Sarrerakoa

 

Koldo Izagirre

 

        Euzkadi esan zen eguna eta Euzkadi ta Askatasuna esan zena, egun mirakulosak izan ziren euskal populuaren historiarentzat. Baita literaturarentzat ere: Lizardi, Aresti.

        Hil zen Lizardi, faszioak suntsitu gintuen. Hil Aresti, erreforma batek konortegabetu. Politikaren eskutik bailebiltzan, estrapozoka dabiltza kulturaren arlo guztiak. Baina ez dira isildu, helas, atzetik indarrean letozkeen belaunaldi gazteek astinduak izan direlako. Hitz idatziaren esku aldaketa ere pake santuan ari da gertatzen.

        Euskal berboaren oinordekoak hogei urte bete gabeko gazte multzo bat dira. Idatzi da zer edo zer fenomeno honetaz, ez behar adina noski. Beharbada, errazagoa da denak blokean kondenatu ala belaunaldi bat datorrela esan eta itxaropen inoperantean gelditu, esperoan. Bitartean, eta ikusi nahi duenarentzat, aztarna batzuk ari dira agertzen beraien lanetan. Ez ditu denak su berdinak berotzen.

        Independentzia eta Sozialismoa esan zen eguna ere mirakulosa izan arren, ez da azaldu egun berri horri legokiokeen literatura berria, oraino. Baina ez naiz ni hasiko atzetik datozkidan lumalariei kontu eske, aurreko belaunaldiak idazteari ia osotoro utzi dionean, gure iraultza-teorikoak —eta ez hain teorikoak— les stratèges du café du Commerce bihurtu zaizkigunean, euskal politikak erdibidean alto egin duenean. Politikan ezin omen da oro-gal jokatu, lorketa minimoen eremua omen politikagintza. Baliteke, politikan inportanteena ez galtzea izatea. Baina kulturan, galtzea dena ez irabaztea da: ez dago erdibiderik.

        Euskal literaturaren mando hilari labanazoka ari den multzo gazte horretan gazteena Alex Azkue, urteterdiko itxoinaldia egin duen liburu-esperantza honekin. Eta gaztea izatea bertute bat du, bestelako bertuterik ere baduelako.

pasaian, I-81

 

 

© Alex Azkue