—Haurkeriak: 3—

 

Barruko sekretoen ehorzketak

 

Aitari so egon natzaio egun, bazkari guzian, bera ohartu gabe bazterretik, hogoi eta bi urteen hari luzean izkutatu dizkidan barruko sekretoen ebasteko.

        Eta erran behar da hogoi eta bi urteekin ez duzula zure aita lehen bezala begiratzen ahal.

        Zenbat gizon hil ote zaio bere baitan, bere buruko xoko ilunduetan, zenbat pasilotan nagusitu armiarma sareak?

        Zenbat bide hetsi diot aitari? Iguzki bide ote?

        — Aita, eskolako bidean lehoin izigarri bat ikusi dizut!

        — A ba, buztan handi batekin? Hago ixilik orain, lanean ariko duk aita.

        Segur naiz mamu ezagutu andana bat kurutzatzen duela egunero eta bereziki oherakoan. Bere mamuak, denak bereak, zurpailak, hauskorrak, batzu nigarrez, besteak erneak, presaka; bat partikulazki, hogoi eta bi urte dituen bat, nahiko tipia, begi zabalak dituen hori; beharbada lehengo hitzekin mintzo dira, lehengo kontuak aipatzen ere, apal apaletik. Batek mundua ikusi nahi zuela, besteak esplikatzen orduan etzela posible eta orain berantegi dela; eta neska beltzaran hura, larru legun hartaz mintzo dira hain segur.

        Lanetik jin delarik, amak begirako iluna bota dio, holako duda bat ezpainetan.

        — Debrua hi! Hire lagunekin hintzen oraino... edana haiz, har ezak azpirina bat eta habil ohera... hobe duk!

        Zergatik gelditu nintzen Helenarekin pentsatzen ari da aita.

 

 

© Jon Cazenave