Ezezagun madarikatuari

 

        Neguko hotz epeletan gauetako zulotan barrena abiatzen naizenean, maiz ikusten zaitut, baina oraindik ez dut zure izena ezagutzen. Zure zuritasun gardenean mila aldiz aurkitutako atseden puskak nire barnean ez du inoiz mugarik izango, zeren mila aldiz abiatu baitnaiz nire zilborreko zulo sakonean barrena, eta ez dut inoiz zure izpitan aurkitzen dudan argi lasaitzailea sentitu. Atseden lanbroen hezetasunak ez daduka nire alerjia madarikatuari kalte egin diezaiokeenik, eta hau ere atseden bat da. Ez dakit zer izen duzun, baina txikitatik etxe aurreko farolaren kolore berdean itxoiten dudan bidailaria zarela uste dut; ni ere Mantxako zelaietan barrena abiatu nintzen nire bihotzeko anderea aurkitzeko asmoz, eta zorotzat hartu ninduten. Ez zaitez kezkatu gaur eguneko gizarte modernoan guztiz erosoak dira. Ni ere igaro naiz eguzki-izpi aztarnik aurkitzen ez den zulo zikin horretatik. Haseran, nire lehenengo bidaietan, larrosaren margo ubelak laguntzen ninduenean, ez nintzen zure presentziaz ohartzen, baina orain gau ta egun igarotzen dut zuri so, nire amaigabeko galderei erantzun bat emango diezulakoan. Eta egunero garbitzen ditut eskuak nire bazterreko iturri zaharrean, zure erantzuna erosoago pausa dadin nire eskutako behatz loditan. Beldurrak egoten naiz, ez zaitut hatzematen, ez dakit nongoa zaren, ez dakit zer izen duzun, baina behin edo behin ezagutuko dudalakoan nago. Ez dut inoiz etsipena onartu ez eta onartuko ere. Beti izan naiz egoskorra eta kemenak ere ez du mugarik. Eta muga hauetan inoiz higitu banaiz, zure izpi zurien aurrean madarikatuko dut, baina inoiz ez etsipen higuingarri harenetan. Zure aginduak tinko eta tajuz beteko ditut, otsoak otso kementsuarenak betetzen dituen bezala. Ez dizut otso aurpegirik ikusten, baina ezin dut zure otsoenganako adiskidetasuna jasan, inbiria dut. Eta inbiria ez dut inoiz ukatu, inbiriak ez baitu mugarik, eta ni, nahiz beti koadrilako koldarrena izan, mugarik gabeko sentimentuan barrena abiatzera ausartzen naiz. Otsoek gainera nire inguruko haizexari koska egin zioten, eta ordudanik nire gorputzeko soro hestuetan ez da gari gehiago erne, larrosaren usain dotoreak nigan iraun arren. Otsoek ez dituzte inoiz sentimentuen arteko mugak errespetatu, eta honek ere amorrazioaren mugak igarotzen ditu. Nik, aldiz, orain ere gu bion arteko amildegiaren hesiak ez ditut igaro nahi, beldurra baitizut, eta are gutxiago zure ospetsukeria ikusgarria ikustean. Badakit ondo zure ikusgarrikeria hori nonbaiten ikusi dudala, amildegi sakonaren hutsunetan izan dela uste dut, baina ez dut inolako zuhurtasunik, kezkati amorratuaren zuhurtasunik. Zuhurtasun bakarra zure goitikbeherako moko luzeetan ikusi dut haietatik darion baba itsaskorrean igeri eta zure begietako betazal beltzetan nire babaz bustitako gorputza lehortu nuenean. Zurekin amets egiten dudanean, zure gorputz gardeneko zelulen dantza ezaguna izaten zait, baina ez zait zure izenaren edertasun mugagabea bururatzen. Gu bion arteko konfiantzak etorkizunean mugarik edukiko ez duelakoan nago. Baina garai batetan lagun asko ukan nuen, eta azkenik denak galdu nituen, konfiantzaren soka luzeetan urkaturik, eta honek susmo txarrak ekartzen dizkit. Zu ezagutzen