—Joko krudelak: 5—

 

Ontsa leitzeko bidea

 

Irakurle tontoenarentzat

 

Arratsaldeko hiru orenak, tenore txarrena, hutsena. Kanpoan erle ta lestafinak argi dorpean erne. Liburu bat hartzen, behako alfer bat bota ondoan, karta bat idazten hasten, uzten piparen betetzeko, pizterakoan gostu txar bat mihian. Ohe gainean etzatera, baina goiz hontan berant jeikia eta orain inondik ezin lokar... Itzulika, freskura doi bat, minuta bat pausa bilatzen; buruan zinema irekia: irudiak pasatzen kontrolarik gabe, gorputza astun. Gaur ortzituko, gorputza lasaituko. Buruan, probintzia oso bat hedaturik bere jendetze guziarekin, bazterren eta aurpegien oroitzapenak, asmo oro nahasteka. Eta nonbaitik sofritzen, bakartatearen itze-zizta denetan susmatzen, zentzu gabetasuna barnetik doloroski hazten..." "Akabo poema!"

        Atea idekitzen da eta hesten berehala poetaren aurrean; luma uzten du eta solasean hasten, bisitariari sendoki begiratuz. "Erran ditzadan bi hitz serios hilobi putzuan sartu aintzin! bizia neazkagarria da eta heriotzari buruz, astokeriarik ez bada, ezta gauza handirik kondatzeko. Artean badago holako noman'sland hertsi ta luze bat: desesperantza. Asko gara bazter idor hortan ibiltzen garenok... Eta zer gehiago? Funtsezko gauzetaz mintzo delarik ezta beste munduko deusik ahozkatzeko, bistan da!

        Desesperatzaren poema idazten ari nintzen sartu zarelarik, mila bertsotako olerki luzea eta bertso bakoitzean suizidioaren ideia ferekatu dut, lerro bakotxak duela pistola kanoiaren hunki freskoa.

        Baina hemen zarenez gero, luma ta papera utziko ditut eta nahi baduzu zure aurrean azken esperientzia bat eginen dut... Berdin laket bazaizu ene ondotik egin zenezake!

        Desesperantzaren basamortutik libratzeko suizidio argi bat nahi nuke... "Basamortua" bai, badakit zer uste duzun, klitxe hutsa, tontoenek erabilitako irudi eskasa! Berdin da, konotazio guzien aparte "basamortu" horrek badu bere musika... Beraz suizidio argi bat nahi nukeela... Askotan, bizitzaren ez-beharrek sortu nekatze nardagarriaren azken posibletzat kontsideratu izan baitut. Baina ez naiz desesperatu normal bat —segitzen nauzuia beti?— ene burua garbitzea, ez litzateke inondik ere lokartze bat; izatekotan, suntzitze hotz bat, motibaziorik gabeko ekintza, azken joko bat, ez salbapena, ezta ere madarikatzea, joate huts bat baizik... Bon, ea gure esperientzia... Horren ikustera jina zera ezta?

        Logelan sar, leihoak hets, argirik ez inondik, eta bazter baten irudia, oihan edo bertze, burura heldu ba da, puska lehen bai lehen, ezbaitu lan hortan deusetarako balio; zer nahi gisaz, ororen bukatzean, haragiaren zeluloek (usteltzean!) zuhaitz hostoen arnas-hartze ixila ikasiko dute. Aulki bat har, gelaren erdian ezar, gainean jar gaitezen argia itzali ondoren. Bi etapa gelditzen zaizkigu oraino.

        Lehenik, sentimenduan garbitzera (erran nahi baita zentzu definitiboan, auzoko gatu txar bati lepo hezurra hausten diozunean bezala!) behartua zara, zure kasko razionalaren kontua egin aintzin. Behingoan bederen enekin batera egiati izan zu! Aitor giza-afekzioak ez direla gora-beherekada bat baizik, gure egiazko bakartatearen salatari krudelak... eta gure arteko erdipurdiko komunikazio motela gezurbide makur bat dugula, non ezten einganiatze zikin bat; beraz mesedez agor betirako sufrimenduaren iturria!

        A, arinago senditzen zara orain, hein batean libreago beharbada, alta buruan munstro goseti maltzur bat baduzu oraino, zure desio ta sensazio oro gordagitik manatzen ari, oinaze zizten indarra aise izartzen duena, desesperantzaren gau luzean zer nahi motatako oroimen asmo ta amets zoro pizteko prest. Barneko musika hori isilarazi behar duzu eta borondate osoa suizidioaren ideiari lotu! Eta oraingotik, instintoen oldartze basa bat altxatzen bada ere, zaude trankil, ia soka mehe batez aulkian estekatu zaitut eta kanoiaren hunki hotza kopetan, begien artean sendituko duzunean hatsa eztitzen ba duzu, hartzerakoan bost kondatuz, berriz sei kanporatzean, ez duzu seguraz ere argi azkar bat baizik ikusiko (bala pasatuko delarik), tiroaren oihartzun izigarria esterofonian adituko, besterik ez...

 

 

© Jon Cazenave