—Joko krudelak: 2—

 

Auzia

 

Carole zango motza da, bai hori egia duzue, bainan bertzea normala du eta gainera biziki pollita, jaun andereok.

        Konkorra! Bai, konkorra ere eta itsusia zaitzue tuntur ttipi bat bizkar erdian?

        A bai okerra; baina horiaz bakarrik hurbiltzearekin ohartuko zarete, seguraz ere. Erran behar da, haurtzaro ilun bat ukan duela; gaixo haurra, beti bere xokoan abandonatua, trapu zahar batzurekin nolazpait libertitzen edo armiarma sare errautsuak miatzen, gero alimale beltxei zango guziak banaka banaka kentzeko. Haurrak krudelak izaiten dira hiru urtetan. Baina erranen didazue erreza denez hanka bakar batekin ume normal baten gisa jolastea? Ez, bistan dena!

        Horregatik ez zarete harrituko, neska, gaizto finitua bilakaturik ere; hala nola, eskaleretan kolpe tipi bat biltzen zuelarik, ausikika hasten zen berehala, begia sutan zuela... Brrr! Gero eskolan abiatzerakoan, amak muturreko gorri bat erosi zion eta ttipittoen klasera bidaltzeko orduan, haurrari ezartzen atzetik, abisatu gabe; ez baitzekien gaixo haurrak beharrezkoa zela tresna hori, zeren (aise ulertuko duzue...) horrelako hezur zaku arrunt makurra ikustean, jendeek kaska zenbait botatzeko tentazio minkorra zeukaten, eta gure Carole ausikitzetik ezin geldi!

        A, orain haren adolezent denbora aipatuko dizuet laburzki; badakigu, Carolek berak aitorturik, hamabost urterekin izan zela depuzelatua; eta badakigu ere, gauaz egin ziola gizonak, inork ikusi gabe, inon espanturik bota gabe. Batzuek, orduan, erran zuten bortxatua izan zela...

        Beraz deus kondanagarririk orainokoan. Egia erran problema ainitz halere; erraite baterako, Carolek atzo aipatzen zigun jendeen artean egoterakoan komunikazio inposibilitate asko senditzen zuela. Pentsatzen ahal duzue zer problema mota sortzen diren, ez denean aurrean dagoen pertsona fitsatzen ahal eta hori, bakarrik begi madarikatu bat eskas delako. Baina, ohituz zihoan eta mihia izigarri ona zuelako, bere anormaltasunaren bitxikeriak ontsa ulertarazten zituen halarik ere.

        Ederrena, orain heldu zaigu Jaun andereok! Burasoek (preokupatuak halere, zeren hogoi urtetan ez zuen oraino senargairik) mutiko gazte bat bilatu zioten esposatzeko. Izugarrizko suerte batekin, oker gazte bat harrapatu zuten, hanka motza ere, tuntur pollit batekin bizkar erdian. Bien artean, bi zango bazituzten eta bi begi ere. Baina neskak etzuen begiaren bistan ikusten ahal, zezela zelako omen. Eta kalapita andana baten ondotik, bi egun ezkondu aintzin, gizongaia garbitu du. Hala zer izan den haren bizia orain artino, Jaun andereok. Bizi laburra orainokoan segur, baina ondo betea... gaiztakeriaz erran nezake.

        Fin, zuei juradoei, gure herritar zintzook, gaur ez dizuet lepo bat eskatuko krimen triste honen ordain arazteko, baina zorion aurrean hainbeste mezprezio erakusteagatik, galdetuko dizuet Carolen bigarren zangoa!

 

 

© Jon Cazenave