—Itsu-mandoka: 1—

 

Ortziak hila

 

Iaz, auzo bat hil zaigu molde eder batez. Joanes Lissart zuen izena, Mendibilekoa sortzez, berrogoi ta hamar urte doi doia. Nekazarien artean ohi den bezala, laguntzera jin zitzaigun uztailaren lehen egunetarik batez, orga bat belar baigenuen etxera ekartzeko. Ekian guzian uria izan genuen eta egun hartan ere ageri zen ortziari nekez irabaziko geniola. Joanes etortzerakoan belar idorra mailaka biltzen ari ginen, zerutik lehen kraskakoak heldu ziren momento berean; aitari eskua hunkitu zion, eni, buruarekin agur egin zidan, urruntxago bainintzen arrestelatzen ari. Joanes biziki maite nuen; ote pikatzen, egur egiten edo sasiaren garbitzen ari izan ginen maiz elgarrekin. Laket zitzaion gazteekin egoitea. Dena jakin behar zuen; nik gogotik kondatzen nion nekien poxika, eskolan ikasten nuena bereziki. Gogoan atxikitzen zuen aipatu guzia zeren berdin urte baten buruko, galdegiten zidan berriz kondatzeko ixtorio bat edo bertze; orduan bigarren edo laugarren aldikotz Magellan-en pidaiak egiten genituen, segarren erortze zorrotza uhainaren joan jina iduri. Hitler-en hiltze beltza eskatzen zidan askotan, gerla denboran Alemanian egona baitzen preso. Orduan etzuen batere ulertu gertatzen zena. Ene bidez, Europa guzia kurritzen zuen; Stalingrad-en, Rusiako neguaren hotz lokargarria senditu ondoan, Churchill eta Roosevelt-en arteko elgar-hizketak aditzen zituen. Ororen buru, erraiten zidan alukeria hutsa izan zela jende xeheentzat, baita ere "guk zer nahi sofritu diagu bainan zonbat ez dituk hil!"

        Zientzia harentzat dena mirakuilu zen. Egun batez erran niolarik mende baten buruan, jendea etzela gehiago hilen, haizkora lurrera utzi zuen, haritz tronko batean gainean jartzeko, ixil ixila... Lehen euri xortak erori orduko, ene anai zaharrena agertu zen behiekin. Berehala kargatzen hasi ginen, baina malda baitzen, kasu eman behar; eta etxera heldu bitartean hezurretaraino busti ginen. Joanesek arrestela hautsi baten giderra hartu zidan eskutik iluntzean aldatzeko. Euri tantek, izerdiak eta belarraren errautsak nahasteka, bizar zuria zikindu zioten; ahoaren ondoan, odol tinta bat bazuen, lespada baten ausikia.

        Kanpoan euria ari zen jauts-ahala, zimistek zeru beltza alde guzietarik argitzen zutela. Aitak erran zion gurekin gostuan afaiteko edo bederen ortzia joan arte aterbean egoiteko, baina hark, behiak deiztekoak zituela oraino, emaztea ez ontsa eta gaineratiko... Baso bat arno brixtean hustu eta, abiatu zen aldapan gora, etxera buruz pentze baten erditik, betidanik errana baitzen etzela ortziarekin zuhaitzen azpitik pasa behar. Urrunean, kraskako izigarri bat. Zimista luze bat, zerua urratuz, Joanesen gainera erori zen bortizki; gizonaren gorputza airean luzatu zen eta dirdiratu argia irentsi balu bezala. Guk, lasterka heldurik, hila aurkitu genuen, arrunt errea, besoak eta zangoak sabelean bilduak, iduriz tipitua.

 

 

© Jon Cazenave