—Joko krudelak: 3—

 

Amanteak

 

Udazkeneko gauak beti xarmagarriak izaiten dira; aroa goxatzen delarik, arratseko zortziak irian jende frango kanpora zihoan denbora nolazpait xahutzeko. Ilunari buruz, bideak nahasteka itzaletan. Koloreak eztitzean, gauza guziei loditasun bitxi bat sortzen zitzaien. Ordu hortan, asko bezala, Jon etxetik kaleratzen zen biharamuneko alkondara lisatu ondoan. Bazuen tristezia garden baten errautsa ezpainetan, etxeko ixiltasuna dudarik ez. Bera bizi den gizonaren tokia eztela batere laketa,

auzoek komentatzen...

        Gau guziz, hilerrira joaten zen direktuki; haratekoan, zakurra aintzinean lasterka joaten zitzaien bikote ainitz kurutzatzen zuen, aldi oroz "agur" apal bat botatzen ziela. Haiek, holako irri makur bat ezpainetan, berdin erantzuten. "Hori duzu xoratua dena..." "Eni bera mintzo dela erran didate" zioten gauero bikoteek eta komentatzen ere bai, zakurrari noiztenka begi ukaldi goxo bat emanez; "eztik emaztearen hiltzea ontsa soportatu, gaixo gizona, hain goizik alargundua..."

        Eta egia zen, emaztea galduz gero, lagun eta senideei etxeko atea hetsi zien Jonek, hastetik; o, etzen batere jazarraldi desesperatu bat; heriotzaren kontra ez zela deus egiteko bertan oharturik, ez zuen sekulan zeruari marrumarik bota.

        Kanpotik idortzen edo tipitzen hasia zela iduri zuen; bibote beltz luzeak emeki emeki zuritu zitzaizkion eta egun batez gabe agertu zelarik, berak erori zirela pentsatu zuen jendeak; baina halere begietan nabarmen zen barnetik beti bizirik zebilela. Bere lagun zenaren hilarriraino zihoan gauero, batere geratu gabe. Heldurik, estalgia poliki mugitzen zuen eta emaztea zilotik ateratzeko besoekin laguntzen.

        Hark errautsaren kentzeko, berehala eskuak soinekoaren gainean pasatzen; lehengo mania bat...

        Gero biak hilarrien artetik luzaz ibilka mila gauza kondatuz; batzuetan, zeruari so egoiten ziren izar bat izendatu nahiz. Frangotan, hilarrietan asperturik, ondoko uhaitzeraino kurritzen ziren, zuhaitz peko freskura goxoaz baliatzeko. Txapela aldean begiratuki pausaturik, lurrean etzan eta, uraren hotsarekin bozak xarmanki nahastikatzen zitzaizkien.

        — Ana, konda ezadazu heriotza.

        — Anda... nekatzen nauk; gaur ez diat nahi; gaur, ura ere eztuk herioaz mintzo; gauak freskatzen hasiak direla erraiten dik... Gaizoa, horrek sasoinen aldaketarik ezin jasan!

        Hoztua haiza hi ere? galdegiten zion senarrari, esku lehor bat bular bilotsuan pasatzerakoan. Gaixo senarra... Funtsean ez haiz gehiago senar bat; denik ere amante bat, iluntzean maite debekatuarengana joaten den horietatik.

        Hala izanik ere, gizonak etzuen ferekari biziki erantzuten.

        — Ana, konda ezadazu oraino heriotza!

        Eta aldi guziz, hilobira zenbait musu eraman nahi zuelako, Ana kondatzeari lotzen, hasperen luze baten ondotik.

        Itzal teatroa muntatzen zion, eskuak ta eleak nahasturik. Bere ibilketak, hiriko kaleetan zehar, haragizko jendeen artetik egiten zituenak apalki rnarrazkitzen zizkion, hainbestetan kondatutakoak: hala nola, doi bat irri egiteko tabernetan sartzen zela eta mozkorti bati basoa husten ziola; gero, nola beste mozkor guziak hartaz trufatzen zirela asmatzen zion Joni.

        Asmatzen bai egia erran, zeren denak gezurrak zituen bere ixtoriak; berak ohea biziki maite zuelako etzen sekulan hilobitik urruntzen, gainera aitortu behar da etzitzaiola batere laket harriak trebesatzean ezagutzen den sensazio hotza.

        Estalgiaren harria beste motatakoa izan balitz gehiago ateratuko zela pentsatzen zuen askotan. Behin bere gezurretan aldaratua, itzal batekin izan zuen erlazioa aipatu zion Joni, den mendrena bederen bekaitz zekion, baina senarra etzen batere jelostu. Ainitzetan kalapitan aritzen ziren biak itsuski, partikulazki etzuelarik heriotza kondatu nahi.

        — Ana konda ezadazu herioa!

        — Jo, aski duk! Ez diat gogorik, ez diat ene heriotza aski maite. Gizonaren atorraren barnean eskua sartu zuen, desioa hezurretan danbaka zihoakiola.

        Egun hartan, itzultzerakoan, heriotzaren ixtoria bigarren aldikotz eskatu zuen Jonek. Emaztea harrigarriki gaitzitu zitzaion; bozak hantuz zihoazen hilarrien artetik. Anaren pausagunera heldurik, orroaz hasi ziren biak zoingehiagoka; itzalak, haserrea ezin gaindituz, senarra zilo barnera bultzatu zuen izigarri bortizki. Estalgia gainetik ezarri orduko, txapela buruan esku batez atxikiz, lasterka etxera joan zen.

 

 

© Jon Cazenave