziolarik. Eta egia zen alabaina, neskatxa baten manerak, deusentzat harritzeko modu fresko haik atxikiak zituen Maria Rosak, izan zen neskatokoarenak, denak. Eguneroko neke errepikagarriak, zangotako akidurak, sabeleko minak aurpegi hortan ez ziren lotzen, edo etzen ageri behintzat.

        Haur bat goizeko bietan eritzen ba zen, hura laister xutitzen, ixilik, nigar egilea besotan hartzeko; lasaitasuna dakarten ele apalak, edo ur basoa azpirinekin, aurkitzen zituen berehala. Osaba bat hiltzen ba zen, oihalak eta hilerrirako eramaten diren arropa tristeak erabiltzen zituen Maria Rosak, bere urrats presatuan herioaren itzala segurki gatekatuz.

        Osabaren ezpainetan, heriotzaren lorea emeki emeki ezartzen, hilhotzaren bakartatea hautsi gabe.

        Xabierrek asko maite zuen Maria Rosaren biluzteko manera, zeukan konplizitatea. Iluntzean, gauari begia luzaz egoiten zen, ate aintzinean jarririk eta senarrari biziki gustatzen zitzaion hori. Maria Rosak ez zuen gauza handirik kondatzen, baina sarritan irri egiten, euri uharrak zilatzen dituzten karkaila haietarik. Ile motzak betidanik, kopetan utziak, begien doi doia kukutzeko edo berdin nigarren xukatzeko, zeren gizonak etzion sekulan malko berorik ebatsi.

        Maria Rosa euripean, argi handian, itzaletan paseatzen zen mokanesa beti sakelan. Gona loretsuak, marrazki ainitz daramatenak, itsas hegian goxoki tinkatzen diren horietatik, haize gazian piska bat altxatzen direnak maite zituen; eta Xabierrek ainitzetan "amesten zaitut" erraten zion itzultzerakoan, ezpainak ileen artean beharri bila joaten zirenean.

        Egun batez hautsi da, ixilik. Auzoek segidan: kotxea ikusi zutela, gizona, autotik jalgi zelarik, begietan betirako itzatua zutela, zioten goraki; baita ere "hain gaztea baitzen, hain pollita, adinak etzuen tokirik aurpegi hartan" errepikatzen zuten, saskitara bat gaiztakeria, nolazpait izkutatzeko.

        Xabierrek, gaizoak, etzien ulertzen; "eztuk egia, eztuk egia" murmurikatzen zuen; ezin sinetsia baitzen harentzat.

        Berak beztitu zuen bere Maria Rosa; ahizpek, auzo ta izebek ez zuten gorputza hunki; bularrean eta zangoetan zeuzkan zauri barnakorrak, baleki bale ontsa xukatu zizkion; gero Maria Rosak eraman behar zuen zaia hautatu zuen, luzaz. Eta, emeki emeki, heriotzaren lorea ezpainetan ezarri zion.

 

 

© Jon Cazenave