—Haurkeriak: 2—

 

Haur bat zuhaitzetan

 

Haurra oren bat jeiki aintzin, emazteak ibiltzen hasi ziren gaineko logelan eta jin zelarik goizero bezala aitona ohean sartu geroztik bere "attitti maitia" agurtzeko, amak bidea hetsi zion, eta ate aintzinean esplikatu "attitti" joana zela, etzuela gehiago ikusiko, beste nonbait egonen zela oraidanik.

        Haurra, loaren pizua oraino begietan, orroaz hasi zen, xuxen konprenitu gabe aitonari gertatua; eskalerak tiroa bezala jautsi zituen supazter zokoan sartzeko, nigarrek daldaran atxikitzen ziotelarik gorputz guzia.

        Kanpoan, izotzak bazterrak preso zituen aztaparran, bizi osoa iduriz gelditua.

        Lanak eginik etorri zelarik, aitak altzoan hartu zuen, bulta bat mintzatu ziren biak buruz buru eta bai auzo bai familiaren joan jina hastean, haurra etzen gehiago nigarrez ari. Musuak, eta okasione hits hortan aditzen diren ele eskasak, hitz zoroak sofritu zituen, deusik erran gabe.

        Eguerditan, jatekoa ezin hunkiz, kafesne handi batekin gelditu zen. Apeza agertu zitzaien hiruak irian, otoan jina, denbora berean lehen auzoak gurutza ekartzen zuela; gero bakotxak, belauniko, musu bat emaiten burdinezko jesusi.

        Afal ondoan, haurra denetan bilatu zuten, biharamunean eskola zuelakotz... "dena den zer eginen du haur horrek goiz guzian handien zangoetan" ...apezak arratsaldeko hiruetan ezarriak baitzituen ehorzketak.

        Debaldetan, etxea miatu zuten.

        — Non duzu anaia?

        — Intzaur ondoaren gainean...

        — Zer debru egiten dizu gain hortan, hotzak hilen dizu!

        — Aitak erran baitio aitona zerura joan beharra dela, ikusi nahi dizu igaiten...

        — Ze zozoa! Zer erran diok haur horri, habil biltzera to orain!

 

 

© Jon Cazenave