Laster hilgo haute

motel, lasai

nazioaren ohoretan hiltzea

inoiz ahantziko ez den

gertakizuna duk, lasai,

eta gainera,

horman jartzen hautenean

eleizako ezkilen soinua

eta iskiluen kolpea besterik

ez duk sentituko.

Une batetako gauza izango duk,

hago lasai,

guztiok igaro ohi diagu

mementu larririk,

bizitza honetan igaro behar, noski!

baina berehala pasako zaik,

ulertzen diat une luzexeago izango dela,

baina gu han egongo gaituk,

hi bizkortzeko,

eta ikusiko duk zein azkar igaroko zaian.

Oso jaialdi eder eta alaia

gertatzen ohi duk,

denak mozorrotuak

eta garraisika,

giro ederra sortzen duk, bai!

Bai, motel, bai,

zihur aski dagoeneko

hire gorazarreak

gugan iraunen dik.

 

 

© Alex Azkue