—Haurkeriak: 4—

 

Kea bezala

 

Hastean, tristezia handi bat sortarazi zidan gorputz geldiak; oren bat bederen, kadiratik ezin mugi, amari so egona nintzen, konprenitu gabe ikusten nituen begi hetsiak, ezpain zuriak ez zirela gehiago idekiko. Bat batean eletrika kendu nuen, ilunak izpiritua lasaituko zidala esperantzarekin; debaldetan...

        Hil beila hasi geroztik ez bainintzen gehiago ene buruko gauzen nagusi; pentsamenduak pasatzen ziren, bat bestearen ondotik, batzuek zauria zabaltzen, besteek borondatea urtzen.

        Gero lo egin nuen bulta batez, ontsa oroitzen banaiz lo gaizto dorpe bat; iratzartzean mila gauza tinko tinko nituen gogoan, hala nola amaren oroitzapen frango, aita zena hil kutxan; ene burua hezur hutsa bilakatua, irri bat hortzetan.

        Loak berriz hartu ninduen goizalde arte; orduan, ateraino izan nintzen, ahoko gostu txarra kentzeko baso bat ur pasatzean edanez; argia gaua urratzen hasi zen alderdi guzietarik, iguzki sortu berri zuhail bat zeruko muga batean erdi gorderik zegoela; harekin konplizitate handi bat banuen; bista apalduz, ohartu nintzen lanoa bazela denetan, kea bezala.

 

 

© Jon Cazenave