Gotzon lagunari

 

                              I

Paperak lurretik jaso ditiat hire gorazarrez,

hik ere usoek ogi-papurrak bezala,

jaso baithuan gazteen uzta, nahiz garia, nahiz hizkiak,

usoek ere ez diate merezi hainbat eskertuko

eguzki ttipiaren irriz sortu huan irrifar zabal.

Uso gorri, urdin, berde, beltz... horiek inguratu hinduten

edota hik inguratu ahal hituan?

galdetzen diot neure buruari lau hormez osaturiko

heriotzaren zerraldoan.

Malkoek ez ornen ditek bazter lehorrik uzten, eta nireek ere,

ez dute hire irri ximelak eskeintzen zuen estalpea aurkitzen

baina adimenak bai, adimenak hi aurkitzen hau giro busti honetan.

Nigarrak ibai luze, odolezkoa ote...? ibai luze honetan.

Ibaiak arakatuta ere, hire bizar galduaren hileak besterik ez dugu aurkituko

hire gorputz fisiko metamorfosiaren lekuko,

lekukotasun honek dirau gugan oraino,

argi bitxi bat hintzen erraldoi artean,

izarrak bezain bitxi, Dabid bezain ttipi,

baina argia, argizarizko kandela ahulen habia,

hi hintzen.

 

                              II

Hago nonahi, gu hemen, izarrak hortzean,

hortzeak engainatu ahal hau, nagusiak zakur ttipia engainatu bailuen?

Ez! Bihotzak eraman hau, bihotzaren gurdiak,

hire ahotsa, ozena ezezik, isila maitekorra huan,

gaur hire lagunen ahotsak, ozentasun ozenenean ere,

isiltasun eta huts bilakatzen diren bezalaxe,

isiltasunak mogitu ohi ditu sarri gurdiak, kamioiak, xorien adarrak,

hire isiltasun ozenak mogitu zizkian,

gauez gau, postrezko madalenak mahaian utzirik,

lumen tinta eta muturrak.

Muturrak hituan, alabaina hire atsai,

muturren aurka eraman huan hire baitan

gatazka lerdena, bizkarra makur, adimena zut!

Eta hi, Gotzon, hilarrian zutik hago, adimena duk zutik

gorputza etzana, eta gu loak, loak bortitzki!

Hire fruitu mardulek emanen diate

hozka egiteko aukera, eta hire begiak, lurra altxatuz,

bakardadetik jelkiz, margoz aldatuko dituk,

hatzak ere luma bihurtuko zaizkik,

baina gu bizirik eta biziki itun.

 

                              III

Zein ote huan hire hobena, errua?

Erruak jaso hituan, baserritar gisa, ilez jantzirik,

azala beztutzeko beldurrak bultzatzen hinduan

eguzki haunditik urrun, eki ttipia hintzen hi,

itxuraz, bai, eki ttipia, baina emaroa, eskuzabala

nork ez du hire izpien belarra paper artean erre

bere hire nortasuna zer zen jakin barik?

Bizarreko ile artean gordetzen huan, ihaz;

atzo nortasuna ezkutua huan heurekiko ere,

eta hire nortasuna apur bat ezagutu dugunean,

traizionatu ahal gaituk?

Edota odolezko ibaiak traizionatu ahal gaitu,

ekaitzak egotziz? Gure malkoak, ekaitzaren euri-ttanttak besterik

ez ahal dira, gure baitan erraldoi itxura harturik?

Noraezean, hondamendira bultzatzen gaituztenak?

Nabaritzen ahal dituk uso zuriak beltzez jantzirik

neguko egun atsekabe honetan?

 

                              IV

Musika ere motel zegok gaurko egun honetan,

hire egun honetan, besteak bezalakoxea izan zedin nahiko huan

egun honetan.

Kaleen karea urtu duk honez gero,

baina hi ez haiz oraino urtu, argizaria haiz

argizari gogorra, lehorra,

gugan xumea, apala... nota esan?

Elkar ikusiko ahal dugu berriz, gauetan ametsetan,

globoxka puztuen imajinazioan.

Gezurrezko irudimenak izango dituk,

hodeiek esan zidatek,

nork ukatuko likek hodeiak ere hire lagunak hituala?

Ezin haut heure lekuan jarri,

eta nahia deuseztatua sentitzen diat,

nire mintzoa hutsunetan zehar aide bihurtzen duk,

eta agian nire esanahi guztiak alferrik izango dituk,

lekuko haiz, izandako norbaiten lekuko,

jende askok haintzakotzat hartu zuen norbaiten lekuko

eta usoek ogi papurrak jasotzean

beti gogoan ukenen duten norbaiten lekuko:

                                                                     GOTZON

 

Egun trixte batez: 1978-X-17

 

 

© Alex Azkue