zaitudanetik, zurekin edukitzen ditudan jotas ezkutuez elikatu naiz, eta bihotzeko hutsune zabalean txingurrien atximurka farregarriak sentitzen ditudanean, poztutzen naiz zuk emandako atseden puska bila baitatoz, eta zure atsedena hainbesterainokoa da, non ez baitut deus gabe geldituko naizelakoaren beldurrik. Zure bila egin ditudan azken bidaietan, txingurriak ikusi ditut bide hegitako lozorro oparoan lo egiten dutela, jardunaldi gogorraren ondorengo itxura penagarrian, baina ez ditut inoiz iratzarri, nire gaiztakeriak ere bere mugak baititu, eta hauen atea bai dela gogorra. Zure kaska-hezurreko haragien ardatza bezain gogorra, nire lagunen lepoak urkatu zituen sokaren kirioak baino gogorragoa, berunezko barrabilak baino gogorragoa... Nire adimenaren gogortasunak ere nahiko arazo sortu dit, eta etxeko mailu gogorrarekin jotzekotan nago, ea algodoizko zerrauts aztarnik aurkitzen dudan, beti maitatu baitut algodoizko zerrautsa, baita lehen jaunartzeko pasteletan nahasturik ekartzen zutena ere. Pastelaren zerrauts usainak bide berri bat ireki dit zure izena ezagutzerako bide luze honetan, amaigabeko dirudien bide honetan, etsipenak inoiz itxiko ez duen bide itxaropentsu honetan... Itxaropena ere behin aurkitu nuen mendi ezkututako harkaiztzulotan kokaturik, oinak zeharo gogortu zitzaizkidan bidaia luze ondoren, eta hartan etsipena maiz sentitu nire besapeko ile tartetan, ile muturrak orrazten zituelarik, baina ez nion ezer esan. Eta gaur ere, gauetako amets luze eta paregabetan, hauen gozotasuna hasararazi nahi zuen etsipenaren seinalea igartzen dut. Etsipenak ez dit inoiz berri onik ekarri, zure izena jakitea izango litzatekeen bezalakoa alegia. Eta egia esan ez diot inoiz eskaerarik egin, zazpi urteko haur txikiak txokolatezko errege gezurtiari, hau kristau kutsuko umekeria iruditu bait zait beti, eta jesukristok egin zidan azken zerrikeria ondoren ez dut harekin ezer jakin nahi. Berak jakingo du zure izena, hala diote behintzat nire lagun apezpikuek, baina ez dut bere izarretan sinetsi daitekeen ezer aurkitzen, izerdiaren gozotasuna ez bada. Izerdia edonoiz lor dezaket, piszina hutsetako belardietan korritzeagatik ez baita ezer ordaindu behar, eta sabelak, aldiz, niri asko ordainduko baitit. Piszinaren gordetzailea nire laguna da, eta ez lidake inolako eragozpenik jarriko, nik ere mila aldiz ireki baitiot zugana daraman ate gogorra. Sarritan hitz egin dugu zure margo zurien izpiek jariatzen duten suaz, nonahi aurkitzen baitugu hotzaren mutur zorrotzak moztuz. Nire ileetako grasetan dantzatu den zure izpien bero mikatzak ez du izenik, ez eta izango ere... Baina zuk baduzu eta jakin arte ez dut etsiko, nire eguneroko borrokaren atseden nahiak ez nau etsipenaren esku zabaletara bultzako bere ehoskortasuna nirea bera baita, eta biok beti elkarrekin abiatu baikara zugana garaman bide amaigabe eta ilun honetan. Eta nire bideko hegitan, zure bibotearen ilea hornitzen duen izenaren izena ezagutu arte ez dugu etsiko. "Ez dakit zure izena baina jakingo dut" oihu egiten dut zure argitasun zuriaren izpiek nire arkatzaren tinta agortzen duen gau ustel honen goibeltasun oinazearen erdian. Eta ni bezala zureganako bidean borrokan diharduten hainbat eroren adimen estalian...

 

 

© Alex Azkue