Itxaropena

 

        Dorre luzeetako etxe hartan sartu aurretik, eguzkiaren izpi oriek abisatu ninduten han ez nuela ezer onik aurkituko; baita sarrerako burdinak kolpez jotzean sortzen duen hots urdinak. Baina nik, haurraren irri axolagabeaz, ez nien sorik egin eta bidea jarraitu nuen. Atea ireki nuenean, egia esan, nire kirioetan barrena doan kablea, bere tentsiorik handienean sentitu nuen; baina nire harroputzkeriak ezin ninduen baztertu, eta honetan ere bere eskuetan erori nintzen. Harroputzkeria, iluntasunaren menpe nagoenetik, ez zait inoiz ikustalditxo bat egitera etorri; ez dut bere falta sentitzen, baina ba du amorrua sortzen duen halako zio bat. Atea pasa nuenean kanposantuko liliak ikusteak sortzen dizun urrikalmendua jabetu zen nire buruaz; lurrean etzanda, bere azken hats eta hitzak botatzen zituen askatasunaren hilotza aurkitu nuen; ez nekien zer egin, nire negarraren malkoak askatasunaren odol berdearekin nahastu ziren eta azkenik, nekatuta, leher egina, etsi nuen eta lurrean etzanda, lohalearen lohalez, begiak itxi nituen, askatasunaren gorputz erdi usteldua nirearen ondoan gordetzen nuelarik, gaueko mamu beltzek eraman ez zezaten. Itzarri nintzenean, askatasunaren gorputza zeharo usteldurik, ahoan itsaso hezearen aztarna haretsuak, lauso harrigarri batetan murgildurik zegoen. Ez dakit ondoegi nondik zetorren lauso zirikatzaile hori, baina bere lausotasun nazkagarriak uzten zituen hutsunetan, argi zimaurtu batzuen izpi borobilak ikusi ahal izan nituen, nire begien koloreak, lausoaren komuneko paper kolore aspergarriarekin nahastuz. Haizeak eraman zuen behin betirako askatasunaren soin ustel eta usaintsua. Ordudanik ez dut askatasuna berriz aurkitu, nahiz biblia santuak dioenez berpiztu den. Haizeak, berriz, aurkitzen dudan bakoitzean, zaputz egiten dit, eta nire garraisien higuingarritasunak ez dio bihotza hunkitzen. Ezin dut bere bihotzak dadukan harri gogorra zein motakoa den jakin, ni ikusi bezain laster azeriaren trebetasunez alde egiten baitu. Itxaropenak, nire eguneroko lagun bakarrak esan didanez, askatasuna ere berriz aurkituko omen dut, lur azpi ala gainean, bainan aurkituko dut. Egun hartan, haizeak askatasuna bere esku lehorretan eraman zuenean alegia, nire bizitza kutsatuta, kiratstuta, sutsatuta ikusi nuen; ezinbestez hurrengo gelara zeraman atea igaro nuen. Hango ikuskizun hura ez zait inoiz, nire bizitza osoan ahantziko: ejiptoar piramideen gisako baten tontorrik tontorrenean, far sendo batez nire belarritako organu guztiak dantzan jartzen zituen inozo aurpegiko animali ilun bat jezarririk zegoen; bere begietatik zerion argi itsutzaileak, azkar harrapatu zituen nire zango arinak, eta far zoroari jarraipena emanaz bere begien aurrera eraman ninduen; hemen egin zizkidan galdera guztiak dagoeneko ahantziak ditut, baina ez bere aurpegiko hortz zuriz egindako izartxo polita, bere menpean egondakoen hortzez egindakoa alegia. Interrogatorio hura bukatu zenean, gaur nire bizilekutzat dudan gela zikin eta kiratstu honetara, kiratsa nire indarraren ahultsunaz elikatzen den zulo zikin honetara ekarri ninduen. Hemen nagoenetik ez dut haize kiratstuaz egindako arratoiak besterik ikusi, itxaropena beti lagun dudalarik noski. Itxaropenarekin edukitzen ditudan elkar hizketetan, nire barruko arnas kiratstu guztia berari botatzen diot, berak bakarrik konprenitzen bait nau, eta berau baita mundu faltsu eta ilun honetan atseden emaile bakarra. Lasai egon naiteke bere laguntzaz, ba dut itxaropenarengan konfidantzarik. Iluntasuna bazkaria eta afaria ekartzera etortzen zaidanean, nire bizkar makurtuan bere hatzen ikumen laztana sentitzen dut, berarengan dudan konfidantzaz lasai egon nadin adieraziz. Mundu zikin honetan, nire mundu bakarti honetan, bakartasunaren lagun izaten bukatuko dudala somatzen dut. Zeren bakardadea baita, itxaropena kenduz gero, gaitza derrihorrez eta beste biderik ez duelako egiten didan bakarra. Gainera, atzo itxaropenarekin gauero edukitzen dudan elkar hizketan, bere ahots isil baina sakona sentitu nuela uste dut. Lo egiten ari nintzenean, itxaropen maindirearen alboan esku ezkutu bat ikusi nuen, eta nirea luzatu nionean, pixkanaka pixkanaka iluntasunaren hotz faltsuetan galdu zen, nireganako konfidantza erabatekoa izango ez bailitzan. Baina nik, nire lagun izan nahi badu, beti luzatuko diot besoa, bakardadeari luzatuko niokeen bezala. Nire gorputza inguratzen duen faltsukeria eta iluntasunaren hesiak, ez dit inoiz bere adiskidetasuna eskainiko, ondo dakit, baina nire adiskidetasuna ez da oiloak merkatuan bezala erosten, ez eta saltzen. Nire adiskidetasuna irekia, zabala da, eta norbaitek buztanetik heldu nahi ba du, hel beza, baina nik bere adiskidetasuna besterik ez nioke eskatuko. Eta inork nire adiskide izan nahi ez badu ez natzaio belauniko errukia eskatuz joango, beti beste lagun on eta iragankor bat izango baitut: itxaropena.

 

 

© Alex Azkue