—Joko krudelak: 1—

 

Haur joko

 

Amak askotan erran zidan mutiko tzar horiekin ez jostatzeko, gaiztekeria baizik ez zutela buruan, bide txarrean eramanen nindutela goiz edo berant. Atx, hemen pareta, zer kaska bildu dudan! Egia da ainitzetan biziki gaiztoak izan direla enekin; aldi bat arropa guziak xehakaturik itzuli nintzen etxera... Zer ez nuen bildu aitarekin!

        Kasu, hemen ezkina, etxera joateko eskuin, beharrik ez baita inor kalean tenore honetan! Nork ukan du ideia lehenik joko horren egiteko? A bai, arotzaren semeak, buru gorri madarikatu debrua, ez du besterik gogoan, beti gerla ta gerla! Joan den aldean makil ukaldi izigarri bat eman zidan kaskoan erranez aleman pito bat nintzela... Odola ikusirik haatik, gelditu zen.

        Hark eta bere anaiak tortura gaiztoenak pentsatzen dituzte; behin gaztigutzat, bare puska bat eman zidaten jateko, zortzi egun eri egon nintzela ondotik.

        Etxeko ataria! Ez dakit zer botako diodan amari, segur naiz zai dagoela; baina zer zozokeria halere, ontsa gorde nintzen, nork daki nola harrapatu nauten; zer debru pasatu zaie burutik ene hori egiteko!

        — Hor hintzen?

        — Ama, begiak zilatu dizkidate, ez dut minik batere...

 

 

© Jon Cazenave