—Joko krudelak: 4—

 

Bikote zaharra

 

Ametsean galdua doa Anarengana; amets hori burutik ezin ken... Itsas ondoko hiri baten parte zaharrean, kale tipien borobil makurtuan zabalduz doan ibiltze horrek Anaraino eramaiten du aldi oroz. Ana eta Joseba, biak gazteak, libre oraino, baina bikote zahar bat jadanik, xumekeriatan hartuak, itxuretan itzatuak; biek, hondartzan asperturik, uhaina igurikatzen, batak besteari aipatu gabe.

        Anak, bizkar hori, hainbestetan kurritutako ixterrak gehiegi ezagutzen; Joseba, Anaren ile luze beltxetan nekez lokartzen; biak ametsetan bizi... Egunaz segitu karrika hertsi ber berak juntatzen ditu mutikoak gaueko dibagazio pausagarrietan; Anaren logela hotzean lo egiten duelarik ere hor gaindi dabila. Eta bart arratsean, Ana despeditu eta, ohizko "hamaiketan betiko tabernan" erranez gero, etxerakoan luzaz egona da ibilka kalez kale, alkoolaren sarean ahantzia... Barda ere, ametsetan, itzal feminino bati eratxikia izana da; enamoratua; bizkar, zango horietan giltzaperatua. Sorbalda horik, ile labur horik maitatu ditu Josebak, atzetik, hurbildu gabe, debaldetan. Luzeki segitu du aurpegia deskubritzeko, baina ezin ikus; beti zerbait traba, itzala trebes edo ezkina txar bat haren ebasle. Andere hori bilatzen ari da orain kaleko begitarteetan; hainbeste ile labur, beltzak gehienak, sekulan ez, behar den hura...

        Logale da Joseba eta berehala ohartuko duk berandu oheratu naizela, pentsatzen du "betiko tabernan" sartzerakoan, jendeen artean Ana bilatuz. Hor dago jarririk, irri krudel bat, irri hiltzaile bat ezpainetan:

        — Maitea, pollita naiza ile motzekin?

 

 

© Jon Cazenave