1
Hots zaharren sabaiko
kabiako gauontzaren
seme alabek,
kirtenaren zerraila
hautsi zutenean,
errukiaren izenean
mahats-orpoaren aitona hil zuten,
berarengan artabizarren usain garratza
aurkituko zutelakoan.
Eta etsipenaren hodeiek
zoriontasunaren hortzea
amildegiko oihartzunen
garraisiaz urratu zutenean,
erauntsiaren baretasunez
gauontzaren seme-alabek
atsedena hartu zuten.
2
Aitona, ikusi duk
lorategietan ere otso maltzurrik
badagoela, gorazarrea noiz iritsiko zain,
egunsentiko bideari erne,
asekaitzaren begietan galdurik,
atseden berriaren dizdira
soineko urdinen oihaletan
noiz sentituko.
3
Bat, bi, hiru,
xorien habarrotsa
haur txikien jolastokian
haize hutsune bila
atsedenaren hilotza
ehortzeko mahats-orpo
hosto ximelduen bila
© Alex Azkue